Koronabirusa

Balkoitik balkoira, ekonomiaz

Elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile gisa aritu dira BERRIAn euskal ekonomisten arteko izen handi bi: Miren Etxezarreta eta Mari Carmen Gallastegi. COVID-19ak eragin duen egoeraz hausnartu dute, elkarri egindako galderak erantzunez. Ezkor azaldu da lehena, oro har, eta baikor bigarrena

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Miren Etxezarreta
(Ordizia, Gipuzkoa, 1936). Ekonomia lizentziaduna da EHUn; London School of Economicsen eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, berriz, doktorea. Azken horretan Garapen Ekonomia irakasten du; aurretik, Sussexeko Unibertsitatean eman zituen eskolak. 1970etik gaur arte gauzatutako obran Karl Marx eta Rosa Luxemburg ezinbesteko erreferentziak izan ditu. Keynes osteko egileak ere eredu ditu, batik bat Joan Robinson, eta marxismoaren ildoko beste hainbat: Paul A. Baran eta Paul Sweezy, esaterako.

Mari Carmen Gallastegiren galderak:
1.
Nola azalduko zenuke krisiak gure sisteman egin duen zuloa orain arte? Harrigarria da hartu duen sakontasuna, ezta?
2. Sartu garen zulo horretatik atera ahal izango gara Europako Batasunari esker eta berreraikitzerako funtsari esker?
3. Argi dago ez geundela prestaturik, eta ez genituela ez indarra ezta adimena ere pandemiari aurre egiteko. Krisi honen galerak berreskuratuko ditugu? Esku hartze publikoa urgentziazkoa da?

1. Bai, dezente harrituta nauka. Herrialde askoren krisia denez, garrantzi handiagoa hartzen du, baina, hala ere, neure buruari galdetzen diot nolaz ari den neurri hau hartzen, eskaria denean falta den gauza bakarra; lanean ez dagoenez, jendeak ez baitu erosteko dirurik. Ez da arazorik egon ekoizpen sistemarekin, ezta finantza sistemarekin ere. Non du jatorria hain egoera negatiboak? Herritarren diru sarreren aldeko laguntza politikak azkartasunez hartu izan balira —adibidez, soldaten gehiengoa jasotzea—, ez dut uste hain krisi handia gertatuko zenik.

Ezin diot neure buruari galdetzeari utzi nondik ateratzen diren munduko erakundeak —NDF, Espainiako Bankua, EB, eta abar— egiten ari diren aurreikuspen hain negatiboak. Ematen du arrazoi izango dutela, probintzia ekonomista batek baino gehiago, seguru, baina ez ote da izango ere ongi datorkiela beldurra zabaltzea? Herritarrak beren etxeetan itxita egotera bultzatzen ditu beldur horrek, beren bizilagunen beldur, edozein ekintza kolektibo eragotziz. Jarduera ekonomikoaren geldialdi batek, handia, hori bai, lau-sei hilabetekoa, hain ondorio larriak eragin ditzake? Espainiaren kasuan, turismoaren garrantzi handiak are gehiago okertzen du egoera, baina, hala ere, erantzunak topatzea zaila egiten zait. Neure buruari galdetzen diot beste arrazoi batzuk tarteko ez ote den izango egokia krisi sakon baten ideia hedatzea.

2. Nahiko argi dago Europako Batasuna ez dagoela askorik laguntzeko prest. Oso argi dago zein herrialdeek erabakitzen dituzten deliberazioak. Ez dut uste diru laguntza garrantzitsuak lortuko direnik. Kasu onenean, kredituak izango dira, eta exijentzia askori lotuak. EB beti izan da merkatu komuna, eta ez die sekula lagundu bere herrialdeei arazo larriei soluzioa ematen. Eta berreraikitzeko funtsa ez dakit noraino helduko den. Nori helduko zaizkio laguntzak? Marrazten ari den ildoa 2008koaren parekoa da: laguntzak finantza entitateen eta enpresa handien bidez bideratuko dituzte; haien bonuak nazioarteko erakundeek erosi ahalko dituzte. Eta, aldi berean, traba burokratiko ugari egongo dira iristeko enpresa txikietara eta arazo larriak dituzten langileengana eta langabeengana.

Beldur naiz prozesu honen guztiaren emaitza izango dela jende askok sufrituko duela, beste hainbatean bezala, batez ere sektore jakinei lotutako langileak, turismoa, ostalaritza eta garraioa, bereziki ekimen txikietakoak. Jende horrek ikusiko du nola okertzen diren beren lan eta bizi baldintzak. Enpresa handien jarduerak aurrera egingo du, bien bitartean, galera batzuekin, bai, baina arrisku handirik igaro gabe.

Lan baldintzak eta soldatak ez dira berreskuratuko, hau da, prekaritateak aurrera egingo du, eta langabezia eta ekonomia ezkutua hazi egingo dira. Jendeak eta langile normalek ahal duten moduan defendatu beharko dute, orain arte bezala.

3. Indarra eta adimena falta ditugu, ala bitartekoak? Seguruenera, Espainiako Gobernua ez da munduko onena, ezta erkidegoenak ere, baina, 2008ko krisitik osatu gabe zegoela, berriro beste krisi handi batean dago, bat-batean. Aurretik esanda doa: esku hartze publikoak funtzionatzea da espero duten gauza bakarra, ze... Zer egiten ari da ekimen pribatua arazo orokorrei irtenbidea emateko? Ekimen pribatu handiak bakarrik eskatu du zergak eta kotizazio sozialak kentzeko, eta, aldi berean, estatuari laguntza gehiago eskatu dizkio. Gainera, jarduera presaren presaz hastera bultzatu du. Non daukate koherentzia zerga gutxiago eta jarduera publiko gehiago eskatzen dutenean?

Beldur naiz, beti bezala, herritar xumeen zati garrantzitsu batek beren bizi baldintzak nola okertzen diren ikusiko duela; flotagailu baten bila zebiltzan enpresari txikiez, langile autonomoez, eta zailtasun handiak dituzten aldi baterako langileez ari naiz. Enpresa handiak osatzen joango dira, bitartean. Europako laguntzari dagokionez, oso gutxi espero dut, kale mailaz ari bagara. Agian, beste urte mordo batean Europako herrialde aberatsenetik oso urrun jarraituko dugu. Nahiago nuke oker egon!



Argazkilaria: Marisol Ramirez / Foku.

Mari Carmen Gallastegi
(Bergara, Gipuzkoa, 1945). Ekonomiaren Teoriaren katedraduna da EHUn. London School of Economicsen eta Brown (AEB) Unibertsitatean ere doktore da. 1991n Ekonomia sailburu izan zen Jose Antonio Ardanzaren Jaurlaritzan. 2013. urtean Eusko Ikaskuntza sariaren aitortza egin zioten, Pako Etxeberria arkeologoari aitortza bera egin zioten urte berean. Ikerbasqueko presidente izan da, eta Jakiundeko kide ere bai.

Miren Etxezarretaren galderak:
1.
Hamabost urteko epe batera aldaketa sakonak gerta daitezke ekoizpenaren harreman sozialen eboluzioan? Hau da, lana eta enpresariak, biztanleria aktiboa, enpresak, okupatuak, baztertuak...
2. Globalizazioak hazten jarraituko du, edo hura galgatzen duten indarrek oztopa dezakete, eta joera aldarazi? Hori gertatuko balitz, zer ondorio edukiko luke?
3. Azken hogei urteotan neoliberalismo olatua nagusitu da, eta krisi honetan ematen du estatuarena jotzen dela oreka indar bakar gisa. Munduko aholkulari denak esku hartzaileak bihurtu dira bat-batean?

1. Agian gure atzetik datozen gazte horiengan guztiengan pentsatzen hasteko ordua da. Belaunaldi horiek ikusi behar dute egiten duguna egiten dugula haiengan ere pentsatuz egin dela. Horregatik, uste dut saihetsezina dela denon itun bat zoriontsuagoak izan diren garaietara itzultzeko. Aro zaila egokitu zaigu orain: beldurra, ziurgabetasuna gainetik kendu ezinik gaude, baina honi buruz ikasi behar dugu, eta ikusi lehen genuena berreskuratzeko borrokak merezi duela, eta, ahal balitz, hura hobetzeko ere bai. Uste dut denok izango dugula prestasun handiagoa elkarlanerako: enpresariek, langileek, unibertsitarioek, lanbide hezkuntzakoek... Elkarren aurka aritzeak zer dakarren ohartu garela pentsatu nahi dut. Ziurgabetasuna hain da handia ezen garrantzitsua bailitzake geroari begira adostasun seguru batzuk ituntzea. Elkarrekin helburu jakinen alde aritzea oso aktibo indartsua da lan munduan, eta inoiz baino behar handiagoa izango da aldagai hori jardueraren funtsean jartzeko.

2. Globalizazioaren joerak atzera egingo duela pentsatzea ameskeria da, nire ustez. Oraintxe, jendeak nahi duena da galdu duen hori berreskuratu, berritasun eta iraultza handirik gabe. Lezioa ikasi dela esango nuke, eta, berriro diot, elkarlanaren bidez aro onenetara itzultzeko desira dago gizartean. Edonola ere, elkarlan hobea izango da aurrerantzean, baita herrialdeen artean ere. Globalizazioa ezin da geratu. Gero eta jende gehiago dago planetan, eta gero eta harreman estuagoak sortuko dira. Elkarrekin bizitzen hobeto ikasi beharko dugu, eta horretarako harremanak handitzea behar-beharrezkoa da. Pandemia dagoen bitartean hegaldiak bertan behera utzi dira, baina, egoera hori bukatuko da halako batean, eta hori gertatzen denean, ezagutzen dugunera itzuliko gara, baita globalizazioari eragiten dioten aldagaietan ere. Europarren arteko kooperazioa ezinbestekoa da gizarte bezala hazteko. Ez dut uste horri muzin egingo diogunik.

3. Gu guztion barrenak mugitzen dituen zerbait gertatzen denean —eta pandemiak mugitu dituela ez dago zalantzarik—, benetan nahi dugunari buruz pentsatzen dugu. Bizitzen ari garena oso gogorra da, batik bat hildakoak eta gaixo larriak izan dituztenentzat, jakina. Kontua da neoliberalismoarekin lotutako politika egitea errazago zaiela gobernuei, eta esku hartze publikoa gauzatzea ez zaiela batere erraza egiten. Beti asmatuko ote dute ekonomiaren alor guztietan esku hartzen badute? Gauzak ez dira hain errazak. Oso litekeena da denborarekin politika neoliberalek bere bidea egiten jarraitzea, baina horrek ez du esan nahi ohartu ez garenik zer den garrantzitsua eta zer ez den hain garrantzitsua. Eta alde horretatik, argi dago funtzio publikoa indartu egin beharko dela. Horrek esan nahi du sektore publikoan profesional onenak behar ditugula, trebatuenak. Publikoa den orok bikaintasuna beharko du alboan. Onenek egon behar dute gure gizartea gidatzen duten lanpostuetan. Estatuari egokituko zaio orain herritar askori laguntzea, baina laguntzarik onena litzateke haien bizimodua berreskuratzeko bidea ematea lehenbailehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.