Lanuzteari buruzko datu faltsuak ematea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

xabier martin
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Gasteizko gobernuak grebaren parte hartzeari buruz helarazi dituen datuak «faltsuak» direla salatu du ELA sindikatuak. «Oinarritzat langile taldea osorik hartzen du, hots, zenbatzerakoan ez ditu alde batera uzten greba egin ezin duten pertsonak, gutxieneko zerbitzuak betetzeko izendatuak eta gaixo baimenarekin daudenak», azaldu du sindikatuak ohar batean. Eta adibide bat jarri du: «Galdakaoko ospitaleko ESIan 151 langileetatik bakarrak egin zezakeen greba; beraz, Erkoreka bozeramailearentzat soilik lantaldearen %0,66k egin zuen grebarekin bat. Hori kasu bat besterik ez da, baina Jaurlaritzak horrelaxe jokatzen du datuak ematean».

Bestalde, ELAk zoriondu egin zituen greba orokorrerako deialdiarekin bat egin zuten milaka pertsonak, «grebak eragin handia izan duelako». Sindikatu horren ustez, «oso albiste ona da herri honetako milaka emakume eta gizonek —gutxienez 145.000 izan ziren goizeko manifestazioetan— parte hartu izana mobilizazioetan».

Borrokan jarraitu

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen erakundeak esan zuen «Urkulluren eta Txibiteren gobernuek» ezin dutela segitu grebaren arrazoiei «entzungor egiten». ELArentzat, grebara eraman duten aldarriak aintzat hartzeko ordua da. Patronalei mahai gainean proposamen bat jarri diela gogoratu zuen, eta ohartarazi lantokietan grebak gehitu egingo direla, «prekaritatea egunero borrokatzen delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.