Txurroak, etxean

Udazkeneko eta neguko gosaria edo askaria izan ohi dira txurroak, hutsik edo txokolatean bustita. Osagai gutxi behar dituzte, erraz prestatzen dira, eta etxean arazorik gabe egin daitezke.

Txurroak, pilatuta, erretilu batean. J.M. GARCIA / EFE.
jakes goikoetxea
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Udazkena. Negua ere urruti ez. Berez, urte guztian jan daitezke; baina negu giroarekin, errazago. Kafetegiren batean, etxean edo herriz herri saltzen dituzten kamioiren batean. Ura, gatza, irina eta azukrea. Olioa, frijitzeko. Besterik ez dute behar. Txurroak dira. Hutsik edo txokolatean bustita.

Erosoagoa da txurroak etxetik kanpo jatea, baina COVID-19 izurritearekin, zailagoa bihurtu da. Bai, Iruñeko Mañuetakoak oso txurro onak dira, ia 150 urte daramatzate txurroak egiten, eta txurroen zaporea ezberdina da sanferminetako goizetan edo etxean. Baina ez da zaila txurroak etxean egitea.

Etxean txurroak egiteko ez da behar, Mañuetan bezala, aizkoraz moztutako pago egurrik sua egiteko. Haiek ere ura, irina eta gatza erabiltzen dituzte orea egiteko. Frijitzeko, enpeltre motako olioa.

Ura sutan jarri behar da, irakin arte, gatz apur batekin. Irakitean, gari irina bota behar zaio. Irina ura xurgatzen hasiko da eta egurrezko koilara edo espatula batekin nahastu behar da, orea osatzeko. Su txikian, sua itzalita edo sutatik kanpo egin daiteke.

Uraren eta irinaren proportzioak? Litroko 250 gramo irin. Badira katiluka neurtzen dutenak ere: irin katilu bat ur katilu bakoitzeko. Ohiko osagaiez gain, beste batzuk ere erabil daitezke: ura beharrean edo guztia ura izan beharrean, esnea; urari olio pixka bat edo gurina jartzea; eta irinari legamia pixka bat gehitzea.

Orea jada kazolari itsasten ez zaionean, prest dago. Orea atera eta zuzenean txurroak egin daitezke. Edo sukaldeko gainazal olioztatu batera bota eta oratu. Oratuz gero, kontuz, eskuak erre gabe.

Behin orea eginda, hainbat aukera daude. Txurro dendetan metalezko gailu industrialak dituzte orea sartu, sakatu eta zuzenean olio beroaren gainera botatzeko. Hori gabe ere egin daitezke, jakina. Txurroak egitea gustatuz gero, salgai daude metalezko eta plastikozko gailu txikiak eta sinpleak. Ez dira garestiak, hogei euro inguru balio dute. Makina horietako batzuk pastari forma emateko ere baliatu daitezke, ahoko ezberdinen bitartez. Txurroetarako izar itxurako ahokoa erabili ohi da.

Gailuak edo mahukak

Txurroak egiteko gailuek orea sakatu egiten dute, eta hori garrantzitsua da, oreari airea kentzen baitiote. Txurro osoagoak ateratzen dira, eta oliotan lehertzeko edo zipriztinak sortzeko arriskua txikiagoa da. Txurroak egiteko gailurik gabe, gozogileek erabili ohi dituzten mahuka batekin egin daitezke. Oso garrantzitsua da orea ondo sakatzea.

Kito. Txurroei forma ematea eta frijitzea baino ez da falta. Norberak nahi duen itxura eman dakieke, zuzenean olioaren botata edo aurrena gainazal edo erretilu batean prestatuta.

Frijitzeko, olioak beroa egon behar du, baina ez beroegi, kanpoko aldea txigortu bai, baina barrua gordina gera baitaiteke. Ez da komeni txurro gehiegi batera frijitzea, olioa epeldu egiten baita, eta orduan ez baitira ondo frijitzen.

Frijitutakoan, xukatu eta azukreztatu. Azukre zuria, panela, azukre beltza, glass azukrea... Etxean bertan egin daiteke glass azukrea, azukre zuria birrinduta. Azukrearen ordez, kanelarekin ere hautseztatu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.