Koronabirusa

Ostalarien haserrea, borborka

Tabernariek garagardo iraungia bota dute karrikara, Baionan, suprefeturaren atarian. Donostian eta Bilbon manifestazio jendetsuak egin dituzte, erreskate plan bat eskatzeko

Baionako ostalariak iraungitako garagardo upelak irekitzen, suprefetuaren atarian. BOB EDME.
Xabier Martin - Oihana Teyseyre
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Luzeago jotzen ari da pandemia ostalarien pazientzia baino. Protestek eta manifestazioek hartu zituzten Euskal Herriko hainbat herri eta hiri, atzo, ostalariek beren negozioak lehenbailehen zabalik nahi dituztela garbi uzteko agintariei. Baionan koska bat gora egin zuen ezinegona adierazteko moduak: ostalariek garagardo upel iraungiak ireki zituzten suprefeturaren atarian. Zorua aparrez bete zelarik, argi geratu zen ostalarien haserrea garagardoaren aparra bezain harroturik dagoela.

Bilbon eta Donostian, berriz,manifestazio handiak egin zituzten, sektorearen eskaera zehatzak lehen lerroan jarrita. Hiru aste joan dira Eusko Jaurlaritzak itxiera agindu zuenetik, eta ikusteko dago abenduaren 8tik aurrera abiatuko ote den ostalaritza irekitzeko plan bat. Nafarroan, herenegun zabaldu zituzten terrazak, segurtasun neurri zorrotzen artean; baina taberna gehienak itxita daude oraindik ere, terraza jartzeko aukerarik ez dutelako edo ez dielako merezi baldintza horietan irekitzeak.

Ipar Euskal Herrian okerrago dago sektorea: jatetxeak urtarrilaren 20tik aitzina irekitzeko asmoa erakutsi du Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak; ostatuentzat, ordea, ez du eperik aipatu. Kasu, ostalariak kexu lelopean bildu ziren Iparraldeko zenbait ostalari, atzo, Baionako suprefeturaren aitzinean. «Kexu garela adierazi nahi dugu; ez gara ados hartutako azken erabakiekin», zioen, deitorez, Florian Bouffaut Baionako Kalostrapeko ostalariak. «Entzunak izateko», suprefetura aitzinean iraungitako garagardo upelak ireki zituzten, garagardoa lurrera isuriz. «Galdu dugun erreserba itzuli nahi diogu suprefetari».

«Bost hilabetez egon behar izan dugu hertsirik, eta ez dakigu zenbat denboraz iraunen duen egoerak, baina geroz eta zailagoa egiten ari zaigu». Honela mintzatu zen Sandrine Dulong, Baionako Les Pyrenees ostatuko jabea. Beste saltokiek gaur irekiko dituzte ateak, eta erabakia txalotu du Dulongek, baina «ostatuek ere ahal bezain fite ireki behar dute».

Frantziako Gobernuak zenbait laguntza hitzeman dizkie itxitako enpresei: 10.000 euro gehienez ere, eta langileentzako langabezia partziala. Baina neurri horiek «eskasak» direla diote ostalariek. Sebastien Agerrek ostatu bat saldu eta beste bat erosi du Baionan, orain urtebete. «Nik ezin ditut laguntza horiek ukan, iaz ez baitut lan egin. Nire diru sarrera zero euro da orain».

Erreskate plana hizpide

Hegoaldean ere laguntza gehiago nahi dituzte, erreskate plan oso bat. «Ixteko agindua iritsi da, baina kalte-ordainen plan oso bat ez», salatu zuen Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak, Bilboko manifestazioa martxan jarri aurretik. «ABEE plana zaharkitua geratu da», azaldu zuen, arauek enpleguari eusteko jasotzen duten konpromisoa aldatzea nahi duela argituz. Ehunka auto joan ziren Bilboko Kale Nagusian aurrera, klaxonari eraginez, eta txaloen artean. Tabernariekin batera, enpresa hornitzaileen autoek parte hartu zuten: Baque, San Miguel, Coca Cola... Eta haien atzetik milaka ostalari, SOS Ostalaritza lelodun maskara gorriak jantzita.

Donostian ere antzeko argazkia ikusi ahal izan zen hiriko erdigunean. «Erreskaterik gabe, negozioak itxi egin beharko ditugu», ohartarazi zuten parte hartzaile askok. Hain zuzen, atzo jakinarazi zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 7.230 negozioren jabeek eskatu dituztela 4.000 eurorainoko diru laguntzak.

Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduko parlamentari Iker Casanovak esan zuen gobernua ez dela jabetu «sektorea pairatzen ari den egoera larriaz», eta erreskate bat eskatu zuen. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk erantzun zion martxan dela erreskate hori: «Zuk erreskate plan bat eskatzen duzu, eta nik esango dizut martxan dela; martxoaren 24an abiatu genuen». Sektoreak 13.000 bat establezimendu eta 55.000 langile ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.