Albistea entzun

Egiaz eta begiaz

Maite-sua, miresmena, urrikia

1974an argitaratu zuen Xabier Letek bigarren lana: 'Bigarren poema liburua'. Ondoko aldian su biziaren abiadan zabaldu ziren hango poemak, Letek berak nahiz Antton Valverdek kantu eginik. Liburua ireki dugu, bada, eta mamira baino lehen, irakurri dugu: «Azala eta marrazkiak: Sara Soto».
Emma Soto Gabiola, lorategiko zedro tantai gotorren gerizan. Hantxe datza bere ahizpa Sara, errautsetan.
Emma Soto Gabiola, lorategiko zedro tantai gotorren gerizan. Hantxe datza bere ahizpa Sara, errautsetan. ZALDI ERO Tamaina handiagoan ikusi

Miel A. Elustondo -

2021eko apirilak 6

Orixeren Jainkoaren billa. 1971n Mensajero argitaletxeak EtorBidean Kultura bilduma ireki zuen titulua. Txillidarena azala. Ondoko aleetan ere urrezkoak dira azalak, mamiak bezainbat. Hor dira artista ezagunen margo-portadak. Txillidari jarraiki zitzaizkion margolarien artean dira, besteak beste, Julian Ugarte, Maria Paz Jimenez, Ruiz Balerdi, Javier de Villa, Xanti Iruretagoiena, Remigio Mendiburu... Esateko, Mendibururena du aurpegi Xabier Leteren lehen lan Egunetik egunera orduen gurpilean-ek. Letek ondu zuen bigarrenak, izanaren ondran eta alabantzan Bigarren poema liburua izenburu zuenak, hondarribiarraren lana ez baina Sara Soto Gabiolarena zuen azalean. Harreman min baten ondorio.

Xabier Lete, Sara Soto

Erlazio estua izan zuten Xabier Letek eta Sara Soto Gabiolak, Sarak eta Xabierrek. Eta, ageri denez, Lurdes Iriondok. Sararen ahizpa gehien Emmak ez daki noiz zertu zen, doi, harreman hura. Badu uste, hala ere. «Haien musika emanaldiren batean... Ez Dok Amairuren garaian, agian... Harreman mamia izan zuten, horixe esaten ahal dizut. Eskutitzak ere baditugu, Xabierrek Sarari idatziak, eta Xabier eta Lurdes ezkondu zirenean [1968], berriz, gure ahizpak ikatz-marrazki bana egin zien, handiak. Sarak bazuen marrazteko abildade, ona zen lausotze lanean, eta bere marrazkietan antz izugarria ematen zion jendeari». Urteak geroago, Bigarren poema liburua ilustra ziezaion eskatu zion Xabier Letek Sara Sotori. «Han non datorren egun batean Xabier, ea liburua ilustratuko zion galdezka Sarari. Ez dakit gure ahizpak Xabierri zer erantzun zion ordukoan, baina ilustrazioak egin zizkiola, liburua duzu froga». Letek bazukeen Sara adiskideari lan berezi hura agintzeko aski arrazoi, Emma Sotoren hitzetan. «Nik uste Sara ezagutzen zutenak aise ohartzen zirela gure ahizpak bere barne-mundua adierazteko behar goria zuela, eta, bestalde, eta oroz lehen, maite zuten. Hala Xabierrek [Lete], nola Nestorrek [Basterretxea], Fernando Etxeparek eta Migel Pelay-Orozkok... maite zuten, preziatzen zuten, eta zerbait lan agintzen zioten: 'Egiten duen lana, lagungarri zaigu. Aldi berean, lan horrek on estimagarri gaitza egiten dio haren buruari'». Sara Sotok Xabier Leteren Bigarren poema liburua-ren azala egin ez ezik, liburua diseinatu ere zion, ordu artekoak baino tamaina handiagoan, eta barnean ere ilustrazioak josi zenbait poemari. Ohiz kanpoko objektua, harako Mensajeroren bilduman.

Haatik, poemategi hura irudiz janztea ez zen izan Leteren eta Sara Sotoren elkarlan bakarra, Emma Soto Gabiola oroitzen denez... «Xabier askotan etortzen baitzen gurera, Hondarribira. Sarak, berriz, hementxe sendategia ziotson gure etxeari, ematen zituen udako hilabeteak. Egun batez, sartu da Xabier, eskuan paper bat ageri: 'Sara, musika ezarri behar diezu hitz hauei'. 'Ai, ama! Hau da urduritasuna, Xabier!'. 'Zu lasai, Sara, urduritasuna ez duzu betiko. Zuk hartu nire poema hau, eta musika ezarri. Beste kezkarik ez ibili alferrik!'. Eta, gero, gehiago ere esan zion Xabierrek Sarari: «'Eta, begira, inor ez dadin etorri bazterrak endredatzen, denetako jendea baita munduan, notario aurrean adieraziko dut neuk eman dizudala poema, musika ezar diezaiozun. Batean plagio, bestean salaketa, hurrena intromisioa... zernahi bada bazterretan. Bizian ona baino hobeak baikara denok! Hilean dira kontuak! Are, tartean marabediak txin-txin dabiltzanean!'... Zuhur eta zohi jokatu zuen Xabierrek, balizko kalte horiek guztiak galarazi nahiz Sarari. Halakoxe harremana zuten Xabierrek eta Sarak». Esan eta egin, Xabier Leteren hitzak musikatu zituen Sarak: Las últimas reinas de Navarra, bai diskoan eman ere, Elurretako printzesak izenez. Oraingo egunean, bestelako doinu batez, Antton Valverdek interpretatzen diguna dugu: Nafarroako azken erreginak Donapaleun.

Soto Gabiola

Sara Soto Gabiola 1939an jaio zen Gorlizen, nahiz gurasoak Berastegin bizi ziren garai hartan, aita han ari baitzen lanean, meategietako mediku. Ordea, Sararen amak Gorlizko sendategiko zuzendariorde zuen osaba, Luis Goiri... «Eta osaba hark esan zion gure amari Gorliza joateko, han zuzenean artatu ahal izango zuela. Eta hantxe jaio ginen bi nagusiak. Neu izan nintzen ahizpa gehiena, Sara bigarren, eta Isabel gazteena; hau Irunen jaio zen, aita Irugurutzetako meategietan baitzen ordurako». Irunen hasi ziren ikasten, Andre Maria Pilarekoaren ikastetxean, baina berandu gabe zuzendu zituzten gurasoek bestelako giro batera, diktaduraren harritzar handiaren azpitik ateraz. «Oroitzen naiz gure aitak esaten zuela Irunen bizi ginenez, bestelako mentalitate baten jabe izan behar genuela, irekiagoa, modernoa, hizkuntzak jakin behar genituela... Eta Hondarribiko Saint Maur ikastetxera hasi ginen, non moja guztiak frantsesak baitziren, salbu eta bat, irlandarra. Hurrena, Donibane Lohizunen ikasi genuen Sarak eta biok, moja dominikoen ikastetxean. Hantxe zaletu zen Sara musikara, pinturara, edo erakutsi zuen ezpala zuela». Baina aurkiak bere du beti girbina. Abildadea, bateko; baldar hura, besteko. «Soka-saltoan ari, eta moldagaitz Sara! 'Hi, neska, mugi hadi!', jarduten genion... Hamabi-hamahiru urte zitueneko, bistakoa zen ez zuela oina behar bezala zapaltzen. Gurasoak ere ohartu ziren, jakina, eta Jimenez Diaz Fundaziora eraman zuten, Madrilera. Eta ezarri zioten tratamendua, agindu zizkioten diren eta ez diren ariketak... Muskulu-distrofia! Eritasuna mantsoarazi zuten, geldiarazi ez, ordea. Eta Sara bera ere ohartu zen, bestelako bidea hartu behar zuela jabetu. Eta Sararen baitan ura turrustan zetorrenez, bere barnea adierazteko tirria makurra baitzuen, Gaspar Montes Iturriozekin hasi zen, marrazten eta pintatzen, Irunen bertan. Hargatik dugu etxea Sararen marrazkiz eta pinturaz beterik. Eta, hurrena, musikari lotu zitzaion, operari eta gainerako fortuna guztiari! 'Hauxe dut bidea!' iritzi ziola esango nuke», Emma Soto, bere ahizpaz.

Irungo Alardearen banda musikaren zuzendari Jose Antonio Canoura izan zuen lehen irakasle. «Posta bidezko ikastaroak ere egin zituen. Gogoan dut inoiz edo behin Donostiara eraman nuela, azterketak egitera. Pintatu zuen, musika egin zuen... eta, artearen bidez, bere bizia mamitu zuen... Egongela handi bat genuen etxean, gona-mahai bat han, eta hantxe Sara atergabe, sortzezko lanean. Hantxe hartu ohi zituen bisitan zetozkionak, lagun egitera nahiz proiekturen batean parte hartzera eskatzera. Fernando Etxepare, Ricardo Requejo, Migel Pelay-Orozko, Txiki Adrada, Nestor [Basterretxea]... Eritasunak etxean loturik eduki zuen Sara, ez zuen bidaiatzeko modurik izan, ezta kalera irteteko ere, baina, ordez, etxera joaten zitzaion jendea, eta, oroz gain, adiskide zituen». Eta, adiskide eta lagunetan nabarmen, etxekoa, Emmaren senar Anderren anaia gehien Nestor Basterretxea, Sararen mentore, eta artearen bide bihurrietan barna zuzendu zuena.

Emma Sotok 1963an hartu zuen senar Ander Basterretxea... «eta ixtant beretik egin zuten bat Nestorrek eta Sarak. Bestalde, Irunen ginen denok, kale berean, Frantzia hiribidean. 35. zenbakian haiek, Nestor-eta, Oteizarekin partekatu zuten etxean, eta 4.ean, berriz, gu. Gurasoak ere ez genituen aparte, harrikada bide baitzegoen haienera, Kolon pasealekura, eta hantxe bizi zen Sara. Esan nahi dut, Nestor nahizu-nahizu zela gurean... Behin, beste proiektu bat. Egun batean, hantxe sartu zen Nestor, paper bat eskuan zintzilik. Urteak lehenago Xabierren [Lete] jarreran iduri: «Ea, Sara, musika ezarri behar diozu honi!». Xelebre hutsa baitzen Nestor! «Baina zer ari zara, ordea? Ez ni estutu, gero!». Arantzazuko kriptaren argazkiak ere ekarri zizkion, eta ikaragarria izan zen emaitza: Karraxiz poema korala. Jendeak Sarari opa zion, bada, opa zionez. Nik uste maite-sua, miresmena eta urrikia zirela... Gero baino gero ezinago zen Sara, herren eta ohatua, gitarraren hariak zarrastatzeko ere ezgai... Muskulu-distrofiak zer ekarriko zion igarriz, nonbait ere, bizia eman zioten denek». 1999ko ekainaren 28an itzali zen Sara Soto Gabiola. «59 urte bete berritan! Hip-hip...», espaz, aienez eta zinkurinez Emma Sotok. «Hiltzean, Sarak nire esku utzi zuen bere ondarea, eta sos haiek hartu eta bere obra bildu genuen, eta grabatu, eta argitaratu. Hainbat lagunek hartu zuten parte Sararen oroitzako lan hartan». Sara Soto Gabiola izeneko diskoa, alegia.

Zoriaren ironia

«Azkeneko hatsa arte izan nintzen Sararen ondoan, eta, badakizu?, zoriontsu izan zela zioen, biziari eskerrak emanez ari zen... Violeta Parraren zera hori, nonbait ere: Gracias a la vida... Eskerrak biziari... Sara Irungo ospitalean hil zen. Oroitzen naiz. Azkeneko gaua izango zena. Goizean goizago, kax-kax jo zuten logelako atea. Erizaina. 'Bisita duzu...'. Nestor! [Basterretxea] Artean oso zen goiz. 'Zer moduz da?', berak. 'Itzaltzeko zorian. Lasai, hala ere, lasai eta eder'. Horrelaxe esan nion, 'lasai eta eder'. 'Sartu, nahi baduzu', nik gonbita, Nestorrek uko: 'Nire baitako Sararen oroitzarekin bizi nahi dut', esan zidan. Berandu gabe ekarri nuen Sara gurasoen etxera, eta bere ohean itzali zen». Ekainaren 28an hil zen Sara, Done Petri eta Done Paulo bezpera egunean. Biharamunean, alarde eguna Irunen.

Soto gabiolatarren etxe aurretik igaro ohi zen alardea eta hantxe izaten ziren etxekoak, bi balkoietatik begira, «pinpirin-pinpirin jantzirik beti, Sarari ikaragarri gustatzen baitzitzaion zalduneria hura... Hilaren 28an hila, 29an genuen hileta. Hilkutxa etxetik atera genuen, eta, tarte batez, maite-maitea zuen alardearen zalduneriaren atzetik eraman genuen, segizioan. Zoriaren ironia!»... Sara Soto Gabiola ez datza, hala ere, inongo hilerrian tonban ehortzirik, Hondarribian baizik, Anderren eta Emmaren etxeko lorategian, errautsetan, zedro tantai gotorren gerizan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©LUIS TEJIDO / EFE
San Mames estadio paretik hasi eta udaletxean bukatu zen manifestazioa. Hiru ilara osatu zituzten manifestariek, distantziak gordetzeko. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Futbolak eragindako oihuak

Amaia Igartua Aristondo

Bilbo 2021eko Eurokopako egoitzetako bat izango den erabakiko du UEFAk apirilaren 19an. Hala izan ez dadin eskatu dute Bilbon, 'Eurokopa honi ez' plataformak antolatutako manifestazioan.

<em>Orria</em> euskarazko astekaria 1983ko uztailaren 23an argitaratu zuen lehen aldiz <em>La voz de Euskadi</em>-k. ©BERRIA

Euskarazko kazeta bat ere nahi zuen Pepe Reik

Urtzi Urkizu

Pepe Reik eta beste kazetari batzuek 'La voz de Euskadi' egunkaria jarri zuten martxan 1983an. Euskarazko egunkari bat ere sortu nahi zuen Reik; 'Orria' gehigarria egin zuten bost hilabetez, Mikel Aramendi buru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria