Koronabirusa

Kasuak gora ari dira

Bereziki, txertorik hartu ez dutenen kutsatzeekin kezkatuta daude Hegoaldeko osasun sistemak, baina planik ez dute moldatuko gazteak txertatzen hasteko

Erizain bat PCR proba egiteko prestatzen, Lazkaoko baheketan. JON URBE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Beherakadaren ostean, berriz goranzko bidea hartu du izurriak. Atzo Hego Euskal Herrian jakinarazi ziren datuak horren erakusgarri dira: 366 kutsatu gehiagoren berri eman zuten, ekain hasieratik izandako kopuru handiena. Gipuzkoako kasua da azpimarragarriena: 132 kasu atzeman ziren, aurreko egunean izandakoak halako bi baino gehiago. Hernani (Gipuzkoa) da kezka piztu duten herrietako bat: 52 kasu gehiago dira han. Tokiko erakundeetan ere zabaldu da kezka, eta Osasun Mahaira deitu du gaurko Hernaniko Udalak, gaia lantzeko. Kutsatu gehien adin tarte gazteenetan izan da, oraindik txertorik hartu ez dutenetan, alegia.

Harrabotsa sortu du gaiak, eta zenbait ahotsek txertaketa irizpideak berrikusteko eskatu diete osasun agintariei. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, ordea, osasun irizpideak mantenduko dituztela adierazi dute.

Gipuzkoa da igoerarik nabarmenena izan duen lurraldea, baina gainontzeko herrialdeetan ere izan da gorakada. Bizkaian, 142 kasu atzeman dituzte; Nafarroan, 63, eta Araban, 26. Ospitaleetan ez dago aparteko igoerarik, 117 eri baitaude ospitaleratuta. Kutsatzeen kasuetan bezala, adinak eman du zeresana erietxeratuta daudenen kasuan ere: Nafarroako ospitaleratuen erdiak baino gehiago, adibidez, 35 urtez azpikoak dira.

Baina txertaketarako irizpideek lehengoan diraute. «Txertaketa planaren helburua adin irizpideak mantentzea da», horrelaxe laburbildu zuen atzo Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak ez dagoela aldaketarik. EH Bilduk eskatuta egin zuen agerraldia Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Eta, berak azaldutakoaren arabera, ez dituzte aurreratuko egun kutsatu gehien duten adin tartekoen txertaketa orduak. Horren arrazoia arrisku faktoreak direla azaldu zuen Larizgoitiak: nagusiagoek gaixoaldia larriago pasatzeko arrisku handiagoa dute.

Izan ere, haren hitzetan, txertaketa plangintzaren helburua «erikortasuna eta hilkortasuna gutxitzea da, kolektibo zaurgarrienak babestuz».Halere, gogorarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 urtetik gorako biztanleen %67k txertoaren dosi bat hartua dutela. Nafarroan, 40 urtetik gorako hamar lagunetik bederatzik hartu dute dosiren bat. Bi gobernuek aurreikusi dute uda bukatu aurretik hastea 20-29 urte artekoak txertatzen: uztail amaierarako espero du Nafarroako Gobernuak aurreko adin tartearekin, 30-39koarekin, amaitzea eta ondorengoa hastea, eta abuztua jarri du mugarri Jaurlaritzak. Areago, 20 urtetik beherakoen txertaketa —12 eta 19 urte artekoena, alegia— diseinatzen hastea espero du Jaurlaritzak abuztu amaierarako.

Horrez gain, Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseilua batzartu zen atzo, eta, bileran, Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak eskatu zuen Janssen etxearen txertoa jartzeko adin muga berrikusteko. Gaur-gaurkoz, 40 urtetik gorakoei jartzen zaie.

Aldaera arriskutsuak

Adituak adi daude datuen igoerari begira. Eta kezkatuta daude, halaber, birusaren aldaera berriekin. Izan ere, Larizgoitiak azaldu bezala, nagusitzen ari dira. Alfa delako aldaera da orain nagusi kasu berrien artean, eta Larizgoitiak aurreikusi du Delta gailenduko dela hilabete batzuen buruan. Hori ikusita, adierazi du ezinbestekoa dela txertaketa plangintzarekin jarraitzea, eta bestalde, mugikortasuna murriztu behar dela: «Normaltasuna eskainiko digun fase bat behar dugu, gure osasunagatik. Baina oraindik gure jarrera mugatuko duten zenbait neurri behar ditugu».

Hain zuzen, Delta aldaera lortzen ari den nagusitasunaren aurrean, txertatzeke dauden kolektibo zaurgarrienek eman dute zeresana. Horien artean daude AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 60 eta 69 urte artekoak. Adina arrisku faktoretzat hartuta, aldaera berria haiekin erasokorragoa izan daitekeela ohartarazi dute askok, eta, horiek horrela, bigarren dosia aurreratu dute Europako zenbait estatuk. Horixe egiteko eskatu zion EH Bilduk Jaurlaritzari, baina horren aldeko hauturik ez dute egin. Horretarako arrazoia AstraZeneca botika etxeak txertoen eraginkortasunerako ezarritako epea izan dela azaldu du Larizgoitiak: bi dosien artean hamabi aste itxarotea da gomendagarriena. Horregatik, irizpide horren alde egin du Osasun Sailak. Halere, Hego Euskal Herrian asteon jaso dituzten dosiekin prozesu hori «azkartzea» espero dute, eta hil honetan talde horretakoak txertatzen amaituko dutela aurreikusi dute Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.