Garaipen argia iragartzen diote lehen ministroari Bulgariako bozetan

Iazko protestek eta ustelkeria kasuek ez dute nahikoa higatu lehen ministroaren GERB alderdia, eta inkestek diote hark bilduko duela boz gehien. Espero da herritarren erdiek ez dutela bozik emango

Boiko Borisoven hautagaitzaren hauteskunde afixak Sofia hiriburuan, iragan asteazkenean. VASSIL DONEV / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Dimisioa emateko zorian zenaBulgariako hauteskundeak irabazteko hautagai faborito eta ia bakarra bilakatu da Boiko Borisov lehen ministroa, hilabete gutxiren buruan. Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur Europa ekialdeko herrialdean, eta inkesta guztiek garaipen argia ematen diote Borisoven GERB Bulgariaren Garapen Europarrerako Hiritarren alderdiari. Botoen %28 inguru eskuratuko dituela aurreikusten dute, eta zortzi puntu ingururen aldea aterako diola aurkari nagusiari, BSP Bulgariako Alderdi Sozialistari.

Irabaziz gero, laugarren legealdia izango luke Borisovek lehen ministro karguan, baina horren aurretik ere gobernuaren agintean denbora gehien daraman Bulgariako politikaria da. Batman ezizena jarria diote eskuineko politikariari bere herrialdean, eta ezagunak dira haren ateraldiak nahiz jokabide polemikoak. EraHerri hizkera eta, maiz, zabarra darabil, eta baliagarria zaio herritarren zati handi batengana heltzeko, eta irudi horren alardea egiten du berak ere, jendaurrean azaltzen denetan. Politikaria izanagatik, ezohiko ibilbidea izan du. Sofiako alkate izandakoa da, baina baita suhiltzaile, bizkartzain eta karate irakasle ere.

Lehen ministroak bere buruaren bueltan eraikia duen pertsonaia horrek higadurarik apenas eragin dion GERBi denbora askoan, harik eta, iazko udan, gobernuaren aurkako protestak piztu ziren arte. Herrialdeko sistema politikoan ustelkeria erabat errotuta dagoela salatu zuten milaka manifestarik.

Rosenets penintsulako hondartza batean izandako gertakari batek piztu zituen protestak. Hristo Ivanov oposizioko politikaria hondartza hartara itsasoz joan zen, baina kanporatu egin zuten lehorreratu orduko, lekua milioi askodun baten jabetzakoa zela-eta, nahiz eta hondartzak publikoak diren Bulgarian. Irudia zuzenean eman zuen Ivanovek, sare sozialen bidez, eta herritar askoren sumina eragin zuen, oligarkien interesek herrialdean duten pisua ikusarazi baitzuen, askorentzat.

Borisoven eta haren gobernukideen dimisioa eskatu zuten manifestariek. Sistema ustela sostengatzeaz gain, lehen ministroa bera ere horren konplize dela salatu izan dute haiek nahiz oposizioko alderdiek. Zenbait ustelkeria kasutan auzipetua ere izan da Borisov, eta iazko ekainean argitara emandako argazkiek ez zioten lagundu ustelkeria akusazioak gainetik kentzen. Horietan, lehen ministroa erdi biluzik ageri zen, pistola bat, billeteak eta urrezko lingoteak inguruan zituela.

Kritiken erauntsiari eutsi zion hark, ordea, eta uko egin zion kargua uzteari, herrialdea pandemiatik onik ateratzeko gobernu sendo bat beharrezkoa zela argudiatuta. Zenbait ministro kargugabetu zituen, eta konstituzioan aldaketak egingo zituela hitzeman. Horrek lagundu zuen protestak zertxobait baretzen, eta 2013tik izan zuen egoera politikorik ezegonkorrena gainditu ahal izan zuen Borisovik. Areago, egoera larria onbideratzeko gai izateak lagundu egin dio. Bulgariako egoera ekonomikoa —Europako Batasuneko herrialderik txiroena da— gehien hobetu duen politikaria dela dio, eta Barne Produktu Gordina 100.000 milioi euroraino igoko duela hitzeman du —61.370 milioi euroan dago egun—.

Nahikoa ez gobernatzeko

Haizea alde dauka Borisovek, baina aliatuak baino arerio gehiago pilatu ditu azken urteetan, eta babesa lortzeko zailtasunak izango ditu. Gutxienez beste bi indar politikorekin elkartu beharko du GERBek, gobernatzeko. Horietako bat eskuin muturreko OP alderdia izan daiteke, azken legealdian gobernua osatzen lagundu baitu.

Botoen %20ko babesa iragartzen diote inkestek BSPri, baina oraindik ez da inolaz ere egungo gobernuaren alternatiba. ITN alderdi berria izan daitekeboz gehien bilduko dituzten indarretan hirugarrena. Ustelkeriaren aurkako protesten testuinguruan sortu zuen alderdia Slavi Trifonov musikari eta aktoreak, herrialdeko elite politikoen aurkako mezua haizatuta.

Zeresana emango du abstentzioak ere, aurreikuspenen arabera. Pandemiaren olatuan egingo dituzte bozak, hilkortasun tasa Europako handienetan laugarrena den herrialdean, eta horrek abstentzioa asko igotze espero da. Inkestek %50 baino handiagoa izango dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.