Santakrutzak Andoainen

Auzoen arteko herri kirolen ligak aurrera jarraitzen du festetan

Andoaingo bost auzok hartzen dute parte urtean zehar egiten den ligan. Auzokideek ez dakite hurrengo urtean ligarik egingo den

Sorabilla auzoan egin zituzten azken probak iaz. EKAITZ OLLO.
Andoain
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Iaz antolatu zuten lehen aldiz Andoaingo (Gipuzkoa) auzoen arteko herri kirolen liga, eta gaur lehiatuko dira, Santa Krutz auzoan, 19:00etan. Izatez, zazpi auzo ditu herriak, baina bostek lortu zuten taldea osatzea, eta horiek izango dira gaurko txapelketan ere.

Ekaitz Ollo da Santa Krutz auzoko biztanle gisa herri kirolen ligan parte hartzen dutenetariko bat. Azaldu du orain dela bi urte festetan egindako aizkora apustu baten harira antolatu zutela herri kirolen liga, arrakasta «handia» izan zuelako lehenengo horrek. Halere, liga martxan jarri baino lehen, zenbaitek giza probetan ere hartu zuten parte: «Andoainen, Grosen eta Intxaurrondoren arteko giza probak antolatu zituzten, eta herri kirolekin jarraitu nahian antolatu ziren auzoen arteko herri kirolak», azaldu du Ollok. Santa Krutz, Buruntza, Etxeberrieta, Sorabilla eta Goiburu dira parte hartzen duten auzoak, eta auzo bakoitzeko jaietan egiten dituzte probak. «Probetan izaten dira txingak, ingudea, zaku lasterketak... Santakrutzetan trontza, ingudea eta ergometroa izango ditugu», esan du Ollok. Andoaingo bizilagunak nabarmendu du saiatzen direla probak«ahalik eta parekideenak» izaten, baina azaldu du desoreka dagoela nesken eta mutilen arteko parte hartzean: «Oso zaila izaten da probetan parte hartzeko prest dauden neskak aurkitzea».

Antolatzaileek ez dakite datorren urtean auzoen arteko hirugarren herri kirolen liga antolatuko duten: «Nekagarria da etengabe jendearen atzetik ibili behar izatea», aitortu du Ollok. Halaber, zenbait auzotan egin diren probek oso ondorio positiboak izan dituztela azaldu du: «Buruntzaren kasuan, esaterako, jende asko hurbildu zen probak ikustera. Ohi baino jende gehiago zegoen festetan, eta hori pozgarria da».

Saria ere izango dela azaldu du Ollok: «Auzo bakoitzak 100 euro jartzen ditu, eta bildutakoa talde irabazleari ematen zaio, afari polit bat egiteko edo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.