Hizkuntza gutxituak. Murgiltze eredua

Hazkunde aroan emandako «kolpea»

Ipar Euskal Herriko ikasleen %72k ez dute harremanik euskararekin. Halere, 2004an Euskararen Erakunde Publikoa sortu zutenetik, gero eta gehiagok egiten dute murgiltze ereduaren aldeko hautua; ama eskoletan, bost haurretik batek.

Igor Susaeta.
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Iparraldean azken ikasturtean eskolatuak izan diren ikasleen ia hiru laurdenak (%72,5) eredu frantses elebakarrean aritu dira; hau da, ez dute euskararekin harremanik eduki. EEP Euskararen Erakunde Publikoak eman du datua. Bakarrik datu horri erreparatuz gero, ondoriozta daiteke euskarazko irakaskuntza egoera kezkagarrian dagoela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Baina badira aintzat hartu beharreko beste datu batzuk ere, eta horiek erakusten dute 2004an EEP sortu zutenetik eta 2006an erakunde horrek berak, hain zuzen, Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikarako lehen plana diseinatu zuenetik, hazkunde aro betean dagoela euskarazko irakaskuntzaren murgiltze eredua: ikastolak eta sare publiko zein pribatuko zentroak kontuan hartuta, ama eskoletan —5 urtera arte— eskolatutako bost haurretatik bat, matrikulatutakoen %20, murgiltze ereduan dago. «Orain dela hamazazpi urte, %5ek egiten zuten murgiltzea», nabarmendu du Hur Gorostiagak.

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko zuzendariak beste datu bat plazaratu du portzentaje horri balioa emateko: «Pirinio Atlantikoen Departamenduan jaiotza tasa oso-oso txarra da. Azkeneko bi urteotan, urtero 1.000 ikasle gutxiago eskolatu dira». Ordea, euskaraz eskolatu direnen kopuruak gora egin du: «Egun murgiltzean hasten direnek bihar Bigarren Hezkuntzan ere eredu berean jarraituko dute. Hori eraikitzen ari gara». Orduan iritsi da «kolpea», Frantziako Konstituzio Kontseiluak orain bederatzi egun emana: ebatzi du murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoa dela. «Hori guztia eraikitzen ari garenean iritsi da kolpea. Ikusi dute arriskua dagoela Euskal Herrian euskara bizi dadin; horren beldur dira», dio Gorostiagak.

Eraikitzen hasiak ziren 2004a baino dezente lehenago, halere. Seaskak 1969an hasi zuen ibilbidea, bost haurtxorekin —4.100 ikasle pasa edukiko ditu 2021-2022ko ikasturtean, eta, ama ikastolak, Lehen Hezkuntzakoak, kolegioak eta lizeoak aintzat hartuz, aurrekoan baino ikastetxe bat gehiago: 38—, eta sail elebiduna 1992an ireki zuten ikastetxe publikoetan. EEPren sorrerak bultzada bat eman zion hasitakoari; ofizialtasuna eman zion, nolabait, ordura arte ez baitzegoen euskararen aldeko hizkuntza politika publikorako egiturarik. Alta, erakundea ez zuten ezerezetik sortu. Euskal Konfederazioak hamar urte zeramatzan euskararen alde borrokan, eta Hizkuntza Kontseilua sortu zuen 2003an; hain zuzen, hura izan zen EEPren ernamuina. Batetik, eskaintzaren garapen kuantitatiboa lantzen du erakundeak; hori du helburu, eta, bestetik, egituraketa kualitatiboa, zazpi orientabideren bidez.

Horren ondorioz gertatutako joera aldaketaren berri emateko, pare bat datu plazaratu behar dira. Lehen Mailan —11 urtera arte— frantses eredu elebakarrean matrikulatutakoen portzentajea %78,7 zen 2004an, eta %59 2020an: %63,2 zen 2019an. Nolanahi ere, fase horretan eredu elebiduna (%27) murgiltze ereduaren (%14) aurretik dago.

Ikastoletatik kanpo, esperimentazioa du oinarri murgiltzeak —soilik Lehen Mailan jorratu daiteke esperimentazioaren bidez—, eta 2005eko Eskolaren Birfundaziorako Legeak ekarri zuen aldaketa: aukera ireki zuen tokiko hizkuntzak irakasten dituzten eremuetan saioak egiteko. EEPk bide hori ibiltzea erabaki zuen 2008an. 2020-2021eko ikasturtean 39 esperimentazio izan dira Ipar Euskal Herriko eskoletan: hogei sare publikoan, eta hemeretzi pribatuan. Horiek abiatzeko, irakasleek proiektu pedagogiko bat prestatu behar dute, eta nola zentroko ikuskariak hala gela bakoitzeko gurasoek onartu behar dute. Esperimentazioa, finean, ikasleekin dena euskaraz egitea da.

«Azken bizpahiru urteotan, jende guztiarentzat ebidentzia gisa agertu da murgiltzea dela euskaraz ikasteko bide bakarra», zehaztu du Gorostiagak. Seaskako zuzendariaren iritziz, «haurrak euskaldun izan daitezen» bermatzen du murgiltzeak. Eta, horren harira, kontatu du zer gertatzen ari den Seaskako ikastoletan: «Ikasleen gehiengoa familia frantsesdunetik heldu da. Horrelako familietan haurrek euskara ikas dezaten, beharrezkoa da murgiltze eredua». Seaskako zuzendariarentzat, haurrak euskalduntzeko daukaten «tresnarik onena» da murgiltzea, baina, «maluruski», ez da aski: «Aisialdiak ere euskaraz izan behar du, euskarazko hedabideak behar dira, gizartea euskaldundu behar da... Eta ikusi dutenean arlo horietan guztietan urratsak egiten hasi garela, kolpea eman digute». Pentsatzen du «zigortu» egin nahi izan dutela «erakargarriak» direla, «eta garatzen ari garela, eta nolabaiteko autonomia dugula Frantziako Hezkuntza Ministerioarekiko».

Botila «erdi beteta» zegoen

Hezkuntza Ministerioak 2008an argitaratu eta 2017an eguneratutako zirkular batek ordu parekotasuna aipatzen du sail elebiduneko Lehen Mailan —Hego Euskal Herriko B ereduaren gisara, funtsean—, baina eskola askotan ez dute betetzen. Kolegio gehien-gehienetan, gainera, gutxienez hiru orduko euskara klaseak dituzte ikasleek. Bigarren Hezkuntzan zailtasun askoz ere gehiago daude euskaraz ikasteko, eta, horrenbestez, datuak oso apalak dira murgiltzeari dagokionez.

Konstituzio Kontseiluaren ebazpena heldu aurretik, datu guztien garapenari erreparatu, eta botila «erdi beteta» ikusten zuen Gorostiagak: «Botila hautsi digute. Ez dakit zertara joango garen. Beste bat hartu, eta poliki-poliki betetzen joan beharko dugu». Azaldu du urteotan «jendarte osoak» bat egiten zuela murgiltze ereduarekin: «Azken Herri Urratseko ekitaldian, alderdi guztietako politikariek esan zuten murgiltzea ez zela aukera bat, baizik eta derrigorrezkoa gure hizkuntza aurrera ateratzeko. Hori ez dugu sekula entzun. Horrek erakusten zuen aldaketa bat zetorrela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.