Javi Calleja: «Alavesen taldea Lehen Mailakoa dela garbi daukat»

Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Alavesek atzo aurkeztu zuen entrenatzaile berria: Javi Calleja (Madril, 1978). Espainiako liga amaitzeko geratzen diren hamar partidetarako lana izango du hasieran, klubak tratua luzatzea gustatuko litzaiokeela azaldu bazuen ere atzo, Sergio Fernandez kirol zuzendariaren hitzetan. Entrenatzaile berriak argi eta garbi esan zuen zer-nolako taldea daukan bere aginduetara: «Lehen Mailakoa da, oso garbi daukat hori». Oraingoz hala denik ezin zaio ukatu, Lehen Mailan dagoelako, nahiz eta azkena izan sailkapenean, mailari eusteko lehen lekutik hiru puntura. «Ez genuen zalantzarik egin Alavesen eskaintza onartzerakoan», gaineratu zuen Callejak. Ez dator bakarrik, bigarren entrenatzaile Quique Alvarez, Jose Romero prestatzaile fisikoa eta Luismi Lori analista ere taldera batu baitira.

Callejak zehaztu zuenez, lehen lana izango da jokalariek «konfiantza berreskuratzea». Gehitu zuen denak hartuko dituela aintzat, Lucas Perezi buruz galdetu zitzaionean: «Guztien beharra izango dugu». Ligari dagokionez, adierazi zuen «oso parekotasun handia» dagoela.

Fernandez kirol zuzendariak, berriz, bere gain hartu zuen taldearen ibili kaskarra: «Onean eta txarrean, neu naiz erantzulea». Indarra eman nahi izan zien jokalariei: «Oraindik ezin da esan porrot egin dutenik. Denok eman behar dugu onena egoera txar hau onbidean jartzeko. Elkarturik egon behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.