Bide bizkorretik, hobe

Baskoniak ACB ligako finalerdietarako sailkatu nahi du gaur, Malagan Unicajari irabazita. Pedro Martinezek jokatzeko prest du talde guztia

ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Kirolbet Baskoniak gaur ebatzi nahi du Unicajaren kontrako ACB ligako final-laurdenetako kanporaketa, Martin Carpenan (19:45, Movistar Deportes 1). Batetik, ez ditu etxeko lanak hirugarren partidarako utzi nahi; eta, bestetik, horrela atseden gehiago izango ditu finalerdietarako. Hori sasoi amaiera honetan erabakigarria izan daiteke. Are gehiago Euroliga jokatuko duten taldeek izan duten egutegi betea kontuan hartuta.

Herenegun, Buesa Arenan, Baskonia 87-70 gailendu zen. Horrenbestez, kanporaketa alde du: 1-0. Arabarrek kontrolpean izan zuten lehia, baina azken laurdenean hortzak estutu behar izan zituzten, bisitariak lau puntura jarri baitziren. Orduan, Beauboisen eta Timmaren hirukoek lehia hautsi zuten. Hain zuzen ere, kanpoko jaurtiketak eta errebotea izan ziren partidako gakoak, eta gaur ere hala izan daitezke. Baita Vildozak eta Granger joko antolatzaileek norgehiagokaren erritmoa ezartzea ere. Hala egin zuten aurreneko lehian. Pedro Martinezen aburuz, lehen garaipenarekin«zama handia» kendu dute gainetik. «Jokalariek erakutsi duten izaera lehiakorra nabarmenduko nuke, eta oso ausart jokatu dutela. Sasoiko garai erabakigarrian gaude, eta, presioarekin eta beldurrarekin jokatuz gero, aukera asko dituzu galtzeko».

Gaurko lehiari begira, joko horri eustea espero du: «Defentsan hain zorrotz jokatuz gero, eta errebotea zaintzen badugu, aukera asko izango ditugu berriz irabazteko. Kanporaketa erabakita utzi nahi dugu».

Denboraldi honetan bost aldiz jokatuko dute elkarren aurka bi taldeek, eta guztietan Baskonia gailendu da. Gaurko partidari begira, talde guztia jokatzeko prest du Pedro Martinezek. Unicajan, berriz, ikusteko dago Waczynskihegalekoa nola dagoen. Izan ere, herenegungo partidan bihurritu egin zuen orkatila, Diopekin izandako lehia batean.

Baskoniak irabaziko balu, asteburuan jokatu luke finalerdietako lehen partida, Bartzelona- Andorra kanporaketako irabazlearen kontra. Herenegun, Andorrak ezustea eman zuen Bartzelonan irabazita (76-94), eta 0-1 dago kanporaketa. Galduz gero, berriz, arabarrek etzi jokatuko duteBuesa Arenan partida erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.