Sanferminak Iruñean

Sanferminak algaraz bete

Nafarroako hamaika federaziok Kirol Ari gazte gunea sortu dute. Aurten ere gazteentzako programa egin da Foruen plazan. Birjolastu jolasgunea antolatu dute Takoneran

Bi gazte baloiarekin jolasten, atzo, sanferminetan jarduera osasungarriak sustatzeko Kirol Ari gunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Aurtengo sanferminetan ere 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabek jaietan leku propiorik ez dutela-eta, Iruñean hainbat gune sortu dituzte behar horiei erantzuteko. Guneetako bat Media Luna parkeko Kirol Ari gunea da. Doako gune bat da, egunotan hamaika kirol federaziok kirolariei eta gaztei eskainia. Sanferminetan kirola sustatzea eta gazteei bestelako aukerak eskaintzea da gunearen helburua.

Gunearekin, antolatzaileek «alternatiba osasuntsuak» bultzatu nahi dituzte sanferminetako bizimoduaren aurrean. Hori lortzeko, kirola egiteko aukera emateaz gain, haur eta nerabeei hainbat elikagai osasuntsu ere ematen dizkiete.

Egunean mila haur eta nerabe inguruk parte hartzen dute. Gazteen algaren artean, saskibaloi, arku tiro, golf, piraguismo eta pika tailerrak egiten dituzte, adibidez.

Oraingoz, sanferminetako lehenengo egunetan, egunero Arga ibaian egiten den piraguismoak, golfak eta arku tiroak izan dute arrakasta gehien umeen artean. Hala ere, txikiei kirol batzuk asko atsegin zaizkienez, hainbatetan errepikatzen dute.

Antolaketari dagokionez, hamaika kirol federaziok antolatu dute gune hori. Egunean federazio guztietako hainbat monitore egoten dira haurren artean, haiekin jolasten, egin beharrekoak irakasten eta laguntzen.

Haurrekin doazen helduek belardian eguzkitan egoteko aukera aprobetxatzen dute. Gurasoek uste dute Kirol Ari gunea ideia ona eta polita izan dela, eta esan dute izugarri eskertzen dutela.

Sanferminak amaitu arte egongo da zabalik, goiz eta arratsaldez, giro biziarekin.

Foruen plazakoa da haur eta nerabeei zuzendutako beste gune bat. 250-300 haur eta nerabe jasotzen ditu egunean. Aurten ere, Iruñeko Udalak zortzi eta hamalau urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako espazio bat jarri du. Eguneroko programa zabal bat sortu dute, doako hainbat jarduera egiteko. Denetariko ekintzak daude programa horretan: karaokea, hainbat tailer, dantza klaseak, apar festak...

Bertaratzen diren guraso eta aitona-amonek ere eskertzen dute beren haurrek «programa propio» bat izatea sanferminetan, txikienek «ongi pasatzeko eta disfrutatzeko aukera» daukatelako. Bestetik, guraso batzuk haur eta gazteen ongizateari begira plazaren forma itxia eta babestua egokitzat jo dituzte.

Sanferminetan lanean ari direnek nabaritu dute plaza honetara helduriko jendea asko ugaritu dela. Hala ere, nahiz eta kopurua asko igo den, jarduerak «arazorik gabe» egiten ari dira egunotan.

Hainbat adinetako jendea inguratzen da gunera. Batzuk jakin-minagatik, beste batzuk belardian egoteko edo sanferminetako dinamikatik ateratzeko. Gazteenak lagunekin disfrutatzeko heltzen dira.

Foruen plazako programa uztailaren 14ra arte zabalik egongo da egunero, Kirol Ari gunearen modura. Hurrengo urtean berriz ere horrelako guneak aurrera eramango balira, hainbat ume, guraso eta arduradunek horien aldeko apustua egingo dute.

Birjolastu da gune berrien artean arrakastatsuenetako bat. Aurreko urteko sanferminetan 60.000 pertsona bertaratu ziren, eta aurten ere Taconerako parkean jarri dute. Gune horren helburu ingurumenarekiko errespetua jolasekin transmititzea du , batez ere haurrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.