Gorka Azkune.
ARGI ALDIAN

Facebook, Trump eta pribatutasunaren agurra

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ziurrenik jada entzungo zenuten Facebooken azken istiluaren berri. Komunikabide guztietan irten delakoan nago. Ez dakit ongi zer bertsio iritsi den zuengana, beraz nik jaso ahal izan dudan bertsioa azaldu nahi dizuet. Kasu hauetan, gehiegitan tamalez, zehaztasun gutxiko berriak iristen zaizkigu, sentsazionalismoa gailentzen baitzaie gertakariei. Benetan borobila baita esatea Trumpek hauteskundeak irabazi zituela Facebook bidez jendea manipulatu zuelako. Baina ez dirudi hori horrela izan denik.

Facebooken profila duen orok badaki badaudela hainbat joko eta app Facebooken bertan erabil daitezkeenak. App horiek ez dituzte Facebooken bertan egiten. Beste enpresa eta programatzaile batzuek egin ohi dituzte. Hori da Facebooken negozio eredua. Eredu horren barruan bada, ordea, xehetasun garrantzitsu bat: app horiek erabiltzaileen profilen datuak beregana ditzakete. Ez da segurtasun zulo bat, ez; Facebookek berak uzten die app horiek garatzen dituzten enpresei datuak bereganatzen. Eta Facebookeko erabiltzaileei horren berri ematen zaie. Baina bada beste xehetasun garrantzitsu bat: erabiltzaileak bestelakorik esaten ez duen bitartean, app horiek erabiltzaileen kontaktuen datuak ere bil ditzakete. Beste hitz batzuetan esanda: nik Candy Crush-en jokatzen badut nire Facebookeko profilarekin, joko horrek, nire datuak ez ezik, nire kontaktu guztien datuak ere jaso ditzake! Beste behin, erabiltzaileek konfigura dezakete bere profila hori horrela izan ez dadin.

Datu politika berezi hori aprobetxatu zuen Cambridge Analytica enpresak 50 milioi profilen datuak bereganatzeko. Aleksandr Kogan izeneko Cambridgeko akademiko batek app bat jarri zuen Facebooken, Test your personality izenpean (proba zure izaera). 270.000 erabiltzailek instalatu zuten app hori. Baina beren kontaktuen informazioa hartzeko baimena ez zutenez aldatu, 50 milioi erabiltzaileren datuak bildu ahal izan zituen! Oraindik ez dago argi, baina Koganen atzean Cambridge Analytica enpresa zegoen nolabait. Datu horiek biltzeko ordaindu zioten, ala behin bilduta Koganek saldu zizkien datuak. Dena dela, 50 milioi pertsona horien datuek Cambridge Analyticaren eskuetan amaitu zuten.

Horrela, Cambridge Analyticak datu horiek Trumpen mesedetan erabili omen zituen, Facebookeko erabiltzaileengan eraginez. Istorioaren zati hori oso zalantzazkoa da. Eztabaida asko daude horren inguruan, baina badirudi hainbat adituk eta esperimentuk erakusten dutela eragin mota hori lortzea ez dela posible. Kontu egin Cambrdige Analyticak, bere 50 milioi pertsonei buruzko informazioarekin, ezin izan ziola Ted Cruz senatariari lagundu errepublikanoen hautagaia izaten. Beraz, benetan beraiek al daude Trumpen garaipenaren atzean? Ezetz dirudi.

Dena dela, istorio honek hainbat gogoeta garrantzitsu dauzka nire ustez. Lehenik eta behin, Facebook bezalako enpresek duten negozio ereduaren etikaren inguruko eztabaida hor dago, eta oso garrantzitsua da. Baina has gaitezen lehenengo gure etxea garbitzen. Facebooken datu politika publikoa eta ezaguna zen. Erabiltzaile denek izan zuten politika horren berri. Baina inor kezkatu al da horretaz? Inork irakurri al du politika horren inguruko oharrik? Gu gara gure datuak enpresa handi horien eskuetan jartzearen erantzuleak. Eta hori argi izan behar dugu. App bat instalatzeko 5 euro eskatzen badizkigute, askok eta askok ez dugu instalatuko. Baina gure kontaktuen informazioa, argazkiak ikusteko baimena eta beste hainbat datu jasotzeko baimena eskatzen badigute, ez dugu inongo arazorik. Beraz, alferrik da orain harritu ala haserretzea. Gure pribatutasunari agur esan diogu. Eta kontzienteki egin dugu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.