Historiaurrerako bidaia

Ekainfest jaian, historiaurrearen berri izango dute, gaur, Zestoan. Ekain kobazuloko bizimodua ikusteko aukera ezin hobea izango da

Hainbat tailer egingo dituze egun osoan gaur Zestoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Milaka urte atzera egingo dute gaur Zestoa (Gipuzkoa) bisitatzen dutenek, Bizi Historiaurrearen xarma lelopean. Bederatzigarren urtez ospatuko dute herrian Ekainfest eguna. Jaialdiari esker, Ekain kobazuloa eta historiaurreko bizimoduaren berri jakiteko aukera izango dute hara biltzen direnek: ekintza ugari antolatu dituzte sustatzaileek. Ekainfesten helburuak herritarren parte hartzea sustatzea eta Zestoako ondare kulturala ezagutzera ematea dira. Urtez urte arrakasta handia lortu du jaiak.

Egun guztian hainbat ekintza antolatu dituzte Zestoan: denek dute historiaurrearekin lotura. 11:00etan hasiko da festa.

Gaztetxoentzat ekintza ugari daude: txikienek aukera izango dute historiaurrearen inguruko hamaika abentura bizitzeko. Ekainberriko historiaurreko kanpamentuan parte hartu dezakete. Sua egiteko, jakiak prestatzeko eta haitzuloetako artea sortzen ikasteko aukera izango dute, besteak beste. Sastarrain Baserri Eskolako zalditegiko pottokekin antolatu dituzten tailerretan ere parte har dezakete. Horrez gain, arratsaldeko 16:00etan hasiko dira Ekainberriko V. Historiaurreko Olinpiadak. Aurten birgaitze historikoan oinarrituko dira. Gainera, goizetik gauera, txu-txu tren turistiko bat ibiliko da herrian. Zestoako plazatik irten eta Ekain kobazulorainoko bidaiak egingo ditu: dohainik izango da.

Kobazuloa festaren ardatza

Doan sar daiteke 11:00etatik19:00etara Ekainberri erreplikara eta Lili Jauregira. XV. mendeko eraikina da, eta barruan hartzen ditu bi burdinola, bi errota, urtegi bat eta Lilibea etxea bera.

Txapela buruan eta dantza munduan ikuskizuna eskainiko du Eidabe kultur taldeak 18:30ean. Ordubete geroago, 19:30ean, Zestoako trikitilariak arduratuko dira herria girotzeaz. Eguna amaitzeko, San Joan sua piztuko dute, 22:15ean.

Gastronomiazaleek Ekainfest Pintxo Tourra egiteko aukera izango dute herriko tabernetan. Iluntzeko 20:30ean izango da herri afaria.

Debako Ekain leizea da Euskal Herriko labar-artearen errepresentatzailea. Goi Paleolitoko marrazkiak daude han: duela 13.000-14.000 urte ingurukoak. Zaldien, ahuntzen eta hartzen irudiak ikus daitezke, besteak beste. Ekain kobazuloa Europako labar artearen irudietako bat da: Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok 2008an.

Marrazkiak ez hondatzeko itxita dago jatorrizko koba bisitarientzat. Ondare artistikoa gizarte guztiaren eskura jartzeko duela hamar urte ireki zuten Zestoan Ekainen erreplika: Ekainberri. Marrazkiak ikusteaz gain, Goi Paleolito garaiko bizimodua nolakoa zen ere ezagut daiteke. Ekainfest Ekain kobazuloa ezagutarazteko egitasmoa da.

Ekainfest: historiaurreko jaia

Gaur, 11:00etan hasita, Zestoan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.