Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Etxean entzundakoari, irudiak

Bere sorterriaren historiari «minez» hurbildu zaio Sarunas Bartas zinemagilea 'Sutemose' filmean. Gazte baten begiradatik erretratatu du sobietarren okupazio garaiko Lituania

Sarunas Bartas zinemagile lituaniarra, Sutemose / In The Dusk filmaren atzoko emanaldiaren ondotik, Donostiako Zinemaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteak dira. Elurrez estalita daude Lituaniako herri txiki bateko bazterrak. Aldameneko basoan, sobietarrei aurre egin nahian ari diren erresistentziako zenbait kide ezkutatzen dira. Eta handik gertu, inguruko etxalde batean bizi da Unte gaztea, semetzat hartu zuen gizonarekin, haren emaztearekin eta neskame batekin. Gizonak erresistentziako kideei laguntzen die, eta isilpean, hainbat gako azalduko dizkio gazteari, inguratzen duen errealitatea ulertu nahian dabilena. Sarunas Bartas zinemagile lituaniarrak bere aitona-amonen ahotik entzun zituen garai hari buruzko istorioak, haurra zela. Eta kontakizun haiek gogoan, bere sorterriaren historiaren erretratu bat egin du Sutemose / In The Dusk filmean. Cannesko jaialdiak aukeratutako lana erakutsi zuen atzo Donostiako Zinemaldiak, Sail Ofizialeko lehian.

«Ez zen erraza izan Lituaniaren historiari buruz hitz egitea. Oso mingarria izan zen niretzat», aitortu zuen Bartasek, filmaren goizeko emanaldiaren ondoren Donostian eginiko agerraldian. Besteak beste, Few of Us (1996), A Casa (1997), Freedom (2000), Indigène d'Eurasie (2010) eta Frost (2017) filmak zuzendu ondotik,zinemagileak lehen aldiz heldu dio gai historiko bat lantzeko erronkari. Eta oso hurbila duen errealitate bat aukeratu du horretarako. «Nire historia da, nire herrialdearen historia; beraz, lotura oso estua da. Garai hartan jaio nintzen, gerra hartako azken partisanoa hil eta berehala. Nire aitona-amonek sarri hitz egiten zuten haiei eta gaiari buruz; gogoan dut, haurra nintzela, nola kontatzen zidaten zer gertatu zen herrialdean. Garai oso gogorra izan zen. Agian gertuegi ukitzen ninduen gaiak, eta, beharbada horregatik, ariketa hau egiteko beldurrez izan naiz orain arte».

Baina heldu zion azkenean. Eta aitaordearen bitartez ez ezik, gaztearen ikuspuntutik begiratzen dio filmak garai historiko horri. «Saiatu nintzen hori pertsona askoren begietatik erakusten: partisanoak, aitaordea... eta gaztea, lehen aldiz ari dena hori guztia bizitzen. 18 urte ditu, eta gogoz dago bizitzeko; garrantzitsua zen niretzat hori erakustea». Epikotasunetik urrundu da, halaber, gaztearen inozentziaren galera, gezurrak, traizioa, gosea eta tortura ere ageri baitira istorioan.

Paisaia izoztuak

Historiaren barruko istorio zehatzak eta pertsonaien arteko harremanak dira kontakizuna josten duten hariak. Eta herrialdea zeharkatzen zuen hondamena islatzeko, paisaia gris izoztuak, eta haietan bizi diren jendeen aurpegi zein esku zartatuak jarri ditu lehen planoan zinemagileak. «Ez dut efektu asko sartzea gogoko. Halaber, paisaiak oso garrantzitsuak dira kasu honetan. Sinplea dirudi, baina sentitu ere egin behar duzu, eta batzuetan ez da lortzen erraza izaten», azaldu zuen, filmeko argazkilaritza lanaz galdetuta, Eitvydas Doskusen ardurapean landu zutena.

Filmatze lanak baldintza gogorretan egin zituztela ere kontatu zuen, egunero-egunero izan zutela elurra. Antzezleen hautaketa ere berezia izan zen; filmeko aktoreen %30 baino ez dira izan antzezle profesionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.