Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: bigarren etaparen kronika

Erlojuari ere ihes egin dio

Etapa hasieran erasoa jo, ihesaldia gorpuztu, sakabanatu, eta erlojupeko txiki bat eginda irabazi du Tony Martinek bigarren etapaValverde saiatu da amaieran erasoa jotzen, baina indartsu erantzun du Contadorrek

Erlojuari ere ihes egin dio.
unai zubeldia
Urdazubi
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Erlojuak ere amore ematen du Tony Martinekin (Omega). Urdazubin zegoen atzo helmugako marra, baina Iruñera eramanda ere, alemaniarrak etzanda egingo zituen 75 kilometro horiek ere. Saiatuta ere, haizeak ez du ikusi ere egiten erlojupeko egungo munduko txapelduna. Berea izan zen eguneko lehen eraso serioa, Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan; berea ihesaldia gorpuzteko ahaleginik irmoena, Ordiziatik abiatu berritan; berea tropela gain-gainean zela zalaparta sortzeko intentziorik handiena, Zugarramurdiko kobazuloei begira; berea, Jan Bakelants (Omega) ondoan zuela, taldelanik apartena; berea, Gorka Izagirre (Movistar) itotzeko lanean, kontraerasorik neurtuena; eta berea, erlojupeko lanarekin, erakustaldirik ikusgarriena.

40 segundora zeukan tropela hamabi kilometro falta zirela; eta 1.10era zihoan talde nagusia bost kilometro geroago. Tarte horretan txaloka aritu zitzaizkion zale, sorgin, arerio, ezagun eta ezezagun guztiak. Erlojuari ere ihes egiten dio Tony Martinek. Orduko 44,17 kilometroko abiaduran egin zituen azken hamar kilometroak. Eta ordeka zer den asmatu ezinik dabiltza, oraindik ere, Urdazubi inguruan. Etengabeko ibilbide gorabeheratsuan, potentzia erakustaldi bikaina eman zuen alemaniarrak. Beste behin. Podiumera igo, besoak altxatu, sariak jaso, eta hotelera. Atseden hartzera. Larunbateko erlojupekorako beroketa lan txiki bat besterik ez zelako izan atzokoa.

Eta atzean zer? Sua. Lehen etapako su berbera. Ia ezinezkoa izango zela barneratuta ere, aukerarik txikiena ikusi zuenean erasora jo zuen Alejandro Valverdek (Movistar). Baina lider sendoaren itxura eman zuen, berriz ere, Alberto Contadorrek (Saxo). Hamalau segundoren tartea dago bien artean, handi samarra, baina Euskal Herrian lasaitasun handirik ez duela izango esan eta esan ari zaio Valverde Contadorri. Egun guztian dotore aritu zen lanean Tinkoff-Saxo; eta baita azken zatian Movistar ere, Ion eta Gorka Izagirreren eskutik. Eta Michal Kwiatkowski (Omega) bera ere oso kontuan edukitzea komeni, badaezpada ere, behar handirik ez zuenean, talde nagusiaren esprintean sartu zelako atzo.

Bezperako alde handiek eta Tinkoff-Saxok berak baimenduta, argi samar zegoen ihesaldiak arrakasta izateko arrisku handia zeukala atzo. Eta, Tony Martinen joarekin, ordu erdia bete berritan osatu zen zazpiko taldetxoa aurrean. Tony Martin bera, Bakelants taldekidea, Izagirre anaietan zaharrena, Hubert Dupont (Ag2r), Bob Jungels (Trek), Davide Malacarne (Europcar) eta Maxime Monfort (Lotto) joan ziren ihesean. Saiatu zen Omar Fraile ere (Caja Rural) kontraerasoan aurrekoekin bat egiten, baina, gauza onerako, beranduegi jo zuen erasoa bizkaitarrak.

Carlos Alberto Betancur (Ag2r), Tom Danielson (Garmin) eta Lieuwe Westra (Astana) etxerako bidean zirela, eta Tinkoff-Saxok tropeleko ardura hartuta, 2.30 minutuko langan egonkortu zen aurrekoen aldea. Ikusi ziren asmoak eta keinuak tropelean, Orica eta BMC lanean hasi zirenean, batez ere. Baina gaia zegoen aurrean. Aldea minututik behera jaitsita zegoela, eta, besteak beste, Amets Txurruka (Caja Rural) eta Mikel Nieve (Sky) lurretik bueltan ibili ondoren, mugimendu serioak iritsi ziren ihesaldian. Tony Martinek jo zuen, beste behin, eraso zitala, eta Gorka Izagirre eta Bakelants bakarrik izan ziren gai alemaniarraren erritmo aldaketari erantzuteko.

Omega nagusi ihesaldian

Omega Pharmak bi, Movistarrek bat. Akabo. Adi ibili zen ormaiztegiarra Bakelantsen mugimendua zainduz, baina Tony Martini erantzun ezinik geratu zen gero, hamabi kilometro falta zirenean. Atseden pixka bat emateko eskatu zien Izagirrek Omegakoei. Baina tropelean erasoaren sinonimo argia da ezintasun keinu hori. Lehen bi egunetako suaren ondoren, eta Zaldiaranen baimenarekin, esprinta beharko luke gaurko etapak, Urdazubi eta Gasteiz lotuko dituenak (194,5 km).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.