Arrosadiko bestak

Auzoari erabat emanak

Gaur abiatuko dira Iruñeko Arrosadia auzoko bestak, belaunaldi banatako hiru emakumek suziria botata: auzoaren alde egindako lana aitortu nahi die jai batzordeak emakumeei.

Geno Solano eta Fatima Djarra Iruñeko Arrosadia auzoko bizilagunek botako dute txupinazoa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Auzo, herri zein hiriak, zerbait izatekotan, biztanleak dira. Auzokideek egiten dute auzoa. Hori dela eta, auzoko bestetan, bertako biztanleak izaten dira nagusi. Auzotik eta auzoarentzat, gaur, Iruñeko Arrosadia auzoko bestak abiatuko dira, eta auzokideen errealitatea ederki islatzen duten hiru emakumek botako dute txupinazoa: Geno Solanok, Fatima Djarrak eta gazte mugimenduko neska batek—oraindik ez dute aukeratu—. Hiru belaunaldi ordezkatzen dituzte, eta hiru errealitate. Baina hirurak batzen ditu auzoak eta auzoaren alde egindako lanak.

Ederki ezagutzen du Solanok Arrosadia, 31 urtez bere izena zuen kioskoan lan egin baitzuen. Egun 79 urte ditu, baina auzoari oso loturik jarraitzen du. Garai bateko haurrak gaur egun helduak dira, baina bat bera ere ez du uzten agurtu gabe kalean topo eginez gero. Hala ziurtatu du. Bestelakoa da Djarraren egoera. Bissaun sortu zen, baina Arrosadian bizi da 2008. urtetik. Hasieran ez zuen harremanik auzokoekin: «Normalki, hemengo jendeak ez digu aukerarik ematen, ez zaituzte ezagutzen, ezta atez ateko bizilagunak izanda ere». Baina egoera aldatu egin zen 2014an: auzoko egitasmoetan parte hartzen hasi zen Munduko Medikuen bitartez. Geroztik, gogotsu parte hartzen du auzoan egiten diren egitasmo guzietan.

Suziria botatzeko irrikaz daude Solano eta Djarra. «Arrosadian kanpotik etortzen garenon integrazioa onartzen dute. Niretzat garrantzitsua da auzoko beste bat gehiago bezala onartua izatea, eta, beraz, niretzat ohorea da txupinazoa botatzea», dio Djarrak. Solanori ere «ilusio handia» egin dio proposamenak. Gogoan izan du 1977an omenaldia egin ziotela auzokoek, lore sorta, arku, plaka eta guzti. «Orain ezin dut lehen bezainbeste konpromisorik hartu auzoarekin, adinarengatik», onartu du.

Auzoan aski ongi ezagutzen dute Solano; batik bat, garai batean haurrak zirenek. «Izugarri maite ninduten, eta erabat errespetatu naute». Gogoratu du lehen haurrak kalean hezten zirela, eta «bihurriagoak» ere bazirela. «Haien bigarren ama nintzen». Hala, futbol taldea ere sortu zuen haiekin. Kamisetak erosi zizkien, eta tabernen arteko txapelketan sartu ziren, Geno dendari esker. Hainbat kopa irabazi zituztela azaldu du Solanok. «Erabat murgildu nintzen horretan. Nirea denda bat baino gehiago zen». Hamar urte dira denda utzi zuenetik: egun, itxita dago.

Beranduagokoak dira Djarraren auzoko bizipenak. Geno itxita zegoen auzoan inplikatzen hasi zenean. Munduko Medikuak eta Flor de Africa elkarteen bidez egin zuen. Gogora ekarri du auzoko Zabaldi elkartearen «eskuzabaltasuna», hilean behin Afrikako gastronomia ezagutarazteko bazkariak egiten baitzituzten han. Proiektu hori berpiztu nahiko lukeela aitortu du Djarrak. Bazkariek auzoko kulturen arteko loturak egiteko balio zuten. Bestelako egitasmoetan ere parte hartu du: adibidez, aurten, Baltasar erregearen rola jokatu du.

Auzoan lanean ari denez gero, ez ditu Arrosadiko bestak inolaz ere galduko. «Partekatzea maite dut, eta auzoko jendea ezagutzea: San Fermin peñakoak, Zabaldikoak... Hemen bizitzea gustatzen zait». Solanak ere ez ditu galtzen, nahiz eta dantzaldira joateari utzi dion. «Ez nago sasoiko». Baina beste jarduera batzuetara joaten da, eta etxetik ere gozatzen du. «Zoratzen nau fanfarrea etxe azpitik pasatzeak».

Asteburu osoko bestak

Igandera arte hainbat ekitaldi antolatu ditu jai batzordeak. Berritasunak ere badira: haurrentzako espartar oztopo lasterketa, bideo laburren lehiaketa eta Buildering topaketa. Aurten, bigarrenez antolatu dute esku-pilota erakustaldia, eta, igandean, elkartasun babarrun-jana eginen dute. Ohiko ekitaldiak ere izanen dira: bazkariak, kontzertuak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.