Izua zabaltzen ari den birusa

Txinan 41 dira hildakoak, eta 1.300 inguru eriak. Hamabi hiri berrogeialdian jarri dituzte, eta etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei. EBko Osasun ministroak bihar bilduko dira egoera aztertzeko

Wuhango erietxeko zaintza berezietako atala. Bi erietxe berri eraikitzen hasiak dira hiri horretan. XIONG QI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Txina «larri» dagoela aitortu zuen atzo Xi Jinping presidenteak, eta lehentasuntzat jo zuen koronabirusa geldiaraztea. «Bizitza oso garrantzitsua da. Izurri bat zabaltzen denean, gure erantzukizuna da hura aurreikusi eta kontrolatzea», adierazi zuen, eta eskualdeetako batzorde eta agintariei agindu zien lehentasun gisa jar zezatela birusa kontrolpean hartzea. Lerro hauek idazteko unean, 41 ziren hildakoak, eta 1.300dik gora kutsatutakoak; horietatik gehienak birusa lehen aldiz azaldu zen eskualdean, Hubein.

Azken orduetan hildakoen artean dago Wuhan hiriko erietxean birusarekin kutsatutakoekin lanean ari zen mediku bat. Haren lankideak kexu agertu dira, atseden hartzeko ere denborarik gabe lanean ari direlako. Bien bitartean, erietxeetan gaixoak korridoreetan pilatzen dira, norbaitek artatzeko zain.

Normalean, koronabirusek animaliei erasaten diete, baina tartean behin gizakiak ere kutsatzen dituzte —hori bera gertatu zen SARS arnas sindrome akutu larriarekin 2003an—. Hark bezala, oraingoak ere arnasbideetako infekzio larri bat eragiten du. Sintomak sukarra eta eztula izan ohi dira, eta, horren ostean, arnasa hartzeko zailtasunak. Adituek nabarmendu dute, hala ere, kutsatuen laurdenak hil direla, eta haietatik gehienak adinekoak zirela edo gaitz kronikoren bat zutela. Ordea, birusak berak baino gehiago, herritarren artean zabaldu den izuak kezkatzen ditu agintariak.

Wuhanen, Hubei eskualdeko hiri nagusian, errepideak itxi egin dizkiete ibilgailu pribatuei, eta mediku militarrak bidali dituzte bertara, gaitzaren nondik-norakoak ikertzera. Hiri horretan mila gaixorentzako tokia izango duen erietxe bat eraikitzeko lanak hasi dituzte dagoeneko. Otsailaren 3rako amaitua egotea espero dute —astebetean egingo dute—. Horrez gain, beste bat egiteko lanak ere iragarri dituzte. 1.300 ohe izango ditu bigarrenak, eta otsailaren erdirako martxan egotea espero dute.

Larrialdia Hong Kongen

Atzo hastekoak zituzten Urteberriko ospakizunak bertan behera utzi zituzten hiri askotan. Horrez gain, bidaiariei tenperatura neurtzen diete geltokietan, eta trenbide sarea bera ere itxi egin dute hainbat tokitan. Hong Kongeko agintariek beste urrats bat ere egin zuten, eta osasun larrialdia ezarri zuten, eta hainbat eskola eta enpresa itxi.

Txinarekin mugan dauden beste hainbat herrialdek ere neurri bereziak hartu dituzte, eta tenperatura kontrolak ezarri aireportu eta tren geltokietan. Orain arteko kasu gehienak Txinan bertan izan dira, baina dagoeneko beste hainbat topatu dituzte AEBetan, Australian, Hego Korean, Japonian, Frantzian, Nepalen, Thailandian, Taiwanen, Vietnamen eta Singapurren. Gehienetan Txinan egondako jendea da kutsatutakoa.

Europako Batasuneko Osasun komisario Stella Kyriakidesek estatu kideetako Osasun ministroen goi bilera bat antolatu du astelehenerako, koronabirusari aurre egiteko neurriak eztabaidatzeko. «Erantzuteko prest gaude, baita neurriak hartzeko ere, egoerak okerrera egiten badu», esan du, eta gaineratu du Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroa arrisku maila zehazteko lanetan ari dela.

AEBek, berriz, hegaldi bereziak jarri dituzte Wuhanen dauden herritarrak eta diplomazialariak handik ateratzeko. Frantzia ere gauza bera egitekotan da, eta dagoeneko Pekingo agintariekin harremanetan jarri da hirian dauden herritar frantziarrak handik autobusez atera ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.