Albistea entzun

Pentsioen erreforma bozketarik gabe pasaraziko du Frantziako Gobernuak

Edouard Philippek «gutxiengo baten jardun oztopatzailea» argudiatu du 49.3 artikulua aktibatzeko. Ezkerreko alderdiek zentsura mozio bateratu bat aurkeztuko dute, eta Errepublikanoek, beste bat
Koronabirusaren krisia aztertzeko atzoko Ministroen Kontseilu berezia.
Koronabirusaren krisia aztertzeko atzoko Ministroen Kontseilu berezia. JEAN-CLAUDE COUTAUSSE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko martxoak 1

Pentsio sistemaren erreformaren inguruko eztabaidak Frantziako Asanblean hilabete egin eta egun batera, Edouard Philippen gobernuak ukabilkada eman du mahai gainean, eta ia mundu guztia ustekabean harrapatu. Philippek atzo arratsaldean jakinarazi zien erabakia Asanblea Nazionalean zeuden diputatu bakanei: gobernuak konstituzioaren 49.3 artikulua baliatu nahi du pentsioen erreforma Asanbleatik bozketarik gabe pasatzeko.

«Eztabaida publikoan 115 ordutik gora egin ostean, 8. artikulua aztertzen hasi da Asanblea», gaitzetsi zuen lehen ministroak (65 dira eztabaidatzekoak), «gutxiengo baten jardun oztopatzailea» salatuz. «Ez dut uste gure demokraziak onar dezakeenik halako ikuskizun bat». Ez da ahaztu behar Emmanuel Macronen LREM Errepublika Martxan alderdiak gehiengo osoa duela Asanblea Nazionalean, eta, beraz, bozketa batean gobernuak ez lukeela eragozpenik izango bere erreforma onartua izateko.

Hasiera batean, bozketa martxoaren 3ko osoko bilkuran egin nahi zuen Errepublika Martxan-ek, baina eztabaida luzatuz joan da Asanblean. Espero izatekoa zen, oposizioak 41.000 zuzenketa aurkeztu baitizkio. Gainera, erreformari buruzko eztabaida datorren astean, martxoaren 6an, eten egin behar zen, martxoaren 15eko eta 22ko udal hauteskundeengatik.

Koronabirusak eragindako krisia aztertzeko xedez atzo goizean egindako Ministroen Kontseilua baliatu zuen Frantziako Gobernuak 49.3 artikulua abian jartzeko. Oraindik ez dago oso argi gobernuak bozketarik gabe pasatu nahi duen testua zein izango den, eta aintzat hartuko duen hasierako proposamenari aurkeztu zaizkion zuzenketaren bat. «Aberastutako testu bat» izango dela aipatu zuen lehen ministroak.

Oposizioak bide bakarra du orain bozketarik gabeko onarpena oztopatzeko. Diputatuek 24 ordu dituzte zentsura mozio bat aurkezteko, eta hura hurrengo 48 orduetan eztabaidatu beharko litzateke—astelehenean edo asteartean—. Dagoeneko bi zentsura mozio iragarri ditu oposizioak. Baina, edonola ere, Errepublika Martxan-ek gehiengo osoa du mozio horiek gainditzeko.

Mozio bateratua aurkeztuko dutela iragarri dute ezkerreko hiru taldeek, Frantzia Intsumisoak, Alderdi Sozialistak eta komunistek. «Mozioaren testua gobernuaren prozedura txarrei buruzkoa izango da, pentsioen erreformaren edukiari buruz baino gehiago, horrela guztiak eroso senti daitezen bozkatzeko orduan», zehaztu zuen Jean-Luc Melenchonek, Frantzia Intsumisoko buruak.

Errepublikanoek, berriz, beste zentzura mozio bat aurkeztuko dute. «Behartutako pauso bat da, eta demokraziaren ukazioa, aurrekaririk gabekoa pentsioen erreforma batean», salatu zuen Damien Abadek, Errepublikanoen Asanbleako buruak. BN Batasun Nazionala alderdiko presidente Marine Le Penek, berriz, galdera gaiztoa egin zuen, Frantziako gobernuak koronabirusaren hedapena eragozteko eremu itxietan 5.000 pertsonatik gorako bilkurak debekatu dituela eta: «Galdetu beharko dugu zein den egiazko helburua: frantziarrak babestea, edo manifestazioak eragoztea».

Prozedura

Gobernuak, printzipioz, aise gainditu behar lituzke zentsura mozioak. Hori gertatuz gero, 49.3 artikulua baliatuko lukeen testu berria Senatura pasatuko litzateke zuzenean, lehen irakurketan, eta, hor adostasunik ez balitz, erreformaren testua atzera Asanbleara itzuliko litzateke, non bozketarik gabe pasaraz lezake gobernuak, berriz ere 49.3 artikulua erabilita.

Frantziako Gobernu batek konstituzioko 49.3 artikulua aktibatu zuen azken aldia 2016an izan zen. Manuel Valls lehen ministro sozialistaren gobernuak erabili zuen, bere lan erreforma ezartzeko.

Orduko hartan ere gobernuaren jokaerak erantzun handia izan zuen kalean. Lau urte geroago, greba eta mobilizazio ugari izan dira Frantzian —eta Ipar Euskal Herrian— erretreta sistema erreformatzeko Macronen asmoen aurka.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.