Durangoko Azoka «egokitua»

Koronabirusaren eraginez, zuzeneko emanaldi gutxiago eta bisitari kopurua kontrolatuagoa izango duen Durangoko Azoka bat antolatuko du Gerediaga elkarteak

Abenduaren 5etik 8ra egingo dute aurten Durangoko Azoka, eta Landako guneaz gain, webgunea izango da beste salmenta gunea. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Durangoko 55. Azoka egin egingo da». Koronabirusaren ondorioz hedatu den ziurgabetasun egoerak bultzatuta, oinarrizko mezu argi hori ematera behartuta ikusi du bere burua Gerediaga elkarteak aurten. Hemendik abendura arte egoera asko alda daitekeela jakinik, protokolo eta neurri zehatzik ez dute jakinarazi oraindik, baina azoka «egokitua» izango dela iragarri dute: bisitari kopuru kontrolatua, zuzeneko emanaldi eta aurkezpen gutxiago, eta aurtengo nobedadeei eskainitako denda digital bat. Moldatuta, beraz, baina egin, egingo dela. Abenduaren 5etik 8ra, zehazki, eta TaupaDA! leloarekin. «Seguru gaude jendeak erantzungo duela. Guztiok egokitu beharko dugu».

Egoera «zaila» dela onartu du Nerea Mujika elkarteko lehendakariak. «Ezjakintasuna da nagusi. Inork ez digu ziurtatzen abenduan oraingo egoerari eutsiko diogun, hobeto egongo garen, edo beste itxialdi batean egongo garen». Baina, ezinbestean, egoera horretan egin beharko da azoka aurten, eta, horregatik, «etengabeko» harremanetan dabiltza azokaren parte diren gune, argitaletxe eta erakundeekin. Arantza Atutxa elkarteko kudeatzaileak esan duenez, haiekin «kontrastatuta» egin dituzte orain arteko urrats guztiak, eta hala egin nahi dituzte hemendik aurrerakoak ere.

Hasteko, laburragoa izango da aurtengo azoka. Berez, bost eguneko programa zuten buruan aurtengorako, baina lau egunera murriztu dute egitaraua. Lehen eguna kendu dute. Baina hori ere ez erabat. Abenduaren 4an azoka fisikoki itxita egongo den arren, Gerediagak formatu digitalera egokituko du ikastetxeentzako izan ohi den lehen eguneko programa. «Pilaketak ekiditeko».

Zuzeneko gutxiago

Hori da kezka nagusia, eta zuzeneko emanaldiei buruzkoa da galdera nagusia horregatik. «Denok gabiltza kezka horrekin», esan du Atutxak. Zalantzak dira nagusi oraingoz. «Zuzenekoak egitekotan, nola egin, zer edukierarekin, ohiko formatuan egitea komeni den edo bestelako formatu bat bilatu beharko den...». Edonola ere, aurten, azoka bisitatu, lagunekin elkartu eta sortzaileen sinadurak jasotzeko aukera eskainiko duen azoka bat da antolatzaileek buruan dutena.

Azokaren antolaketari ere eragingo diote egokitzapenek. Berez, zazpi gunek osatzen dute azoka, baina haien eskaintza ere moldatu egin beharko dela aurreikusten du Gerediagak. Atutxak eman du azalpena: «Guneak azokaren parte dira, eta egongo dira azokan; beste modu batera egongo dira, eta birtualera joango da programaren ehuneko handi bat. Ikusi beharko dugu zelan antolatu azokan bertan egongo diren emanaldiak. Baina protokoloak eta bestelakoak argitu arte, haiekin gabiltza elkarlanean».

Denda digitala

Zenbait argitaletxek jadanik baieztatua dute azokan izango direla, baina aurreko urteetan baino salmahai gutxiago egongo direla uste dute antolatzaileek. Irailean zabalduko dute aurten ere eskariak aurkezteko epea, eta, esan dutenez, oso litekeena da izen emateak ere sasoi horretan dagoen egoeraren araberakoak izatea. «Orain hitz bi ditugu denok ahotan», esan du Mujikak, «moldatu eta egokitu, egokitu eta moldatu. Eta azokara datozenak eta antolatzen dugunok hitz berberak erabiltzen baditugu, seinale ona dela dirudi».

Azoka martxan izango den egunetan denda digital bat ere jarriko dute azokaren webgune ofizialean. 2020ko nobedadeak bakarrik salduko dira denda horretan, eta azokak irauten duen egunetan soilik egongo da erabilgarri.

Ziurgabetasun orokortuaren erdian ere mezu «baikorra» eman nahi dute antolatzaileek aurtengo leloarekin. Horregatik hautatu duteTaupaDA! lelotzat. Esan dutenez, euskal kulturgintzak bizirik jarraitzen duela adierazi nahi dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.