Sanferminak Iruñean

Berdintasunaren aitzindariak

Iruñeko Udalean 1979. urtean zinegotzi izan ziren bost emakume saritu ditu Bronce peñak. Berdintasunaren aldeko FESTA egitasmoaren hirugarren saioa izan da aurtengoa

Brontze Peñako kide bat, sarituei aurreskua dantzatzen. LANDER ARROIABE OLAORTUA / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
FESTA sari banaketan, Iruñeko Kondestablearen jauregia kolore zuri-gorriz bete zen atzo eguerdian. Bi urtetik hona, sanferminetan eta Iruñean eragina izan duten emakumeak saritzen ditu Bronce peñak. Atzo, FESTA sariaren banaketan, 1979. urtean Iruñeko Udalean lehen emakume zinegotzi izandakoak omendu zituzten: Mercedes Labaien (UPN), Camino Osle (PSOE) eta Maruja Oiaga (UCD). Elisa Txartegi UCDko hautetsi ohia ezin izan zen bertaratu. Era berean, aurreko abenduan zendu zen Camino Monasterioren (HB) saria Itziar Mendibe alabak jaso zuen. Lau emakumeok, udalean, aitzindariak izan ziren berdintasunaren aldeko lanean.

Aurreko bi urteetan egin den bezala, Muthiko Alaiak peña iruindarraren abesbatzak aurreskuaren kantuarekin egin zien ongietorria emakume zinegotziei. Ondoren, Brontze peñako bi gaztek lore-sorta zuri-gorriak eman zizkieten. Brontzeko bi kide emakumezkok goraipatu egin zuten lau hautetsiok 1979. urtean eman zuten aurrerapausoa. Harrera ekitaldia amaitu baino lehen, Brontzeko umeek zinegotzietako bakoitzari konposatutako abesti bat eman zioten, gutun azaletan.

Laffage gogoan

Ongi etorria amaituta eta jauregian bertan, Brontze peñako Ignacio Brun buruak esan zuen emakumeak ikusarazi egin behar direla. Bost zinegotziei eskertu egin zieten Iruñeko gizartean sexismoaren arazoaz hausnarketa piztu izana, eta Pioneras III izenburupeko dokumentala eman zuten jarraian. Txalo zaparrada handia jaso zuen ikus-entzunezko emanaldiak.

FESTA sariko lehendakariak, Irantzu Bayok, «behin-behineko berdintasuna lortzeko» deia egin zien herritarrei, eta gogoan izan zituen 2008. urteko sanferminetan hildako Nagore Laffage eta berriki hildako IPESkoSilvia Fernandez.

Zinegotzi ohiek hunkituta jaso zituzten hitzak eta saria. Camino Oslek nabarmendu zuen «hunkigarria» izan zela omenaldia, garai batean egindako lan guztia «oroimenera berriz ekarri» ziolako. Era berean, gaineratu zuen omenaldi mota honek behinola egindako aurrerapausoak gizartearen aurrean «erakusteko» balio duela.Berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko deia egin zuen. Jasotako sariarekin «oso eskertuta» sentitzen zen: «Orain emakumeok gure izateaz hausnartzen hasi garela, gizonek gauza bera egiten hasteko momentua da. Beren izaeraz eta maskulinitateaz gogoeta egin behar dute», aditzera eman zuen.

Hunkituta zegoen Maruja Oiaga zinegotzi ohia ere, eta, Osle bezala, «oso eskertuta». Oiagak gogora ekarri zituen behin zinegotzi zela entzierroaren buru izan zenean hainbat gizonezkok egindako eraso sexistak: «Presidentea, hori bai neska puska!», eta horrelakoak oihu egin zizkioten garai hartan. Oiagaren ustez, emakume gisa lortutako emaitzak oroitzeko balio izan dio omenaldiak: «Gu izan ginen udalean sarturiko lehenengo emakumeak».

FESTA sariketaren hirugarren aldia izan zen atzokoa; aurreko bietan, Iruñeko peñetako lehenengo emakume kideak eta sanferminetakolehenengo emakume musikariak saritu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.