Barbara Latorre. Realeko jokalaria

«Gehiago eskatuko digute orain, baina hori ona da»

Realak sasoi honetarako fitxatutako hiru jokalarietako bat da Barbara Latorre. Denboraldi zaila izan zuen aurreko sasoian, orkatilan eta iskiotibialetan izandako lesioengatik. «Futbolari izateaz eta futbolaz» disfrutatu nahi du berriro ere.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Realak izan zuen Barbara Latorre (Zaragoza, Espainia 1993) fitxatzeko interesa iragan denboraldian ere. Ez zen orduan izan; bai, ordea, honetan. Gaur ekingo dio Gonzalo Arkonadaren taldeak ligari, Valentziaren zelaian (18:00), eta onena emateko prest dago aurrelaria. Ana Tejada eta Lucia Rodriguez dira talde txuri-urdinak sasoi honetarako fitxatu dituen beste bi jokalariak.

Azken denboraldi gogoangarria ren ostean, zer aldarterekin helduko dio taldeak sasoi berriari?

Ilusio handiarekin. Taldeak Espainiako Kopa irabazi zuen, eta oso joko bolada onarekin amaitu zuen denboraldia. Sasoi-aurrean dinamika edo joera horri eutsi diogu, eta horrek konfiantza handia ematen digu.

Dinamika horri eustea duzue lehentasuna?

Bai, zalantzarik gabe. Denboraldi-aurrean ongi sentitu gara, eta ondo hasteak konfiantza areagotzen lagunduko digu. Funtsezkoa izango da hazten segitzeko, hori baita gure helburua.

Valentzia, Levante, Betis... Ez duzue hasiera erraza, aurreko sasoian goian ibili ziren taldeak baitira. Nola ikusten duzu hori? Gehiago motibatzen al zaituzte horrek?

Argi dago ez dela erraza izango; are gutxiago, denboraldi hasiera honetan. Izan ere, talde guztiak egokituz goaz, eta ez dakigu zertan aldatuko diren aurkariak aurreko sasoiarekin alderatuz. Baina guk garbi dugu nortzuk garen, eta gauzak argi ditugu. Hori da garrantzitsuena.

Kopa irabazi eta gero, aurkariek gertuago zainduko zaituztela uste duzu?

Beharbada, bai. Horrek alde onak eta txarrak ditu. Batetik, zailagoa izango da kontrarioak ezustean harrapatzea; baina, bestetik, kontrarioek errespetu handiagoa izango digute, eta hori egindako lan onaren emaitza da. Baina bata izan edo bestea izan, horrek bultzatu eta behartuko gaitu gehiago ematera, eta hobetzen segitzeko aurrerapausoak ematera.

Baina, aldaketaren bat egin beharko duzue aurkariak ezustean harrapatzeko?

Nik uste dut aurreko sasoiko bidea aproposa dela. Orduan ezarritako zutarriak sendoak dira, eta horiek indartzen jarraitu behar dugu: are ausartagoak izan, zalantzak ez eduki, okerretatik ikasi... Uste dut horrek guztiakkoska bat gorago egon daitezkeen aurkarien kontra nor baino nor gehiago lehiatzen lagunduko digula. Izan ere, futbolean garrantzitsua da irabaztea, baina baita lehiatzen jakitea ere, horrek eramaten baitzaitu azken batean garaipenera. Garai zailetan hori da garrantzitsuena.

Aurreko denboraldia horren ona izan eta gero, exijentzia maila igo daiteke? Nola kudeatu dezake hori taldeak?

Titulu bat irabazi eta gero, oharkabean igo egiten da gorenean segitzeko exijentzia maila. Irabaztea erraza da, baina zailena hor jarraitzea da. Hor dugu erronka. Baina uste dut taldeak badakiela, eta positiboa dela. Horrek indarra emango digu, hobetzen segitzeko. Ez gaitu beldurtzen; ona da.

Egin daiteke amets beste titulu bat irabaztearekin?

Euskal Herria kopa irabazia dugu jada. Denboraldi hasiera da, eta ez diogu ezeri uko egiten. Dinamika honekin jarraituz gero, uste dut talde honek gauza handiak lor ditzakeela.

Eskarmentua zuten hiru jokalarik utzi dute taldea: Sandra Ramajok, Cristina Pizarrok Chini-k eta Paola Soldevilak. Horrek eragina izan dezake?

Talde guztietan izaten dira aldaketak denboraldi bakoitzetik bestera. Jokalari oso garrantzitsuak ziren, baina, haien ereduari jarraitu, eta lanean nahiz borrokan segitu behar dugu. Gainera, nahiz eta talde gaztea izan, kluba oso barrutik bizi izan duten jokalari asko daude taldean. Burua bere tokian duen taldea gara.

Valentzia izango duzue gaur lehen aurkaria. Zer traza hartzen diozu partidari?

Bi taldeak oso lehiakorrak eta borrokalariak gara, eta, lehen partida izanda, aurreikuspenak handiak dira. Baina haiek egin dezaketenetik harago, gu hasieratikpartidaren bila joango gara. Aurreko sasoian bezala, jokoaren ekimena izaten ahaleginduko gara, eta erasora jokatzen, atzean sendo egotearekin batera.

Nor ikusten duzu faborito liga irabazteko? Eta nor izan daiteke ezustea?

Bartzelonak lau sasoi daramatza liga irabazi gabe, eta, nola indartu den ikusita, faborito izan daitekeela uste dut. Ezustea, berriz, ea gu garen. Gauzak oso ondo egiten ari gara, eta espero dut gu izatea.

Taldeak fitxatu dituen hiru jokalarietako bat zara, Ana Tejadarekin eta Lucia Rodriguezekin batera. Nola doa orain arte zure egokitzapena?

Ondo. Taldea, bai kirol mailan baita pertsonalki, bikaina da. Gauzak oso erraz jarri dizkidate, eta bizkor ari naiz egokitzen. Egunero ari naiz lanean nire onena emateko, eta taldearen jokoan nire hondar alea jartzeko. Ahal dudan gehiena lagundu nahi dut.

Zerk harritu zaitu gehien lehen aste hauetan?

Jokalarien artean giro ona dagoela. 22 futbolariz osatutako multzo batean oso zaila da denak elkarrekin ondo eramatea, eta, kasu honetan, giro paregabea dago taldean. Eta hori, gero, zelaian islatzen da.

Gonzalo Arkonada zer ari zaizu eskatzen lehen aste hauetan?

Gauza zehatzik ez. Une oro gure onena emateko eskatzen digu jokalari guztioi, eta erakusten digu uste osoa duela gugan. Horrek laguntzen digu ausartagoak izaten. Izan ere, entrenatzailearen babes hori gabe, ziurrenik, jokalariak gauza gutxiago egiten ahaleginduko ginateke, eta zalantza gehiago izango genituzke.

Bartzelona uzten zenuela iragartzeko eskutitzean zenioen «aldaketa bat» behar zenuela. Lehen aste hauek pasatu eta gero, Reala aldaketa hori lortzeko lekurik aproposena dela uste duzu?

Zalantzarik gabe. Hilabete eskas daramat hemen, baina jada esan dezaket erabakirik aproposena hartu dudala. Bartzelona uzteko erabakia hartu nuenean bilatzen nuena topatzen ari naiz hemen.

Zer, zehazki?

Aurreko sasoia oso zaila izan zen niretzat, orkatiletako eta iskiotibialetako lesioengatik. Neure buruan konfiantza apur bat galdu nuen, eta hori berreskuratu nahi nuen. Baina, batez ere, berriro ere futbolaz eta futbolari izateaz disfrutatu nahi nuen. Helburu horrekin hasi nintzen futbolean jokatzen, eta horretan jarraitu nahi dut.

Nola daude orkatila horiek?

Ondo daude. Denboraldi-aurrean ohikoak diren gainkargetatik harago, ez dut arazorik izan, eta hala jarraitu nahi dut.

Hazi ere egin nahi zenuela esan zenuen. Nola lor dezakezu hori Realean?

Ikasteko gogoa edukita eta buruan gauza bakarra izanda: hobetzea. Leku berri batera iristean,egunerokoak egoera berrietan jartzen zaitu, bai kirol mailan, baita pertsona gisa ere. Hortik dator hobekuntza eta hazkundea. Taldearekin batera hobetu eta hazi nahi dut, eta nire onena emango dut horretarako.

Asko kostatu zitzaizun etortzeko erabakia hartzea?

Ez zen erraza izan, gauza asko uzten nituelako Bartzelonan. Baina denbora neraman horretan pentsatzen, aipatu bezala, argi nuelako aldaketa bat behar nuena. Eskaintzak izan nituen, besteak beste Realarena. Aurreko sasoianere interesa izan zuten ni hona etortzeko. Nigan konfiantza osoa zutela ikustea, eta Gonzaloren eta Garbiñeren [Garbiñe Etxeberria kirol zuzendaria] deia erabakigarriak izan ziren. Lekurik onena aukeratu dut, eta konfiantza horri erantzuten ahaleginduko naiz.

Taldeak Kopako finala irabazi izanak eragina izan zuen zuen erabakian? Non ikusi zenuen finala?

Etxean ikusi nuen, familiarekin. Behin ere ez zuten amore eman, eta horrek egin zituen txapeldun. Ni hona etortzen lagundu zuen Kopa irabazteak, noski, baina ez zen erabakigarria izan. Gauza askok ekarri ninduten hona; baina, batez ere, azken sasoietan egiten ari diren lan onak.

Nahikari Garciarekin jokatzeko irrikaz zinela esan zenuen aurkezpenean. Nola da harekin jokatzea?

Nahikarirekin eta taldeko jokalari guztiekin jokatzea ederra da. Oso onak dira. Taldean elkartasun handia dago, eta guztiek sentitzen dugu garrantzitsuak garela. Hori funtsezkoa da emaitza onak lortzeko, eta partidak irabazteko.

Zer eman diezaiokezu zuk taldearen erasoko jokoari?

Joko zuzena eta aurkariei izkin egiteko gaitasuna. Horiek dira nire jokatzeko eraren ezaugarri nagusiak. Baina defentsako lanean ere eman nahi dut neure onena, eta taldeari ere horretan lagundu.

Zer moduz zaude hirian?

Oso gustura. Pixkanaka txoko desberdinak ezagutzen ari naiz, eta ederra da. Lasai egotea gustatzen zait, eta, eguraldi ona eginez gero, osteratxoak egitea eta hondartzara joatea. Oraingoz, lasai egin dezaket hori, jende askok ez nauelako ezagutzen. Baina taldekideren batekin noanean, izugarria da zenbat ezagutzen eta maite dituzten. Erreferente bihurtu dira, eta haiek egindakoari balio handia ematen diote zaleek. Horioso inportantea da egunerokoan aurrerapausoak ematen segitzeko.

Asko aldatzen da egunerokoa Bartzelona taldean jokatzetik Realean jokatzera?

Aldaketa batzuk daude, baina ez oso handiak. Izan ere, profesionalizazioaren bidean, Reala urratsak egiten ari da. Adibidez, goizez entrenatzea oso inportantea da. Bestalde, azpiegitura eta osasun zerbitzu aldetik ere puntan dabil. Baliabiderik onenak jartzen dituzte gure eskura. Beraz, alde horretatik ere ez dut desberdintasun handirik sumatu. Alderik handiena da Bartzelonak beste txapelketa bat ere jokatzen duela: Txapeldunen Liga. Horrek aste batzuetan bi partida jokatzea dakar, eta aldaketak prestakuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.