Mendigorrikoek diote eskaintzen ez bada ere eskatzeko D eredua

Behatokia kezkaturik dago Nafarroako Gobernuak ez baitu hezkuntza mapa berria argitara eman. Gurasoek goratu egin dute Mendigorrian D eredua lortu izana, eta oztopoak salatu

Mendigorriko guraso taldearen eta Behatokiaren agerraldia. J. MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Oso pozik gaude». Iñigo Lerga argi mintzatu da Mendigorrian (Nafarroa) D ereduaren alde borrokan aritu diren gurasoen izenean. «Baina ez zaigu ezer oparitu, inondik inora», zehaztu du. Heldu den ikasturtean haurrek herrian euskaraz ikasteko aukera izanen dutela esan zien Hezkuntza Departamentuak, baina bide horretan oztopo ugari izan dituztela azaldu du Lergak. «Hala ere, merezi du». Eredu izan nahi dute, eta bidelagun: «Gurasoek ozen esan behar dute D eredua nahi dutela ikastetxean D eredua ez egon arren. Eskaera hori, gainera, ezagutarazi egin behar dute».

Egindako lana eta lortutakoa goraipatu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, baina kezka agertu du Nafarroako Gobernuak ez baitu eskolen mapa berritua argitaratu. Aste hasieran egitekoak ziren. «Aurtengo matrikulazio garaian Mendigorrian D ereduaren aukera behingoz efektiboa izan dadin berma dezala eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari, inolako baldintzarik edo aitzakiarik gabe».

Gaubekak azaldu du kezkaren arrazoia: «Mapa argitaratu behar dute, hilabete egon behar du jendaurrean, eta, behin dekretuaren aldaketa parlamentutik pasatu eta onartuta, aldaketak egin daitezke eta D ereduan matrikulatzeko aukera izanen litzateke». Hala ere, Hezkuntza Departamentuarekin egindako bileran euskarazko irakaskuntza bermatuko zietela esan zieten gurasoei. «Kezka da ea matrikulazio eperako garaiz egingo duten prozesu osoa».

Udalek badute zer esanik

Nafarroako udalei ere mintzatuzaie Mendigorriko guraso taldea: «Epaileak ondorioztatu zuen herritarrei eskubideak berdintasunean bermatzen ez zaizkienean udalak herritarrak babesteko zilegitasun osoa duela». Horregatik, udalak D ereduaren aldeko borrokan «bidelagun» izan behar direla eskatu dute.

Mendigorriko afera Nafarroa osora zabaldu du Lergak: «Ez dugu gure haurren eskubideengatik egin. Nafarroako haur guztiek izan behar dute euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea». Bide horretan, Behatokiak salatu du Nafarroako Euskararen legeak «desberdinkeria» ezartzen duela: «Nafarroan euskaraz ikasi nahi duenak bazterketa jasaten du, eta gaztelaniaz egin nahi duenak berme guztiak ditu».

Horri lotuta, eskaera-eskaintza logika bazter uzteko eskatu du Gaubekak, eta euskarazko irakaskuntza hizkuntza eskubideen logikaren arabera eskaintzeko. Gainera, eskaria zein den behar bezala neurtzerik ez dela esan du: «Eskari sistemarekin euskaraz ikasteko gogoa ezkutatzen da, ezin delako hautatu D eredua hezkuntza mapan ez badago». Horregatik uste dute garrantzitsuak direla Mendigorrian edo Iruñeko haur eskoletan euskarazko eskaintza lortzeko borrokak publikoak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.