Durangoko 54. Azoka. Euskadi sariak

Dirdirak estaltzen ez duena

Aurtengo bost Euskadi saridun literaturaren kanonaren inguruan aritu dira Areto Nagusian. Hari garrantzia kenduta, beste gabezia batzuk azalarazi dituzte.

Zabalaren gidaritzapean aritu ziren Elorrieta, Zubizarreta, Urmeneta, Xamar eta Etxeberria, atzo, Durangoko Azokako Areto Nagusian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Beren kalitate, originaltasun edo gai eta estilo ezaugarriengatik klasikotzat eta eredugarritzat hartzen diren literatura lanen eta artelanen zerrenda». Horixe kanon hitzari Euskaltzaindiak emandako definizioa, eta hori ekarriz abiatu zuen, atzo, Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak Euskadi sariak euskal literaturaren kanonetik at? deituriko solasaldia, Landakoko Areto Nagusian. Aurtengo bost Euskadi saridun bildu zituen kanonari buruz aritzeko: Irati Elorrieta, Patxi Zubizarreta, Isabel Etxeberria, Asisko Urmeneta eta Juan Carlos Etxegoien Xamar.

Diruaz gain, Euskadi saria jasotzeak zer ekarri dien, eta kanonaren «kontzepzio abstraktu horretan» nolabait gora egin duten sumatu ote duten galdetu zien hasteko gidariak. Etxeberria lehena erantzuten, Alice Munroren Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak euskaratzeagatik saritua. «Itzultzaileoi kanona oso urruti geratzen zaigun kontua da. Sariaren bidez, gure lan ikusezinak protagonismo txiki bat lortzen du, eta hori eskertzekoa da». Baina horra arte. «Izatekotan, Literatura Unibertsala bilduma ate bat da itzultzaile askorentzat».

Saiakeraren atalean izan da aurten saritua Xamar, Etxera bidean lanarengatik, eta harentzat, ezer izatekotan, «propaganda» izan da saria, ez hainbeste balizko kanonean postuak irabaztea. Asiskorentzat, berriz —ilustrazioaren adarrean saritua AztiHitza: Xahoren biografikoa liburuan egindako irudiengatik—, «justizia poetikoa» izan da Euskadi saria jasotzea. «Agosti Xaho zuberotarra izanagatik, batzuetan sinatzen zuen Nafarroakoa, besteetan bizkaitarra, Euskal Herrikoa. Eta argitaletxe kolektibo txiki batzuen batuketa izan den proiektu hau aurrera ateratzeko inork ez daki zer zailtasun izan ditugun. Hiru probintzia hauetan ematen diren laguntzetara apuntatu, eta argi utzi zidaten arrotza naizela». Orain, baina, laguntza ukatu zioten bide beretik heldu zaio aitortza, eta horregatik justizia poetikoarena.

Kanona eta sariak mintzagai, distira ikusten dela, baina ez basamortua gehitu zuen Zubizarretak, haur eta gazte literaturaren atalean saritua aurten, Kori, Kuru, korri!-rekin. «Jendeak daki noiz irabazten duzun, baina ez daki noiz ez duzun irabazten. Ederra da bat-batean telefonoak jotzea, eta irabazi duzula entzutea. Soldata puska baterako irabazi duzu. Hemen liburu bat erosten denean, kafe bat har dezakegu guk». Baietz, dei hori jasotzea dudarik gabe pozgarria dela Elorrietak ere, Neguko argiak nobelagatik Euskadi sariduna. «Bide luze eta haizetsu hori egin eta gero, sariak on egiten du. Eta liburuari bigarren aukera bat ematen dio».

Kanonaren auzia ez dutela «oso serio» hartzen iradoki zuten bostek. Elorrieta: «Idazterakoan buruan ez dago kanona, edo salduko den edo ez. Idazterakoan barrutik irteten den behar bat dago, eta behar horri zein forma eman bila ari naizela, ez naiz ari pentsatzen horrelako gauzetan». Atzetik Zubizarreta, Elorrietarekin ados: «Ez goaz kanonaren bila. Ni sari txikiagoekin pozik nengoke, eta ez ditut ikusten. Tristea da liburua atera, eta ez ikustea zure hiriko erakusleihoetan. Eta benetako saria hori da».

Urmenetak, ordea, bai, onartu zuen marrazterakoan pentsatu ohi duela gero etorriko denean. Xahoren lanaren kasuan, esaterako, argitalpena aitzakia bat dela esan zuen, ondoren Xahok igarotako herrietara joan, eta hark idatzitakoa bertan ezagutzera emateko. «Ez dakit helburu merkantila den. Aktibismo baten parte da. Eta, bai, kanonaren definizioari izkin egiten diot». Xamarrek, berriz, argitaletxeak euskarazko lan bat plazaratzeko aurreratzen duen diruaz azaldu zuen ardura, ondoren salmentekin berreskuratuko ote duen kezka hori bizi duelako.

Literatura itzuliaren «unibertso paralelotik» hitz egin zuen Etxeberriak. Gaur egun euskarara ekartzeko zer hautatzen den, horrek kanonaz ere ezer esaten duelaaipatu zuen, eta igartzen du aldaketa bat. «Uste dut oso garai interesgarrian gaudela: batetik, hizkuntzaren kalitatean; eta, bestetik, literatura itzuliaren panorama editorialean. Garai batean, oso lan kanonikoak, kontsakratuak, itzultzen saiatu ziren, sistematikoki, baina gaur argitaletxe txiki asko daude titulu interesgarriak euskaratzen, eta badira ildo berriak: saiakera itzultzeko joera, genero ikuspegiari lotutako lanak, egile periferikoagoak... Urte gutxi barru, atzera begiratu, eta ikusiko da norabide aldaketa bat gertatzen ari dela orain».

«Gizarte akulturala gara»

Idazleen motibazioak «materialitatetik urrun» direla entzutea polita dela esan zien Zabalak. Baina xaxatu zien esanez ea hori ez den euskal sistemaren txikiari lotutako auzia. Baietz Xamarrek:«Euskalduna gutxiengoa da Euskal Herrian, horrek dituen ondorio guztiekin. Hori onartua dugu». Bi alboetara begiratu, eta aurtengo bost Euskadi saridunak «beste bide batetik» doazela ikustea, ez bide komertzialetik, hori «ederra» dela gehitu zuen Zubizarretak. Eta borobildu: «Epaimahaiak sortzen du kanona».

Elorrieta, aurrez esandakoak bilduz: «Badirudi ez dela kezka kanona, eta ni bada kezkatzen nauenik, eta irakurleak dira, euskal gizartean zenbat irakurtzen den, zer lan bideratzen den irakurleak sortzera». Horri josi zion saioko gogoetarik indartsuenetakoa Etxeberriak: «Literatura zaletasuna bizi egin behar da ondoren transmititzeko, baina hori gizarte osoan dugun gabezia bat da. Nahiko gizarte akulturala gara, ez dugu behar bezala estimatzen kultura, agian asko merkantilizatzen dugulako; diru irabaziekin lotzen dugu, eta ez dugu estimatzen duen balio sinbolikoa gizarte bat indartsuago egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.