Koronabirusa. Kirol profesionalaren egoera

Agorraldiaren beste aldea

Kirolaren inguruan bizi diren langileak gogor ari dira nozitzen geldialdiaren ondorioak. Zalantzaz dakusate geroa, baina, era berean, esperantza dute gauzak noizbait beren onera itzuliko direla.

Juan Calors Sanz, Osasunako zelai zaintzailea. BERRIA.
enaut agirrebengoa
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Iturri emaritsua da goi mailako kirola. Klubek eta kirolariek ez ezik, bestelako enpresa eta norbanako askok ere edaten dute bertatik. Turrusta oparoa eta etengabea izan da orain arte, baina koronabirusaren pandemiak ia erabat lehortu du. Kirola halabeharrez geldi egonik, ataka zailean gelditu dira langile asko; ia lanik gabe batzuk, eta aurrez baino baldintza makurragoetan besteak. Urik gabe, errotak indarrik ez, eta baliteke txorrota luzerako egotea itxita. Hala, ziurgabetasunaren erdian, egoera noizbait onbideratuko den itxaropenari heldu diote hainbatek. Bide berriak urratzeko premia ikusi dute beste batzuek.

1. ELISA ARRETXEAAnaitasunako fisioterapeuta

«Hasieran zaila izango da, baina noizbait aterako gara aurrera»

Aurtengo sasoia seigarrena zuen Elisa Arretxeak (Elizondo, Nafarroa, 1987) Anaitasunako fisioterapeuta gisa, baina orain bat-batean eten behar izan du jarduna, Iruñeko klubak aldi baterako erregulazioa aurkeztu ondotik. Ekonomikoki egoera «latza» dela aitortu du. «Bertan behera gelditu da den-dena, eta baliteke epe luzerako izatea. Pentsatzen dut alarma egoera bukatzean aldi baterako erregulaziotik aterako garela, baina ez dakigu nola geratuko den kluba». Arretxeak, bederen, fisioterapia kontsulta bat ere badauka, eta kolpea arintzea lortu du horri esker. «Eskerrak irtenbide hori dudan. Autonomo gisa, diru sarrera horiek, behintzat, baditut. Badago beldur puntu hori, baina jendea hasi da etortzen».

Kontaktu askoko kirola da eskubaloia, eta entrenatzen hasterako «denbora asko» pasatuko dela uste du Arretxeak. Nolanahi ere, «baikor» izan beharra dagoela dio. «Hasieran zaila izango da. Ez dakigu ez noiz eta ez nola hasiko garen. Ateak itxita aritu beharko dugu? Eta birusa gerora berriz agertzen bada, zer? Galdera asko dago, baina dena pasatuko da noizbait, eta aterako gara aurrera».

Ez du uste kirolaren sektoreak gerora garrantzia galduko duenik. «Jendeak ikusi du kirolik gabe bizitzen ahal dela. Baina, era berean, hobeto bizi gara kirolarekin. Elkarrekin egoteko modu bat da, eta jendeak hori asko estimatzen du».

2. MARIA MENTXAKAKirol argazkilaria

«Agentzia bihurtu nahi du futbol ligak, argazkilariak baztertuta»

Etenaldiak gordinki jo du kirol argazkigintza. Horren lekuko da Maria Mentxaka (Mungia, Bizkaia, 1976). Freelance moduan egiten du lan emakumezkoen kirolaren esparruan, eta lan egiteko aukerarik gabe gelditu da orain. «Berez da zaila argazkilari autonomo moduan bizitzea. Taberna batean ere egiten dut lan. Egoera zailean gelditu naiz, batetik eta bestetik». Edonola ere, ez da geldi geratu. Alternatibak bilatzeko garaia dela uste du. «Beste gauza batzuk egin behar ditugu argazkilari moduan. Ni artxibo lana ari naiz egiten orain, argazki zaharrak berrikusten eta. Gainera, nire webgune berria abiatu dut».

Lankideak «nahiko kezkatuta» ikusten ditu, futbolaren alorrean dabiltzanak, batik bat. Izan ere, ligak entrenamenduetara sartzea debekatu die, eta liga bera hasi da argazkiak eta bideoak eskaintzen. «Ligaren ideia agentzia bihurtzea da, argazkilariak bazter utzita. Eta askorentzat, lanaren %90 futbolaren ingurukoa da. Ez dauka itxura onik». Horiek horrela, dibertsifikazioa izan daiteke irtenbidea. «Nik bestelako kirolak ere lantzen ditut, eta esan dezaket badagoela bizitza futboletik harago. Kirol pila dago, eta hor egon daiteke konponbidea. Agian ez dute hainbesteko arretarik, baina jarreraz aldatzen hastea da kontua».

3. JUAN CARLOS SANZOsasunako zelai zaintzailea

«Ez dakit orain egiten ari naizen lanak ezertarako balioko ote duen»

Txanponaren beste aldean dago Juan Carlos Sanz (Iruñea, Nafarroa, 1965). 33 urte daramatza Sadarreko berdegunea zaintzen, eta lanez gainezka dabil orain. «Zelaiak ez daki zer den pandemia bat, baina badaki onddoak zer diren. Gain-gainean egon behar duzu. Hori bai, ez dakit lan honek guztiak gero ezertarako balioko duen, ikusteko baitago liga amaituko den ala ez». Bakarrik aritu behar izan du orain arte, lankideen laguntzarik gabe, birusa ez kutsatzeko. «Bakardadean aritu behar izan dut. Alarma egoeraren hasieran, astean hiru egunez egiten nuen lan, zelaiak hazteko arazo gutxiago zuelako. Orain, aldiz, astean bost egunez aritu behar dut».

Oraingoz, bere horretan eutsi dio soldatari. Liga bukatuko ez balitz, aparteko bi ordainsariri uko egin beharko lieke, langileek klubarekin egindako akordioaren arabera. «Lasai» dago etorkizunari begira. «Lanpostuak errespetatzeko konpromisoa hartu zuen klubak. Futbolak mende bat baino gehiago darama gure artean, eta gurpilak biraka jarraituko du, ziur».

4. JITO SILVESTRETabernaria eta futbolari ohia

«Oso zaila izango da Alavesen etxeko lehien zuloa betetzea»

Estadioen ondoan dauden tabernek ere nabaritu dute kirolaren geldialdia. «Nire lokala Mendizorrotzetik gertu dago, eta aste osoa partiden zain ematen dugu, sekulako jendetza biltzen baita. Normaltasunera itzuli arte, oso zaila izango da Alavesen partiden zuloa betetzea», adierazi du Jito Silvestrek (Bartzelona, Katalunia, 1980), Verode tabernako jabeak. Datu zehatzik ez du aipatu, baina, haren esanetan, zaleek «milaka» euro uzten dituzte Alavesek etxean jokatzen duenean. Gainera, nabarmendu du giro berezia ere galduko dela. «Tabernako langile guztioi gustatzen zaigu Alaves eta futbola, eta egun horietan jendea beste aldarte batez ikusten duzu. Horren falta sumatzen dugu».

Jito futbolari profesionala izan zen 2016ra arte. Besteak beste, Alavesen, Eibarren eta Sestao Riverren jokatu zuen. Futbolak gerora ere jendearen grina piztuko duela uste du, baina kezkatu egiten du lehiak ateak itxita jokatzeko aukerak. «Uler dezaket sasoi hau nola edo hala bukatu behar izatea, baina ulergaitza litzateke hurrengo liga ateak itxita hastea. Zalerik gabe, futbolak ez du inongo zentzurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.