Pentekoste jaiak Bergaran

Esker oneko aitortza elkartasun emaileei

Katxalin elkarteak jaurtiko du aurten Bergarako mendekosteen txupinazoa. Bularreko eta ginekologiaren arloko minbizia duten emakumeen elkarte horrek 1987tik dihardu andreei babesa ematen

Hemezortzi erraldoi ditu dagoeneko Bergarako Erraldoi Taldeak. BET.
Maialen Unanue Irureta.
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gaur hasiko dira Bergarako (Gipuzkoa) Mendekoste jaiak, modu berezian hasi ere. Katxalin elkarteak jaurtiko du jaien hasierako txupinazoa. Duela 32 urte hasi ziren bularreko eta ginekologiaren arloko minbizia duten emakumeei laguntza ematen, 1987an, eta egindako elkartasun lan horri guztiari esker oneko aitortza egingo diote aurten. Horrez gain, aldaketa bat izango da txupinazoan: ohi baino ordu erdi lehenago jaitsiko da Bitorianatxo panpina San Martin plazara, 19:30ean.

Debagoien osoko 110 kide ditu, egun, Katxalinek. Minbizia dutenei eta haien familiei laguntza eta sostengua ematea da haien lana. Hori horrela izanda ere, bestelako minbiziak dituztenei ere laguntzen diete, emakume zein gizon, laguntza eskatuz gero. Izan ere, gaitzak izen bat edo bestea izanik ere, egoera berean dauden edo egon diren lagunekin elkartzeak ulertuak sentitzen lagun diezaieke. Are gehiago, sendatu direnak ikusteak eta gaitzari aurre egin dakiokeela jakiteak lagundu egiten die itxaropentsu izaten. Senideekin ere lan egiten dute, bai baitakite haiek ere galdu samar sentitzen direla halako kasuetan. Astero batzen dira, eta maiz antolatzen dituzte hitzaldiak eta tailerrak. Azken urteetan proiektu bat abiatu dute: bihotz formako burkoak egin eta ospitalean daudenei oparitzen dizkiete, bularra galdu dutenen kasuan, besapean jarri eta eroso egon daitezen.

Aurtengo mendekoste jaien beste berritasun bat herrian tradizio handia duten erraldoiekin lotua dago. Hain zuzen ere, erraldoi berri bat egin dute Bitorianatxoren omenez, haurren tamainakoa; horrekin, hemezortzi dira BET Bergarako Erraldoi Taldearen piezak. Ehundik gora kide ditu taldeak, gehienak haurrak, eta horregatik egin dute haiek erabiltzeko moduko erraldoia. Urtero bezala, beste herrietako erraldoi zaleak joango dira festetan: aurten, Bilboko Deustu auzokoak, Urretxukoak (Gipuzkoa) eta Madrilgo Torrejon de Ardoz herrikoak. Bihar goizean kalejiran ibiliko dira, Espoloitik San Martin plazaraino, eta han dantza erakustaldia egingo dute. Horren ostean aurkeztuko dute Bitorianatxoren erraldoi berria.

Aurten ere, Txoko Morea

Iaz bezala, gainera, Txoko Morea antolatuko du Martxanterak talde feministak, txosnetan, Xaxau jai herrikoien konpartsarekin batera, espazio fisiko bat edukitzearen garrantziaz jabetuta. Jarrera matxisten aurrean erreferentziazko gune izateaz gain, jai ereduari buruzko gogoeta bultzatu nahi dute: galdera-erantzunen bidez, egunerokoan gertatzen diren egoerak azaleratu nahi dituzte. Umoreak ere izango du lekurik Txoko Morean, Tarot Feministarekin. Horretaz guztiaz gain, argazkiak ateratzeko txoko bat jarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.