Pandemia urtearen osteko planak

COVID-19aren pandemiak markatu du 2020a. Urte berria, baina, bide berriak arakatu edo erdibidean lagatako zenbait berriro hartzeko urtea izan daiteke. Kontzertuak, bertso saioak, bidaiak eta Olinpiar Jokoak dira hainbat arlotako profesionalek buruan dantzan dituzten nahietako zenbait.

CC0.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bukatzear da 2020. urtea; eta eskerrak hala den pentsatuko dute askok. Herritar ororen planak, desioak eta eginbeharrak baldintzatu ditu COVID-19aren pandemiak, eta mundua aztoratu du izurriteak. Milaka dira bertan behera geratu diren ekitaldiak: Olinpiar Jokoak, bertso txapelketak, Korrika, herrietako jaiak, kontzertu birak, antzerkiak... zerrenda bukaezina da.

Martxoan lehertu zen pandemia Euskal Herrian, etxeko konfinamendua ezarri zenean. Zortzi hilabete geroago, eta balizko txertoaren agerpenak bultzatuta, indarrak bildu eta etorkizunera begira jarri dira esparru askotariko profesionalak. Besteak beste, bidaiatzea, plazara bueltatzea eta kontzertuak ematea dute asmo hainbat profesionalek.

KARMELE JAIO Idazlea

«Besarkada eta muxu asko geratu zaizkit emateko 2020an»

Profesionalki, Aitaren etxea eleberriaren sokatik tiraka izan ditu zenbait albiste on Karmele Jaiok 2020. urtean. 111 Akademiaren 2019ko eleberri onenaren saria eta Euskadi literatura saria jaso ditu idazleak, Aitaren etxea eleberriagatik. Horrelakoak ekarri dizkio urteak Jaiori. Urte oparoa izan da literaturaren esparruan, baina oparoagoa ere izan zitekeen: «Bertan behera geratu zen Sant Jordi egunean nire nobela aurkezteko hitzordua, eta Mexikoko Guadalajarako liburu azokan nire partea hartzea online izango da».

Ziztadarik bortitzena, baina, arlo pertsonalean nabaritu du. Amarengan islatua ikusi du pandemiaren aurpegi gordinetako bat. «Zahar egoitzan dagoen nire amaren isolamendu eta beldur hau buka dadila behingoz», hori haren guraria. Aurrera begira jarrita, betikoa eta berria uztartu nahi ditu. Betikoa: «Idazten jarraitzea da nire asmoa, badaukat zerbait hasita, baina oraindik hasita bakarrik». Ez naiz ni liburuko ipuinak ere gaztelaniara itzultzen hasia da. Berria: «Bidaiatzea gustatuko litzaidake, paraje berriak ikusteko gogoa dut». Eguneroko kontaktua falta nabaritu du idazleak; lagun minen falta. «Besarkada eta muxu asko geratu zaizkit emateko 2020an».

AMETS ARZALLUS Bertsolaria

«Bertso plazek noiz eta nolako erritmoa hartuko duten ikusgai dago»

Bertsoari lotua bizi da Amets Arzallus, eta 2020an, plazek, bertso saioek eta txapelketek sekulako zartakoa jaso dute. Irailaren 19an abiatu zen Xilaba Ipar Euskal Herriko bertso txapelketa, eta hilabeteren buruan moztu zitzaien arnasa bertso saioei; final herenetako azken saioa zintzilik geratu zen. Arzallusek kantatzeko aukerarik ez ez zuen izan: «Udazken honetan Xilaba txapelketa genuen, eta ni trenera igotzear nengoenean gelditu zen dena. Bertsolaritzan aztoramen dezente, eta sosegu gutxi 2020an. Eskerrak inprobisatzera ohituta gauden».

Txapelketaren etenak, eta aurretik bizitako bertan behera guztiek begirada lausotu diote bertsolariari; dena da duda. «Urte honek zerbait irakatsi badit bista laburrez jokatzen da, ez dago urrun begiratzerik». Kezka zurrunbilo horretan murgildurik, «zain» dago Arzallus, etenaldia noiz hautsiko esperoan. «Bertso plazek noiz eta nolako erritmoa hartuko duten ikusgai dago». Ezjakintasun horrek bere prestakuntzari buruzko zenbait kezka ere pizten dizkio: «Bertsoak, eta bereziki txapelketako formatuak, mentalizazio lan bat eskatzen du, eta egoera bitxi honetan oso zaila da hori lortzen».

AMAIA URIBE Kazetaria

«Irribarretsu, pandemia gainditu dugula kontatu nahiko nuke»

ETBko korrespontsala da Amaia Uribe AEBetan; eta ezin uka urte berezia izan dela 2020 kazetariarentzat. Mundua astindu duen pandemia bizitzeaz gain, presidentea hautatzeko hitzordua ere izan dute estatubatuarrek aurten, kasurako. Urte «zoroa» izan den arren, profesionalki urte bati «ezin zaiola gehiago eskatu» uste du Uribek. «Pandemia, arrazakeriaren kontrako protestak, hauteskundeak, botere aldaketa Etxe Zurian... profesionalki oso urte bizia izan da, historikoa».

Profesionalki zukua atera dio urteari, baina albo kalte zenbait ere ekarri dizkio. Euskal Herritik 5.700 kilometrotara bizi da, eta distantzia hori laburtzeko modurik ez du izan. «Lehen bidaia Euskal Herrira egin nahi nuke». 2021erako desioa argi du: «Irribarretsu, pandemia gainditu dugula kontatu nahiko nuke».

PELLO REPARAZ Musikaria

«Kontzertuak barra-barra eman nahi ditut urte berrian, etengabe »

Pello Reparaz musikaria ere ezustean harrapatu zuen martxoko itxialdiak. Vendetta taldea desegin ondotik, Zetak talde berriko kide da Reparaz 2019ko azarotik.

Berritasunaren zirrara eta gogo bizia zuzenekoetan lehertzeko urtea izan behar zuen 2020ak, baina ezin. Zetak diskoa aurkezteko sei kontzertu besterik ez zituzten eman. Halere, itxialdiari zukua atera dio musikariak. «Itxialdia heldu zen, eta etxean geldirik geratu beharrean, kantuak sortzen jarraitu genuen; sormen aldetik oso urte produktiboa izan da Zetak-entzat». Hartatik, Zeinen ederra izango den kantua jaio zen, eta izen bereko diskoa ekarriko du 2021ak. Eta disko aurkezpen batek atzetik ekarri ohi duen zuzenekoen bira: «Kontzertuak barra-barra jo nahi ditut urte berrian, etengabe».

Zuzeneko kontzertuetan buru-belarri jardun nahi du Reparazek, baina lagunarteko planak ere faltan sumatzen ditu: «Arbizun lagunekin Aldabide elkartean gosaldu. Gero, autoak hartu eta Iruñera joan. Bertan, pote batzuk hartu eta herrikoan bazkaldu; eta arratsaldean, Labritera joan Joseba Ezkurdiaren partida bat ikustera. Ikaragarri gustatuko litzaidakeen plan bat da hori».

IÑIGO PEÑA Piraguista

«Nire helburua Olinpiar Jokoetara ahalik eta prestatuen iristea da»

Iñigo Peña piraguistak helmuga garbia du 2021erako: Tokioko Olinpiar Jokoak. Urtebete atzeratu diren Olinpiar Jokoak abuztuan izango dira, eta ordura arte ikusten du etorkizuna garbi kirolariak. «Nire helburua Joko Olinpikoetara ahalik eta prestatuen iristea da». Atzerapenak hainbat sentsazio piztu dizkio piraguistari: «Negu partean oso ondo entrenatzen ari ginen, eta martxoko itxialdiak ezustean harrapatu gintuen. Gero, ikusten genuen beste herrialde batzuetan entrenatzeko aukera zutela eta gu etxean geundela, ezin entrenatuz». Atzerapenaren albisteak lasaitu egin zuen Peña, «zama bat» kendu zuen gainetik. «Ikusi nuen berriz ere denbora genuela proba ondo prestatzeko».

Abuztutik aurrera, «merezitako atsedena» hartuko du kirolariak, eta lagunekin eta familiarekin egoteko nahiz bidaiatzeko aprobetxatu nahi du denbora.

MAITE MAIORA Mendi korrikalaria

«Urtarril-otsail ingururako erronka bat prestatzen ari naiz»

Zegama-Aizkorri maratoia (2017), Hiru Handiak (2018), Munduko Txapelketako Skymarathon (2016)... ez dira gutxi Maite Maiora mendi korrikalariak irabazitako lasterketak. Horretarako, mendia egunero zapaltzea izaten da baldintza, korrika aire librean aritzea. 2020ak, baina, horretarako aukera gutxi eta etxean egoteko tarte handia eman dio Maiorari. «Itxialdia dela-eta, bizikletan igota denbora asko pasatu dut». Bizikletari lotuta igarotako denbora horrek, uda partean aspaldi egin nahian zebilen abentura bat gauzatzera eraman zuen: «Zegamatik Valladolidera gelditu gabe bizikletan joan ginen sei lagun uztailean».

Entrenatzeari hala edo nola eutsi ahal izan dio Maiorak; ez, ordea, lasterketei: «Bartzelonako maratoi erdia egin nuen martxoan, eta hortik aurrera pentsatutako ezer ez dut bete». Lau lasterketa gehiago egin ditu ordutik korrikalariak, eta horrek poza ematen dio. «Egindako lasterketa guztiek merezi izan dute». Urte berriari begira, zehaztapenik eman ez badu ere, helburua jarrita dauka: «Urtarril-otsail ingururako erronka berri bat prestatzen ari naiz». Dortsala janztearen «urduritasuna» berreskuratu nahi du.

AIZPEA GOENAGA Aktorea eta zuzendaria

«Asko gustatuko litzaidake zuzendari lanetan aritzea»

Urte gogorra izan da 2020a Aizpea Goenaga aktore eta zuzendariarentzat. Koronabirusaren gaitzat jota utzi zuen Alardea telesaila grabatzen ari zela, eta oraindik ere gaixoaldiaren orbaina nabari du. Halere, baikor begiratzen dio etorkizun hurbilari, eta «gauza pila bat amestu» ditu urte berrirako.: lagunekin egotea, proiektu berriei ekitea, bidaiatzea, irakurtzea... denetik du buruan Goenagak. Arlo profesionalean badabil aktore lanetan, badabil idazten eta beste toki batetik ere jardun nahi du datorren urtean: «Asko gustatuko litzaidake zuzendari lanetan aritzea». Indarrak biltzen ari da orain, ate berriak ireki ahal izateko.

Bidaia bat ere badu buruan bueltaka. «Kalifornian edo New Yorken bolada luze bat pasatzea gustatuko litzaidake, hori da nire ametsetako bat». Izurritearen aurretik ere bazuen asmoa aktoreak, baina aitortu du errealitate berriak plan horren ideia trinkotu duela bere baitan: « Presa pixka bat gehiago sartu zait; pentsatzen hasi naiz agian ez dudala hau utzi behar hozkailuan, eta borrokatu behar dudala nire ametsa betetzeko. Beteko dut».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.