ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Ostadarra nobel sarietan

2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Salbuespenik ez arau zaharretan. Izenburu hori zuen iaz garai honetan idatzi nuen zutabeak. Izan ere, beste behin, Nobel sarien batzordeak arau zaharrak berretsi zituen, aukeratu zituen sarituen bidez: denak ziren gizonak; denak ikerketa-zentro eta unibertsitate elitistetakoak; eta, jatorriz, Mendebaldekoak (inoiz ez dute afrikar jatorriko zientzialaririk saritu).

Genero eta jatorriari dagokionez, aurten ere ia ez da salbuespenik izan, emakume bakarra saritu baitute, eta guztiak dira zuriak eta AEBko edo Europako zentroetakoak. Baina Fisiologia edo Medikuntzan saritu duten ikertzailea, neurri batean, ateratzen da Nobel saridunen estereotipotik. Hain zuzen, bisexuala dela adierazi zuen 2014an, Gizon neandertala, genoma galduen bila liburu autobiografikoan. Orain arte, jakinda behintzat, ez da heteroarautik kanpo dagoen zientzialaririk saritu Nobeletan.

Svante Pääbo izena du sarituak, eta paleogenomikaren sortzaile izateagatik saritu dute. Hau da, fosilen informazio genetikoa erauzi eta analizatzeko metodoak garatzeagatik. Besteak beste, neandertalen genoma sekuentziatzea lortu zuen, eta hala jakin zen neandertalak sapiensen ahaideak zirela. Horrez gain, ordura arte ezagutzen ez zen gizatalde bat eman zuen ezagutzera: denisovarrak. Gaur egun desagertuta dauden giza taldeak gure antzekoak zirela eta haien artean nahasten zirela erakutsi duen zientzialariak eraman du, beraz, dibertsitatea Nobel sarietara.

Are aipagarriagoa da Carolyn Bertozzi saritu izana, lesbiana eta ama baita, eta eredu ezaguna LGTBIQ+ komunitate zientifikoan. Azken urteotan, maiz entzun da haren izena Kimikako Nobelaren hautagai gisa, zelula bizidunen barruan erreakzio kimikoak egiteko garatu duen metodoarengatik. Haren bidez, diagnostikorako eta tratamendurako bide berriak sortu dira, adibidez, minbiziaren aurka. Baina lorpen zientifikoengatik bezain ezaguna da dibulgazioan, aktibismoan eta ikertzaile gazteei laguntzen egiten duen lanarengatik.

Eremu zientifikoan dagoen lehiakortasunari eta bazterketari aurre egin dio Bertozzik, eta horregatik zen ezaguna baita Ben Barres neurozientzialari transa ere. 2017an hil zen, 63 urterekin, pankrea-minbiziak jota. Ez zuen Nobel saririk jaso, baina neurozientzialari bikaina zen: gliaren gurua deitzen zioten, haren lana funtsezkoa izan baitzen garuneko zelula mota horiek ezagutzeko.

Bada, jaio zenean, Barbara deitu zioten, eta jada ikertzaile zela hartu zuen Ben izena. Jardunaldi zientifiko batzuetan, ikertzaile batek Ben entzun zuen hitzaldi bat ematen, eta, Barbararen anaia zelakoan, Ben arreba baino zientzialari hobea zela adierazi zuen. Genero-bazterkeria bere azalean bizita, emakumeen eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde egin zuen, bizitza pertsonalean ETA akademikoan.

Horregatik da garrantzitsua Nobel sariek eta halakoek dibertsitatea aintzat hartzea: denek izan behar dutelako eskubidea beren ibilbidean aurrera egiteko eta aitortza jasotzeko. Eta, gainera, ikerketek frogatu dute zenbat eta dibertsitate handiagoa izan talde batean orduan eta emaitza hobeak eta eraginkorragoak lortzen direla. Hortaz, ongi etorria izan bedi dibertsitatea Nobel sarietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.