Zaldibarko luizia. Senideen agerraldia

Bi desagertuen bila ez etsitzeko eskatu diete senideek erreskate taldeei

Zaldibarko luizitik hilabete igarota, gorpuak berreskuratzea lehentasunezkotzat jo dute familiek. Sololuzeren sendiak jakinarazi du enpresa ez dela haiekin harremanetan jarri

Zabortegiaren sarreran elkartu ziren desagertuen senideak, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Zaldibar
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Mina sentitu egin daiteke Verter Recycling zabortegiaren sarrera nagusian (Zaldibar, Bizkaia); gurtza leku bihurtu da jada, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lur azpian galduta daudela gogora ekartzeko toki bat: errepide bazterreko landareontzietan lore sortak, marrazkiak eta idatziak utzi dituzte otsailaren 6an bi langileak luizian desagertu zirenetik. Atzo goizean, aldare txiki bat egin zieten senideek: zeramika eta origami pieza artean, kalabaza hustuetan bildutako bi kandela, «zabortegian ere harribitxi batzuk aurkitzeko esperantzaz». Familiek berretsi zuten gorpuak berreskuratzea eta gertatutakoa argitzea nahi dutela, eta esker ona adierazi zieten erreskate lanetan ari diren beharginei: «Badakigu eginahalak egiten ari direla Alberto eta Joaquin aurkitzeko; bi familien indar guztia helarazi nahi diegu, ez etsitzeko».

«Azken hilabetean ez dugu bakerik izan, jasaten ari garen sufrikarioak ez baitigu tarterik uzten beste ezertan pentsatzeko». Zabortegia amildu zenetik hilabete igarota, nekatuta eta minduta mintzatu ziren familiak. Bi gizonak lanean desagertu zirela gogora ekarri zuen Sololuzeren iloba Helene Alberdik: «Denok dakigu gutxi gorabehera non, denok ezagutzen dugu parajea, eta denok ari gara bultzaka, norbere aldetik, lehenbailehen atera ditzaten».

Gaia hedabideetako lehen lerroetatik desagertzen ari delako ere kezka adierazi zuten: «Baina lurpean jarraitzen dute, eta gure oinazea gero eta larriagoa eta jasanezinagoa da». Antzera jardun zen Sololuzeren beste iloba bat, Olaia Alberdi: «Inork ez du merezi lanean hiltzea; hobeto esanda, inork ez du merezi lanak hiltzea, lanak lurperatua izatea edota lanak zaborpean uztea. Inork ez du merezi senitartekoa agurrik gabe eta oroitzarik gabe galtzea».

Protestetan parte hartu duten herritarren babesa ere eskertu zuten. Ondoren, hedabideei egindako adierazpenetan, Alberdik erantsi zuen ez dutela «enpatia bera» sentitu erakunde publikoen partetik, eta are gutxiago enpresarenetik: «Ez dira gurekin harremanetan jarri. Bizi osoa haientzat lan egin, eta doluminak ematera ere ez dira hurbildu». Justizia nahi dutela berretsi zuen: «Badakigu hemen ardura batzuk daudela, eta errudunek pagatu beharko dute, baina momentu hauetan gure lehentasuna da gorpuak ateratzea eta dolua egitea».

Era berean, erreskate lanen inguruko informazio argiagoa galdegin zioten Eusko Jaurlaritzari. Alberdik azaldu zuen desagertuen senideak bileretara deitzen dituztela azalpenak emateko, baina haien abokatuek ezin dutela batzar horietan parte hartu. «Batzorde bat sortzea eta abokatuek bertan egotea nahi dugu. Batetik, haiek hobeto ezagutzen dituztelako termino teknikoak; eta, bestetik, guk ere atseden pixka bat hartu behar dugulako».

Zallan, protesta isila

Zallan ere (Bizkaia) elkartasun keinu ugari izaten ari dira azken egunotan. Hangoa zen Joaquin Beltran, eta han bizi dira haren senide gehienak; haiek deituta, elkarretaratze isil bat egin zuten arratsaldean, Euskadi plazan. Udal talde guztiek babestu zuten deialdia, eta ehunka lagunek parte hartu zuten. Elkarretaratzearen amaieran, mezu bat irakurri zuen Beltranen senide batek: «Nola azalduko diegu bere seme-alabei haien heroiak bizia galdu duela batzuen diru goseagatik eta besteen praxi okerragatik?».

Aste honetan ere oso kritiko mintzatu da desagertuaren familia. Ohar batean salatu dute bilaketa lanak «deskoordinatuak eta eskasak» izan direla: operatiboa gidatu duten «komisario politikoen» jokabidea «zentzurik batere gabea» izan dela, eta bilaketa lanetarako ez dela behar beste baliabide jarri. Beren etsia azaltzeko, adibideak eman dituzte: lanak gelditu izan direla langileak edo erregaia falta izan direlako —eta familiak utzitakoak erabili dituztela—; ez direla langileentzako segurtasun arauak bete... «Profesional esperientziadunek azaldu digutenez, egiten ari dena baino askoz gehiago egin liteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.