XXI. mendeko petrolioa, Pekinen esku

Munduko litio ekoizpenaren %70en kontrolak kezka handia sortu du Mendebaldean; izan ere, material hori oinarrizko lehengaia da teknologia berdeen sektorean eta automobilgintzan.

Langile bat litio karbonatoa ekoizteko planta batean, Uyuniko gatzagan (Bolivia). JAVIER MAMANI / EFE.
Josep Solano
Tokio
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Kontrolatu petrolioa, eta nazioak kontrolatuko dituzu», esan zuen behin Henry Kissinger azeriak, AEBetako Estatu idazkari ohiak. Gaur egun, esan liteke litioa kontrolatzeak etorkizuneko merkatu eta nazioak kontrolatzea dakarrela nolabait. Urtarril bukaeran, Txinako CATL, BRUNP eta CMOC (CBC) enpresek eta Boliviako Litio Hobiak (YLB) izeneko estatu konpainiak kontratu bat sinatu zuten, mila milioi dolar baino gehiagokoa, Hego Amerikako herrialde horretako litio hobiak esploratzeko; hain zuzen, munduko erreserbarik garrantzitsuena han dagoela pentsatzen da. Albisteak ez zuen oihartzun handirik izan komunikabide gehienetan, baina izugarri kezkatu ditu Mendebaldeko herrialde nagusiak.

Gaur egun, Asiako erraldoia da munduko litio inportatzaile nagusia, eta modu erabakigarrian parte hartzen du litioa tratatzeko eta fintzeko lanetan, mundu osoan; are, Txinako enpresek kontrolatzen dituzte merkatu etekintsu horren ia bi heren. Txinak mundu osoko litioaren %13 erauzten du, baina munduko litio ekoizpen kimikoaren %44 kontrolatzen du, katodo ekoizpenaren %78, eta auto elektrikoen industriarako zelula produkzioaren %70.

Kontratu berri horri esker, Txinako enpresek kontrolpean daukate Australiako eta Txileko ekoizpena —haiek dira ekoizlerik garrantzitsuenak—, eta, gainera, ziurtatuak dauzkate Potosiko eta Oruroko erreserba erraldoiak. Argentina, Bolivia eta Txile artean, litiozko triangelua izeneko gatzaga eremu bat dago, eta munduko litio hobien %75 baino gehiago hantxe daude.

Australian ere

Txinak beste mugimendu bat egina zuen aurretik merkatuan: Txinako beste meatzaritza enpresa erraldoiak, Tianqi Lithium-ek alegia, eta Essential Metals Australiako litio ustiatzaileak meatze bat erosi zuten, 85 milioi euroren truke. Kalkulatu dute 100.000 tona baino gehiagoko erreserbak dituela meatze horrek, eta tartean da Pioneer Dome proiektua ere. Gainera, Tianqi da munduko litio meatzerik handienetako baten jabe nagusia, Greenbushesen—Australian dago hori ere—, eta konpainiak herrialde horretan bateriak sortzeko duen litio hidroxido findegiaren jabe nagusia ere bada.

Nagusitasun horrek eta merkatuko mugimenduek kezka handia piztu diete Europako Batasunari (EB) eta Ameriketako Estatu Batuei (AEB). Hain zuzen, politika industrialetan estrategia bat lehenetsi dute lehengaiei dagokienez beregainago izateko, litioa ere barne hartuta, eta haien helburua da Txinaren hain menpeko ez izatea eta tokiko teknologia ekologikoak bultzatzea. AEBek eta bereziki EBk apustu argia egin dute energia garbien alde, batez ere automobilen sektoreari dagokionez.

AEBek, beste herrialde askok bezala, inbertsioak handitu dituzte ibilgailu elektrikoen eta energia berriztagarrien ekoizpenean, erregai fosilak erabiltzeari uztea bultzatzeko. EBk, berriz, apustu argia egin du: errekuntza motordun ibilgailuak saltzeari utzi nahi dio 2035. urterako, nahiz eta Alemania akordioa berraztertzen ari den orain. Hortaz, datozen urteetan litiozko bateriak izango dira lehia geopolitiko eta ekonomikorako elementu nagusietako bat, baina, orain arte ez bezala, Txinaren mende egongo da hein handi batean hornitze kateen kontrola.

Subsidiorik gabe, behera

2022an, litioa nabarmen garestitu zen Txinako merkatuan, zeina munduko handiena baita. Hala ere, joera hori irauli egin zen hilabete gutxiren buruan, 2022ko azaroaren bukaeratik 2023ko otsailaren bukaerara %30 apaldu baita litio karbonatoaren balioa—autoen bateriak egiteko gehien erabiltzen den litio mota da—. Lehengaien prezioak kalkulatzen dituen Fastmarkets agentziaren arabera, tona bat litio karbonatok 597.500 yuan ere balio izan zuen (81.400 euro inguru), eta joan den otsailean, berriz, asko merkatu zen: 425.000 yuan balio zuen (57.900 euro inguru).

Gaur egun, 2021ean baino garestiago dago oraindik, orduan 100.000 yuan (13.600 euro) baino gutxiago kostatzen baitzen. Txinako merkatuan espezializatutako prentsak esan zuenez, merkatu nazionalean litio karbonato gutxi zegoela-eta igo ziren prezioak; hain zuzen, fabrika txikiagoak dira nagusi merkatu horretan, eta garestiago eskaintzen dute materiala. Bateria ekoizleak lehengaiak lortzeko lehia estuan ibilita, azkar igo ziren prezioak eskasia horren ondorioz.

Auto elektrikoak erosteko Txinako Gobernuak ematen zituen subsidioak bukatu egin dira, eta, hein handi batean, horregatik merkatu da litioa berriki. 2022an utzi zion gobernuak laguntza horiek emateari, 2009tik horretan aritu eta gero. Ondorioz, Txinan ia %50 apaldu zen auto elektrikoen salmenta urtarrilean, 2022ko abenduko datuen aldean.

Orain, auto elektrikoen ekoizleek gastu handiagoak dituzte. Ibilgailuen erosle posibleak ere zain daude, ea Pekinek subsidio gehiago iragartzen dituen, eta adi daude Teslak prezio gerra bat hasiko ote duen. Hala ere, litekeena da litioaren merkatzebeste zerbaiten seinale ere izatea: merkatua egonkortzen hasia dela, eskaintza eta eskaria orekatuz doazen heinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.