Buru argiko bi leiho

Betaurreko adimendunak sortu ditu Donostiako Opera Touch enpresak, operara joatean ikusleak informazio gehiago izan dezan.

Txomin Martin eta Ainhoa Garmendia Opus Liricako kideak, eta Xabier Zatarain Opera Toucheko ordezkaria. J.C. RUIZ / ARP.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Arazoei aurre egiteko sortzen dira asmakizunak. Eta Opera Touch enpresak detektatu du opera ikuskizunetan badela hobetu daitekeen kontu bat. Emanaldiak jatorrizko hizkuntzan izan ohi dira; gehienetan, italieraz edo alemanez. Orduan, trama ulertu ahal izateko, itzulpenak jartzen dituzte agertokiaren goiko aldeko pantaila batean. Horrek, ordea, burua gora eta behera mugitu beharra dakar, ikuskizuna eta itzulpena biak ikusi nahi badira. Erosotasun falta dela eta, hori desagerraraziko duten betaurreko adimendunak sortu ditu enpresak. Donostiako Opus Lirica operaren La Traviata ikuskizunean estreinatuko dituzte, otsailaren 19an (20:00) eta 21ean (19:00), Kursaalean. «Unibertsoan lehen aldiz erabili ahalko dira betaurreko horiek», Txomin Martin Opus Liricako presidentearen arabera.

«Sistema honekin posible da azpidatziak ikus eremu barnean edukitzea», azaldu du Xabier Zatarain betaurrekoen sortzaileak. Izan ere, publikoak opera ikusten ari den une berean irakurri ahalko ditu itzulpenak betaurrekoen bidez, burua mugitu beharrik gabe. Betaurrekoen pantailen beheko aldean irakur daitezke azpidatziak, eta goiko aldetik ikuskizuna ikusi. «Askoz erosoagoa da, bestela ezin baituzu arreta jarri agertokian», erantsi du Zatarainek. Hiru hizkuntzatan dago itzulpenak irakurtzeko aukera: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. «Aukera bat da turista asko dituen hiri batentzat. Euskara eta gaztelania ulertzen ez dutenek ingelesez irakurri ahal izango dituzte azpidatziak. Hori orain arte ez zen posible», azaldu du Ainhoa Garmendia Opus Liricako zuzendari artistikoak.

Gainera, sistema beraren bidez, abestien partitura ikus daiteke betaurrekoen pantailetan. Musikan adituak direnentzat pentsatu dute hori; eta, adituak ez direnentzat, tramaren inguruko informazioa jarri dute, istorioa ri jarraitu ahal izan diezaioten. «Operara joateko beldurra dutenentzat ere balio du; laguntza bat da joan daitezen», esan du Zatarainek.

Emozioak adierazteko aukera ere ematen dute betaurrekoek, oihurik ezin baita egin abeslariak kantuan ari diren bitartean. Bravo! sistema digitala sortu dute, eta, horren bidez, txio automatikoa sortzen da norbere Twitter kontuan: Kursaalean dagoela eta Opus Liricaren eskutik La Traviata entzuten ari dela dioena.

Oraingoz, proba bat

Oraingoz, 50 betaurreko ekoitzi dituzte. Horietako 25 Sony markakoak dira, eta beste 25, Epson etxearenak. Betaurrekoak bere hartan aurrez asmatuak ziren; aplikazioa da Opera Touch enpresak sortu duena. Aplikazioa betaurrekoekin soilik eskura daiteke; betaurrekoak eros daitezkeen arren —batez ere, industrian erabiltzen dira—, aplikazioa eta sinkronizazio sistema ez daude eskura merkatuan.

Betaurreko adimendunak alokatzeko aukera izango dute interesa dutenek otsailaren 19ko eta 21eko Opus Liricaren emanaldietan. Egun bakoitzean, 50 betaurreko egongo dira eskura, Kursaalean bertan. Ondoren, probatu dituztenek inkesta bat beteko dute, haien iritzia zein den jakiteko. «Arrakastaren arabera» erabakiko dute gehiago ekoitziko dituzten edo ez, baina iragarri dute dagoeneko interesa agertu dutela Bartzelonako Lizeoak, Bilboko Abao operak eta New Yorkeko Metropolitan Opera Housek. Oraindik zehazteke dute zein izango den betaurrekoen prezioa, baina aurreikusi dute hamar eta hamabost euro bitartean ordaindu beharko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.