Super Amara Bera Berak ia irabazita dauka liga

Gijonen 23-36 irabazi eta gero, datorren larunbatean puntu bat ateratzen badu Elxen aurka Donostian, txapeldun izango da

Bera Berako jokalariak atzo, Gijonen, garaipena eta liga ia irabazia dutela ospatzen. BERA BERA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak liga irabaztea ohitura bihurtu izanak ez du esan nahi ahuntzaren gauerdiko eztula denik. Ohiturarena ez da harrokeria, oraindik ez badu ere lortu zazpigarren titulua izango lukeena. Baina esku-eskura dauka: nahikoa izango du datorren larunbatean, etxean, Elxen aurka puntu ale bat ateratzea txapeldun izateko.

Kontuak gardenak dira: aurkari bakarra Rocasa du, eta zortzi puntuko koska dago Donostiako taldearen alde. Sei ditu jokoan Bera Berak, baina kanariarrek zortzi, eta horietako partida bat elkarren artekoa da, gainera—han jokatuko dute maiatzaren 14an—. Deskalabru bat izan behar luke Imanol Alvarezen taldeak liga ez irabazteko: hiru partidak galdu, eta Rocasa lauretan gailentzea eta Bera Berari average-a kentzea —Donostian, etxekoek irabazi zuten, 25-22—. Okerren bat behar luke larunbatean txapeldun ez izateko.

Jokatu egin behar dira partidak, eta irabazteko, ondo jokatu. Oinarrizko hori osatu beharko du Bera Berak Elxen aurka, eta, gauzak bere-berean joaten badira, arazorik ez luke izan behar garaile izateko. Elxek baino 11 puntu gehiago baititu oraintxe. Aldeak alde, atzo Gijonen jokatu zuen partidaren antzekoa izan daiteke datorren larunbatekoa. Aurkaria baino hobea izanda, erakutsi egin beharko du. Atzo hala egin zuen.

Aise bota zuen Gijon Bera Berak (23-36). Hamahiru golen aldeak ez du misteriorik. Talde hobea denak ondo osatu zuen egin beharrekoa, eta aurkariak ez zuen inolako aukerarik izan. Logika gailendu zen. Batez ere, bigarren zatian. Aurrenekoan ere bai, nahiz eta uneren batean etxekoak bi golera ere gerturatu ziren.

Datu honek ederki azaltzen du nolako aldea egon zen bi taldeen artean: partida osoan, beti egon zen aurretik Bera Bera. Esther Arrojeriak eta Eli Cesareok0-2koa jarri zutenetik, aginte makila Imanol Alvarezen taldearentzat izan zen. Defentsa ona egitea eta erasoan azkar ateratzea Donostiako taldearen nortasunaren adierazgarririk onenak dira, eta atzo biak erabili zituen.

Aurreneko ordu erdian, hiruzpalau golen aldea izan zuen ia beti Bera Berak, eta erabakita utziko zuen partida etxekoen atezain Raquel Alvarezen lanagatik izan ez balitz. Erasoko eraginkortasuna bigarren zatiaren hasieran berreskuratu zuen: atsedenaldira 13-17 joan ziren, eta ondorengo hamar minutuetan, 0-8ko partziala egin zuen. Etxekoen bigarren zatiko lehen gola orduan iritsi zen. Gero, beste bost baino ez zituen sartu Gijonek. Bera Bera defentsan ondo aritu zela esan nahi du horrek. Horrenbestez, erraz irabazi zuen. Golegile onenak Cavo, Laura Hernandez eta Cardoso izan ziren, seina gol sartuta.

Zuazok mailari eutsi dio

Zubileta Evolution Zuazok Lehen Mailan jarraituko du datorren sasoian ere, atzo Kordoban irabazi izanak (23-30) hori bermatu baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.