Pentsioak eta aberastasunaren banaketa

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Hamabost hilabete daramatzagu Hego Euskal Herriko pentsiodunok, astelehenero, plazetan eta udaletxeetan biltzen. Helburua ez da datozen apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeetan eragina sortzea, baizik eta gure eskubideak defendatzea, langile erretiratuak bezala, horixe baikara, zentzu sakonenean. Noski, ondo neurtuko dugu gure botoa, eta gure eskubideak defendatzen dituen partiduarentzat izango da. Euskal pentsiodun askok, euskal pentsionisten mugimenduak dituen eskariak defendatzeaz gain, euskal gizarte segurantza eta geure pentsioen sistema publikoa eskatzen dugu.

Lan Zuzenbidea, Langileen Estatutua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, eta abar, orain arte lan-harremanak eta lan-baldintzak, erretiroa barne, kudeatzen zituen. Orain moztu nahi dute hau guztia. Esaten digute soldatatik bertatik atera beharko dituztela langileek diru-etekinak, etorkizunean erretiroa lortu nahi badu. PPEri eta BGAEari buruz ari gara. Madrilen komisio iraunkorrak onartutako dekretuaren harira, EH Bilduri egin zaizkion kritikak injustuak izan dira. Aitor Esteban oso politikari ona da, bere ospea merezita dauka. Onartu egin behar da egia delako. EH Bilduk dohainik eman zuen bere baiezko botoa. Bai, ezeren truke beraientzat, baina asko balio duen, eta eskertzekoa izango den pertsona askorentzat. Langabeziako subsidioaz ari naiz. Dekretu horrek bakarrik, 140.000 onuradun berrirengan izango du eragina, eta beste 240.000 langabeturi baldintzak hobetuko dizkio; gainera, Gizarte Segurantzaren sarrerak handituko ditu kotizazioen bidez. Hori, nire ustez, ez da gauza makala, «ezer baino askoz gehiago da». HEHko pentsionisten plataformak ditugun puntuetako bat da. Gainera, EH Bilduk bere eskuan zegoen ahalegin guztiak egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko pentsioak aurrekontuen bidez hobetzeko.

Dudarik gabe, EH Bilduk euskal pentsionisten onarpen osoa merezi du, eta apirilaren 28ko hauteskundeetan gure botoa ere bai. Edozein modutan, data hauek pentsionisten borroka bidean gurutzatu dira, eta horien ondoren gure borrokarekin jarraituko dugu. Egungo pentsiodunek ez dugu gure lan-bizitza osoan ikusi jasaten ari garen egoerarik. Noiztik hitzartzen da, eskuratu baino lehenago, zer egin behar den langilearen soldataren zati batekin? Inork ezagutzen al du lan-hitzarmenik, non adosten den zer egingo den ugazaben etekin gordinaren zati batekin? Nik dakidanez, ez. Halako lan-hitzarmenak Lan Zuzenbidearen aurka doaz.

Inoiz ez bezala, produkzio eta ekonomia sistemari dagokienez, egoera berezi batean aurkitzen gara. Taylorismoak eta fordismoak produkzio-indarren erabilera eraginkor eta arrazionala handitzea zuen helburu. Egungo teknologiek, are gehiago; erabat eraginkorragoak dira. Horrek, nahitaez, produkzioaren sozializazioa dakar. Ondorioz, jendartearen kontzientziaren eta sortutako aberastasunaren sozializazioaren beharra eskatzen du; produkzio berorren kontrolean parte-hartzea eskatzen ditu. Boteretsuak ondo asko ikusi dute hau, eta gizartearen haserrea eta kontzientzia hori bere aldera bideratu nahi dute, pentsio plan pribatuekin.

Kapitalismo finantzarioak, soldatak kontrolatuz, eta oraintxe bertatik, 35-40 urtera ordainduko diren pentsioak kontrolatuz, lan-harremanak lotu nahi ditu, langile eta sindikatuen erantzuna erabat zapalduz. Datorren gizarte eraikuntza, beraien gustura eta erara diseinatuko da, beste guztiak ixo: soldatak, pentsioak, eskubide sozialak eta legeria, beraien «beharren» menpe. Sindikalismoa indarrik gabe uztea lortu dute, eta protesta egitea lan eremuan gero eta zailago egiten ari da.

Baina, nahiz eta eremu hori kontrolatu, gatazka eremua tokiz aldatzea baino ez dute lortu. Ez zuten uste sortu diren ondorioak izango zituela. Injustiziaren errealitateak lantegiak gainditu eta plazaratu egin dira. Pentsionisten mugimenduak gordintasun osoz plazaratu ditu: prekaritatea, behin-behineko lan eskasak, miseriazko lan-sariak, lan-giro zekena, lan-istripuaren gorakada, eta abar. Protesta desagerrarazi nahi zuten, baina ez dute lortu. Euskal Herrian eta Europan, gero eta hiri eta nazio gehiago kalera ateratzen ari dira, gizarte zuzenago baten alde borrokatzera. Ez dira langileak bakarrik, baita ikasleak, pentsiodunok, emakume mugimendua, nekazariak, eta abar. Gaia ez da soldata bakarrik, jokoan daude eskubide sozialak, osasuna eta hezkuntza publikoak, klima aldaketa, ingurugiroa,etorkinen krisia.

Boteretsuak, bankeroak eta, funtsean, sistemaren jabe egin direnek sobera erakutsi digute dirua pilatzen ondo dakitela, batez ere besteen dirua denean. Baina orain, gizarteak eta humanitate guztiak pairatzen dituen arazoak konpontzeko ordua da. Mesedez, egin lekua eta utzi jendarteari lan egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.