Arrauna

Sasoiko hirugarren bandera irabazi du Zumaiak ETE ligan, Lekeitioko uretan

Bigarren garaipena du segidan, eta aldeak ireki ditu sailkapeneko buruan. Hibaikak denbora galdu du ziabogan, baina hirugarren izan da

Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Zumaia irabazle bihurtzen ari da, eta atzo Lekeition, bigarren bandera irabazi zuen segidan ETE ligan, aurreko igandean Orion ere azkarrena izan eta gero. Hori gutxi ez, eta, gainera, lehen postua sendotu du, bi puntu gehiago atera zizkiolako atzo Hibaikari. Hirukoa da orain zumaiarren aldeko tartea, eta bi talde horiek nahiko koska handia dute Deusturekin, hirugarrenarekin: hamabost puntu kentzen dizkio Zumaiak, eta hamabi Hibaikak. Kontuan izan behar da lehen bi sailkatuek dutela aukera Euskotren ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko. Beste zazpi estropada geratzen zaizkie liga amaitzeko.

Laugarren kaletik irabazi zuen atzo Zumaiak, kalerik onena ez zenetik. Kanpora joateko zen egokia, hala ere, eta, horren jakitun, Kike Manterolak zuzentzen dituen arraunlariak aurrea hartzea atera ziren, alboan zeukan Deusturi ahalik eta tarte gehiena ateratzeko asmoz. Hartara, bueltako luzean aukera izateko barruko kaleetara joateko, olatuxkaren norabidea baliatuz, eta kontrako itsaslasterren oldarraldia leuntzeko.

Iritsi zen Zumaia lehen lekuan ziabogara, eta gainean zeukan Hibaika, segundo batera. Deustu seira utzia zeukan estropadako buruak, eta hamarrera Tolosaldea, lehen kaletik. Orduantxe gertatu zen estropada uste baino azkarrago erabaki zuen gertakaria. Hibaikako June Galardi aurrekalariari kateatu egin zitzaion arraun txikia trainerura lotua zekarren kablea, eta arraun txikia ziaboga emateko egoeran geratu zitzaion, traineru azpian. Ezin atera horrek eraginda, ontziaren enfilazio erabat ababor aldera geratu zitzaion. Denbora asko galdu zuten errenteriarrek trainerua zuzentzen eta berriz ere abidura hartzen. Lortu zuten, halako batean, eta, lanerako gertu jarri ez ezik, aurretik zituen Deusturi eta Tolosaldeari gerra eman ere eman zien.

Zumaia, poparean ondo

Bien bitartean, Zumaia bakarrik geratua zen lehen lekuan, aurkari zuzena atzean geratu zelako. Deustuk estutu zuen bueltako luzearen hasierako uneren batean, baina azkar ireki zion tartea ligako liderrak. Ondo moldatu zen Eneritz Diez patroi duen taldea poparean, eta 12, 08 segundo atera zizkion Deusturi. Hibaika sartu zen gero, 12, 3ra, azken luze ona eginda, arazoak arazo. Tolosaldea ere gainean zuten, 13,64ra Zumaiatik. Tolosarrek, baina, bosgarren egin zuten azkenean sailkapenean, San Juanek, bigarren txandako garaileak aurrea hartu zielako. Deustu eta zazpigarren izan zen Isuntzaren artean 6,82 segundo egon ziren. Lehenengo txandan, Ondarroa izan zen azkarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.