ERCk Pedro Sanchez estu hartu du orain

ERCk, Espainiako presidenteari iritzia aldarazi, eta bi gobernuen mahaia Kataluniako hauteskundeen aurretik osatzera behartu du

Pedro Sanchez eta Quim Torra Madrilen bildu ziren egunean, 2018ko uztailaren 9an. FERNANDO CALVO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
ERCk eta beste alderdi batzuek emandako babesagatik da Pedro Sanchez Espainiako presidente. Hari mehe baten gainean dabil, eta atzo hari hori ebakitzeko arriskua egon zen. Izan ere, Sanchezek goizean iragarri zuen Kataluniako hauteskundeak egin arte ez zuela deituko ERCrekin PSOEk adostu zuen bi gobernuen arteko negoziazio mahaira. ERCk berehala erantzun zion, eta gogorarazi mahairik gabe ez duela aginterik edukiko.

Atzo goizeko kontuak izan ziren horiek, baina, arratsaldean, Sanchezek iragarri zuen iritzia aldatu zuela: «Inork ez dezala zalantzan jarri hitz egiteko dugun borondatea. Hitza beteko dugu ERCrekin adostu genuen horretan». Iritzia aldatu aurretik, Gabriel Rufian ERCko diputatuarekin bildu zen, eta Espainiako aurrekontuei babesa ez emateko aukera aipatu zion hark. Kontuak kontu, Sanchezen baieztapena ez zen oso indartsua izan: «Kataluniako hauteskundeak aurreratu izanak ez du baldintza egokirik sortzen bi gobernuen arteko elkarrizketei ekiteko».

Sanchezek eutsi egin dio, era berean, Quim Torrarekin datorren ostegunean izango duen bilerari, «bi administrazioen arteko harremana ezin delako eten, Kataluniako gizarteak badituelako premiazko arazoak, Gloria ekaitzak eragindako kalteen ingurukoak, adibidez». Torrak erantzun zion beste eduki batzuen bueltan aritu nahi duela: «Sanchezek autodeterminazio eskubideari eta preso katalanen amnistiari buruz hitz egingo duela espero dut, baita errepresioa amaiarazteaz ere, orain arteko solasaldietan horretarako borondatea azaldu baitit».

Bi gobernuen arteko mahaiaz honako hau esan zuen: «Ez badago oinarririk aurrera egiteko, bermerik gabeko elkarrizketa bat izango da, eta hala esango diet alderdi independentistei». Sergi Sabria ERCko talde parlamentarioko presidenteak ere mintzagai izan zuen datorren asteko bilera hori: «Eskatzen dugu bi presidenteen arteko bilkura horretan berehala jartzeko data gobernuen arteko mahaia abian jartzeari». PDeCATeko presidentea ere mintzatu zen gai horren inguruan; David Bonvehik esan zuen «inolako aitzakiarik ez» dagoela elkarrizketa atzeratzeko, ematen duen arren Espainiako Gobernua «nagi» dabilela Generalitatearekin hitz egiteko: «Hitza bete behar du».

ERCn bi iritzi bozei buruz

Herenegun, Torrak iragarri zuen aurreratu egingo dituela Kataluniako hauteskundeak, eta ERC gobernukideak ez ditu gauzak garbi bozen inguruan. Marta Rovira idazkari nagusiak atzo adierazi zuen ez datorrela bat deialdiarekin: «Ez da momentua independentismoaren hausturan oinarrituta dauden hauteskunde batzuetara deitzeko, independentismoa ahuldu egiten duelako, eta desmobilizatu». Torrari aurpegiratu zion ez ziola ezer galdetu ERCri hauteskundeak aurreratzeaz. «Ez dut ulertzen zergatik bultzatu den haustura, jakinik bozen ondoren elkar ulertu beharko dugula berriz», gaineratu zuen. ERCk baztertu egin du hiruko pakturik egitea beste alderdiekin.

Iritzi hobea azaldu zuen, aldiz, Pere Aragonesesek, Generalitateko presidenteordeak eta ERCk koordinatzaileak: «Independentismoaren barruko kontsentsua indartzeko aukera ona dira hauteskundeak». Hori lortu ondorengo urratsak zein izan izan daitezkeen ere iragarri zuen: «Autodeterminazio eskubidearen aldeko alderdiak indartuko gaitu, eta gero letozke independentzia erreferenduma eta errepresioaren amaiera». Raul Romeva preso dagoen kontseilari ohi eta ERCko kidearen iritziz, aldiz, «independentismoaz haragoko kontsentsuen bila joan behar da, aukerak sortuz».

Hain zuzen, Romeva, Oriol Junqueras, Josep Rull, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Jordi Sanchez presoek Andoni Ortuzar EAJko presidentearen bisita jaso zuten herenegun Lledonersko kartzelan. Aitor Esteban diputatua eta Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea ere presoak bisitatzen izan ziren han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.