Arrantzaleek ez dute harrapaturik gelditu nahi 'brexit'-aren sarean

Europako Batasunak eta Erresuma Batuak udarako itxi nahi dute arrantzari buruzko ituna. Euskal arrantzaleei kalte egingo lieke Espainiako eta Frantziako ontziek Bizkaiko golkora joan behar izateak

Getariako baxurako arrantzontzi bat, beste ontzi batek botatako sarearen atzealdean. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Segurtasunarekin eta merkataritzarekin batera, arrantzaren esparruak hartu du lehentasuna brexit-aren ondorengo negoziazioren agendan. Europako Batasunak eta Erresuma Batuak abenduaren 31 arteko trantsizioa dute orain, eta arrantzaren inguruko akordio bat lortzeko elkarrizketak abiatuko dituzte berehala, uztailaren 1erako itun bat egiteko helburua baitute. Inor gutxik jartzen du zalantzan arrantzaleek orain arte izan duten jokalekua aldatuko dela, baina haientzat zenbat aldatuko den, hori da galdera eta kezka, beldur baitira ez ote diren brexit-aren pagaburu izango. Hau da, beste alor batzuetan Bruselaren aldeko akordioak egon daitezen, Londresen aldekoa egon daiteke arrantzan. «Arriskua hor dago», kofradiek onartu duten moduan.

Londresek debekua jarri ahalko balie EBko arrantzontziei bere uretan aritzeko, zuzeneko kalteak baino gehiago, zeharkakoak eragingo lizkioke euskal ontzidiari. Sole Handian eta Mantxako kanalean dabiltzan arrantzontzi asko, Espainiako eta Frantziako banderadunak —bakarrik Espainiakoak 92 dira, gehienek Galiziakoak—, Bizkaiko golkora joan beharko lukete arrantza egitera, Frantziako uretara. Desplazamendu handi horren ondorioz, «bizikidetza arazoak» sortuko lirateke Bizkaiko golkoan, euskal marinelen ohiko arrantzatokian: itsasontzi gehiegi aldi berean toki berean. Gainera, arrantza teknika ezberdinak erabiltzen dituztenez —tretzaontziak eta arrasteontziak—, enbarazu handiagoa egingo liokete elkarri.

Agertokirik okerrena litzateke hori, baina, mutur horietara iritsi gabe ere, Erresuma Batuko urean sartzeko baldintzak eta harrapaketa mugak finkatu behar dira berriro, eta Frantzian, esaterako, Mantxako kanaleko inguruko arrantzaleak oso kezkaturik daude. «Gure ontzi guztiak Erresuma Batuko uretan aritzen dira», dio Boulogneko Arrantza batzordeko kide Eric Gosselinek. Boris Johnsonek arrantzaren auzian jarri duen interesaren jakitun da Gosslin, eta ez du gustuko ikusten ari dena.

Txanpon beraren bi aldeak

Brexit-a burura eraman duen lehen ministroarentzat ez dira gauzak hain errazak izango, ordea. Hasteko, merkataritza ituna nahi badu, europarrek esan diote Ingalaterrako eta Eskoziako kala emankorrek zabalik jarraitu beharko dutela Batasuneko arrantzaleentzat. Zaila luke Johnsonek halakorik azaltzea aldeko botoa eman dioten arrantzaleen eskualdeetan.

Baina gakoa da arrantza eta merkataritza loturik daudela erabat. Erresuma Batuko arrantzaleen esportazioen hiru laurdenak Europako Batasunerako egiten dituzte; lot ote daitezke Frantziako, Espainiako, Belgikako eta Danimarkako arrantzaleei Kenteko kostaldean zein Tamesisaren badian sartzeko debekua jartzea eta Erresuma Batuak arrantza esportazioak muga zerga handirik gabe egiten jarraitzea Batasunera? Ez du ematen, eta Johnsonek erabaki beharko du zerk duen lehentasuna: ahalik eta mugarik txikienak nahi al dituen merkataritzak—modu berezian industriak—, ala erabateko mugak nahi al dituzten arrantzale brexit zaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.