LANA, BERA; ESKUBIDEAK, EZ

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak subrogazio eskubidea aitortuko die mantentze lanetan azpikontratatutako langileei, industria eremuko itun batean lehen aldiz. Sindikatuentzat, neurri horrek berebiziko garrantzia du prekaritatearen aurkako borrokan. Sektore guztietara zabaldu nahi dute.

Mercedes-Benzek Gasteizen duen fabrikako bi langile. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat enpresatan gertatzen da; metalgintzakoetan, adibidez: lan bera egiteagatik, langile azpikontratatu batek hilean batez beste 500 euro gutxiago kobratzen ditu enpresa nagusikoak baino, eta lanegun gehiago izan ohi ditu. Baina badago beste ezberdintasun bat, oinarrizkoagoa: enpresa nagusiak beste azpikontrata bat hartuz gero, beste hori ez dago derrigortuta aurrekoaren beharginak hartzera. Hori ez da gehiago gertatuko Bizkaiko metalgintzako sektorean mantentze lanetako langileekin. Subrogazio eskubidea aitortzea lortu dute sektoreko lan hitzarmen berrian.

«Soldatak, seguruenik, ez dira berak izango, baina langile azpikontratatuek gainetik kenduko dute aldiro-aldiro kaleratuak izateko buruan zuten Damoklesen ezpata. Oso lorpen garrantzitsua da», azaldu du Xabier Ugartemendia LABeko negoziazio eta ekintza sindikaleko idazkariak.

Sindikatu guztiek azpimarratu dute Bizkaiko metalgintza izan dela lehenengoa Euskal Herriko industriaren sektorean subrogazio eskubidea jaso duena lan hitzarmen batean. Haien ustez, ez da «nolanahiko garaipena» izan, eremu horretako patronala betidanik izan baita «uzkurrena» eskubide hori aitortzen, «administrazio publikoarekin batera».

Lan ituna babestu ez duten sindikatuek ere txalotu dute lorpena. «Aurrerapauso bat izan da; besteek lortu duten akordiotik elementu positiboena hori da», onartu du Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak.

Zortzi eguneko greba bat hasteko zorian zeudela lortu zuten akordioa, eta, hain justu, subrogazioaren gaia izan da negoziazioetako «Gordioko korapiloa», Garbiñe Espejo CCOOko ekintza sindikaleko arduradunaren arabera. Hala berretsi du Jose Luis Lopez FVEM patronaleko presidenteak ere. «Hori izan da punturik gatazkatsuena», aitortu zion BERRIAri, atzo argitaratutako elkarrizketan.

Metalgintzan azpikontratatutakoen erdiei eragingo die neurriak, gutxi gorabehera; mantentze lanetan aritzen diren langileei. «Behargin horien artean izaten ziren egoera larrienak», azpimarratu du LABeko kideak. ELAkoak, berriz, azaldu du bere sindikatuaren asmoa zela sektoreko azpikontratatu guztiei zabaltzea eskubide hori, eta, bereziki, zerbitzu anitzeko enpresetakoei. «Oso-oso egoera prekarioan dauden hainbat langile geratu dira akordiotik kanpo. Gehiago lortu zitekeen, egoera tenkatu izan bagenu».

Beste bi sindikatuetako kideen ustez, «ate bat» zabaltzea lortudute, sektoreko beste langileentzat eta beste lurraldeetako lan itunentzat. Espejok iragarri du Gipuzkoako negoziazio mahaia aktibatzeko eskatuko duela bihar CCOOk. «Subrogazioaren gaia eramango dugu; ea noraino iristen garen».

Denek aitortu dute ez dutela lan erraza izango. Eremuko patronalaren jarrera uzkurraren oinarrian industria sektorearen «berezitasunak» daudelako. «Konkurrentzia handia dago, eta enpresek nola edo hala merkatu nahi dituzte kostuak. Lan asko kanporatzen dituzte, eta aldiro ari dira aldatzen azpikontratez eta, beraz, langileez», azaldu du Igeregik. «Patronalak dio balio erantsia enpresek ematen dutela, eta ez langileek; Euskal Herria azpikontraten herri bat dela, eta, horrela ez bada, lehiakortasuna galtzeko arriskua dagoela. Hori ezin dugu onartu».

Legearen mugetan

Subrogaziorako eskubidea aspaldikoa da Hego Euskal Herrian—1980ko Langileen Estatutuan jasota dago—, eta «arazo handirik gabe» bete izan da; bereziki, enpresetako jabeak aldatzen zirenean. Baina 2012. urteko lan erreformak eta, horrekin lotuta,azpikontratazio modu berriek eta horien gorakadak beste dimentsio bat eman diote auziari. Sindikatuek lan baldintzen prekaritatearekin lotzen dute zuzen-zuzenean: «Enpresa batean azpikontratatutako langileak izaten dira prekarioetan prekarioenak», azpimarratu du CCOOko kideak.

Hala, subrogazioaren aitortza beharrezkotzat jotzen dute sindikatuek. Igeregik gogoratu duenez, urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak—ELA eta LAB tarteko— deitu duen grebaren «aldarrikapen nagusienetako» bat izango da.

Mariano Rajoyren gobernuaren (PP) erreformak eman zuen modua azpikontratak dituzten enpresetan itun desberdinak aplikatzeko langileei; enpresa nagusiarena batzuei, eta azpikontratarenak beste batzuei. Hala, sektoreko hitzarmenean jaso ezean, azpikontratatutakoek ez dituzte ziurtatuak besteen eskubideak. Besteak beste, lanean eta baldintza berberetan segitzea kontratatzailea aldatuz gero. «Azken urteetan azpikontratatutako langileen kaleratzeak oso ohikoak bihurtu dira. Produkzio kostuak merkatzeko, azpikontratazio merkeenak aukeratzen dituzte enpresek», gogoratu du Espejok.

Garbiketa sektorean izan ziren subrogazioaren aldeko lehen borrokak; jantokietako langileak etorri ziren gero. Haiekin batera, Osakidetzako anbulantzia zerbitzuetako beharginek, telemarketinekoek, kiroldegietako begiraleek... lortu dute euren lan hitzarmenetan sartzea eskubide hori. Eta borrokan jarraitzen dute beste hainbat sektoretan: bulegoetako langileek, sorosleek... «Botila betetzen hasi gara. Zabaltzen diren negoziazio guztietan saiatzen gara sartzen», azaldu du Espejok.

Enpresetako jarduerak edota zerbitzuak kanpora ateratzeko hainbat era daude: aldi baterako lan enpresak (ABLE), azpikontrata arruntak, zerbitzu anitzeko enpresak eta autonomo faltsuak, esaterako. ABLE-ek zabaldu zuten bidea, 1990eko hamarkadan. Baina Europak hainbat muga jarri dizkie; egun, ABLEetako beharginen lan baldintzek enpresa nagusikoen berberak izan behar dute.

Baina ez dago halako neurririk azpikontratetako langileentzat eta, bereziki, zerbitzu anitzetako enpresetakoentzat. Lan hitzarmen propioak izaten dituzte, eta hori izaten dute euren bezeroei ematen dieten abantailetako bat; askotan, lan beragatik ia erdia pagatzen baitiete langileei. Soldataz harago, lan ordu eta jardunaldi partzial gehiago dituzte. Enpresa nagusiek, halaber, kanpoko zerbitzuak kontratatzean, erantzukizun batzuk kentzen dituzte gainetik: kaleratzeen ingurukoak, adibidez.

Zerbitzu anitzeko enpresak

Are nabarmenagoa da hori zerbitzu anitzeko enpresen kasuan. Kasu askotan beren kabuz aukeratzen dute zer hitzarmen ezarri langileari. «Normalean, merkeena», azpimarratu du Igeregik. «Guk esaten dugu sektoreko hitzarmena aplikatu behar dutela, eta haiek esaten dute zerbitzu enpresenarenak duela lehentasuna, edo estatukoak». Kasu horietako askok auzitegietan amaitu dutela gogoratu Espejok. «Hainbat sektore biltzen dituztenez, askotan ez dago modurik jakiteko zer hitzarmenekin dituzten langileak».

Eraikuntzako talde handiak daude zerbitzu anitzeko enpresa handienetako batzuen jatorrian: Acciona, ACS (Clece), FCC, Ferrovial, OHL (Ingesan), Sacyr... Eraikinen garbiketan, errepideen garbiketan, lorezaintzan, biltegi lanetan, segurtasunean eta beste hainbat alorretan aritzen dira. Eta azpiegituren, energiaren eta uraren sektoreetako azpikontrata publiko gehienak dituzte.

Gainera, beharginen baldintzak hobetzeko bide tradizionalak ez dira oraindik behar bezala egokitu enpresa horien errealitatera. Lantokien eta lantaldeen sakabanaketak, besteak beste, zaildu egiten du sindikatuen presentzia eta lana. «Langile horiek beldur handia izaten dute borrokatzeko; egiten badute, beste enpresa bat kontratatuko dute, eta beraiek kalera joango dira. Horregatik ere da inportantea subrogazio eskubidea, langileei ematen dielako protestarako askatasuna», azpimarratu du Igeregik.

Administrazioko «zuloa»

Administrazioan dago beste «zulo beltza», sindikatuen arabera. Erakunde publikoetan azpikontratatuta lan egiten dutenek ere ez dute «guztiz» bermatua subrogazioa. «Gero eta gehiago dira administrazioak kanpora ateratzen dituzten zerbitzuak», esan du Igeregik. Eskubide hori gauzatu ahal izateko azpikontratazio agirietan azaldu behar du, baina hori ere ez da nahikoa. «Soilik sektoreko hitzarmenek ematen dute benetako segurtasuna».

ELAk herri ekinaldi legegile bat eraman zuen Eusko Legebiltzarrera 2014an, beste hainbat eskaerekin batera subrogazioa ere jasotzen zuena, baina ez zuen aurrera egin. LABek ere hainbat kanpaina egin ditu kontratu publikoetan «klausula sozialak» sartzea eskatzeko. Eta CCOOk 2018ko abenduan Pedro Sanchezekin (PSOE) aurreakordio bat egin zuen 2012ko lan erreforma aldatzeko eta subrogazio eskubidea derrigortzeko kontratu publiko guztietan.

Nafarroan, berriz, iaz onartutako Kontratu Publikoen Legeak subrogazio eskubidea jasotzen du zerbitzuetan eta zerbitzu kontzesiodunetan azpikontratatutako langile guztientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.