Txomin Perurena

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.

JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria - Ainara Arratibel Gascon
2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Txomin Perurenak 158 garaipen lortu zituen bere kirol ibilbidean. Baina beste garaipen handiago bat lortuta joan da: ezagutu zutenen maitasunarekin. Bai errepidean, bai autoan, baita telebista edo irrati estudioan ere harekin aritu zirenek zuen «gertutasuna» nabarmendu dute, eta, noski, txirrindulari zein zuzendari gisa egin zuen lana. Perurena atzo hil zen, 79 urterekin.

Ikusi gehiago:Argazki galeria

Penaz mintzatu da Marino Lejarreta txirrindulari ohia. «Ondo zegoen, eta gaixotasunak denbora gutxian eraman du». Zazpi urtez izan zuen zuzendari. «Bizitasun handiko pertsona zen, gertukoa, alaia eta oso baikorra. Errieta egin behar zizunean, egiten zizun, baina aldi berean asko erakusten zizun, eta beti zegoen laguntzeko prest. Oso harreman ona izan genuen». Ondorengo belaunaldiekin egin zuen lana ere goraipatu du. Euskaltel-Euskadiko lehen zuzendaria izan zen. «Erreferentzia bat zen, eta zuen ezagutzari eta gertutasunari esker, belaunaldi berri horretako txirrindulariak bere ingurura erakartzen jakin zuen. Proiektua ezin hobeto eraman zuen aurrera».

Txirrindulari moduan zuen «indarra eta abiadura» nabarmendu ditu. «Gai izan zen klasikoak irabazteko, baina baita Tourreko mendiko sailkapena ere. Horrek erakusten du txirrindulari osoa zela, talentu handikoa eta irabazle petoa». Garaipen horiek, gainera, txirrindularitzak gaur egungoarekin zerikusia ez zuen garai batean lortu zituen. «Orduan bizikletak ez ziren gaur egungoak bezalakoak. Ez zegoen egungo teknologiarik. Prestakuntza ere oso diferentea zen. Txirrindularien prestakuntza lasterketetan izaten zen. Gainera, orain baino lasterketa gehiago korritzen zituzten». Lejarretaren anaia Ismaelek harekin korritu zuen, eta gogoan du zer esaten zion Perurenari buruz: «Taldearen zuzendaria zen errepidean, inork baino hobeto aztertzen zituelako etapak».

Merckxen aroan garaile

«Oso triste» zegoen Mikel Astarzola txirrindulari ohia ere. «Egun tristea da gaur euskal txirrindularitzarentzat; onenetako bat joan zaigu. Oso penatuta nago». «Zoritxarrez» ez zuen txirrindulari moduan ezagutu, baizik eta esatari moduan Euskadi Irratian. «Oso irekia zen, maitekorra eta zoragarria. Ez zinen nekatzen haren anekdotak entzuteaz». Astarlozak nabarmendu du Perurenak «pasioz» bizi zuela txirrindularitza. «Pentsa, bizi osoa eman zuen hari lotuta, errepidea utzi zuenean autotik edo estudiotik aritu baitzen hura jarraitzen. Bitxikeria gisa, duela bizpahiru urte Girora joan zen bizikleta elektriko batekin Mortirolo igotzera».

Esatari lanetan ari zenean, «asko» ikasi zuen harengandik. «Bikote ona osatzen genuen; berak eskarmentutik hitz egiten zuen, eta nik errepidea berriki utzi izanaren ikuspegitik». Errepidean ez zuen sekula ikusi, baina, ikusitako bideoak eta entzundakoak kontuan hartuta, haren bi ezaugarri nabarmendu ditu: «zituen dohain fisikoak, eta zein bizkorra zen etapetan zer gertatuko zen aztertzeko orduan».

Hamasei urteko ibilbide luzea egin zuen bizikleta gainean (1963tik 1979ra), eta hainbat lorpen eskuratu zituen, besteak beste KAS, Fagor eta Orbea taldeekin. 158 garaipen lortu zituen guztira, baina esanguratsuenak Espainiako Vueltan, Euskal Herriko Itzulian eta Italiako Giroan lortu zituen. Hamabi eskuratu zituen Vueltan, 11 Itzulian, eta bi Giroan. Espainiako Vuelta irabaztear izan zen 1975ean, eta laugarren, bosgarren eta seigarren ere izan zen 1977an, 1974an eta 1972an, hurrenez hurren. 1974an mendiko sailkapena irabazi zuen Frantziako Tourrean.

158 garaipen horiek balio handia daukate, ez baitzituen edonolako aurkariak izan. Txirrindularitzaren izar handienetako baten garaia zen: Eddy Merckxena. Belgikarraren nagusitasuna ikustekoa zen, baina Perurenak begietara begiratzen zion KAS talde historikoko taldekideen laguntzaz. Garaipenen marka ere ez da nolanahikoa. Perurenaren marka sei ziklistak soilik hobetu dute historian: Eddy Merckxek (283), Rik van Looyk eta Mark Cavendishek (162), Mario Cipollinik (161), Roger de Vlaeminckek (161) eta Sean Kellyk (159).

Lehen pausoak afizionatuetan eman zituen, eta Fagor taldearekin igaro zen profesionaletara, Pedro Matxainekin. Txirrindulari moduan hainbat diziplinatan nagusitzeko gai zen Perurena. Esprintean irabazi ohi zituen etapa gehienak, baina mendate luze zein motzetan ere oso trebea zen. Espainiako Vueltan hamabi etapa irabazteaz gain, errekor bat ere badauka. Espainiako Vuelta irabazi gabe liderraren maillota egun gehienetan jantzi duen txirrindularia da. Oiartzuarrak 31 egunez jantzi zuen orduko maillot horia, baina ez zuen lortu Vuelta irabazterik. Hiru itzuli handietan parte hartu bazuen ere, 1975eko Vuelta izan zuen horietako bat irabazteko aukera. Baina Agustin Tamamesek eskuetatik kendu zion azken etapan. Donostian amaitu zen erlojupekoan hamalau segundoren aldearengatik galdu zuen Vuelta.

Erretiroa hartu zuenean, txirrindularitza munduan jarraitu zuen urte mordo batez. Orbean, Caja Ruralen eta Euskadi Fundazioan —Euskaltel-Euskadi izan aurretik— zuzendari izan zen. Bi Espainiako Vuelta irabazi zituen zuzendari postuan: lehenengoa, Marino Lejarretarekin, Tekan, 1982an; bigarrena, Pedro Delgadorekin, Orbean, 1985ean.

Horrez gain, euskarazko komunikabideetan aritu zen lanean. Besteak beste, Euskadi Irratian aritu zen esatari lanetan. Bestalde, Iragan uztailean omenaldia egin zioten Ordiziako Klasikoaren 99. aldian. Lasterketarekin zeukan lotura eta haren ibilbidea omendu nahi izan zituen Txapelgorri elkarteak. Urtero hartzen zuen parte Ordizian, eta hiru aldiz altxatu zituen besoak helmugan; lehenengoz, 1971n.

Txirrindularitza munduaren erreakzioak berehala iritsi ziren atzo. Euskal Herriko Itzuliak txio batean nabarmendu zuen«Euskadiko txirrindularitzaren alde asko egin» zuela. Movistarrek ere azpimarratu nahi izan zuen Perurenak egindako lana. «Gurearen moduko egiturak hain kirol maitatu batera iristeko lan egin zutenetako bat» izan zela aitortu zuen. Joseba Belokik eta Pello Ruiz Cabestanyk ere oroitu zuten, beste askoren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.