Iraken manifestariak bahitu eta torturatu dituztela salatu du NBEk

Urritik eta martxora bitarte 490 manifestari hil eta 7.783 zauritu zituzten. Txostenak ez ditu jasotzen protestetara bidean ezezagunek hildakoen edo oraindik ere desagertuta daudenen kasuak

Manfestariak Bagdad hiriburuan, maiatz hasieran, bizi baldintza hobeagoak eskatzen. MURTAJA LATEEF / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
2019ko urriaren 1etik martxoaren 21a bitarte UNAMI Nazio Batuen Erakundearen Irakerako Misioak bahituak edo atxilotuak izan ziren 154 manifestari eta giza eskubideen aldeko ekintzaileren kasuen berri izan zuen. Misioak 123 desagerturekin lotutako 99 salaketa ikertu zituen, eta horietatik 25 desagertuta daude oraindik ere. Bahituak izan eta aurkitu zituztenen kasuan jasotako testigantza guztiek baieztatzen dute «aurpegia estalirik zuten pertsona armatu batzuek» ibilgailu batzuetan sartu zituztela. Gizonezkoen kasuan, gainera, tratu txar eta torturak ere salatu zituzten: kolpeak, elektrodoak, bainu hotzak, mehatxuak eta sabaitik zintzilikatzeak.

Bahituak ez ezik, urritik martxoa bitarte, manifestazioetan hildakoen kopurua ere jasotzen du txostenak. Misioaren arabera, 490 izan ziren hildakoak, eta 7.783 zaurituak. Kopuru horiek, ordea, ez dituzte kontuan hartzen desagertuak eta manifestaziora bidean hildakoak. «Nahita egindako hilketak dira, manifestari eta ekintzaileen aurka gehiegizko indarra erabili izanaren ondorioak», salatu dute ikertzaileek. Dokumentuak ez du, ordea, zehazten hilketak eta bahiketak nork eginak diren; soilik nabarmentzen du «modu antolatuan egindakoak» direla erasoak, eta bahiketen kasuan bahituak gutxienez hamalau egunez eduki zituztela giltzapean, eta ez zituztela epaitu.

Bakartuta

Nabarmentzekoa da bahitu guztiak zirela manifestariak, eta haietako gehienak ekintzaileak edo gobernuarekiko kritikoak zirela protestak hasi aurretik ere. Bahituen arabera, toki itxietan eduki zituzten giltzapetuta, gehienetan lekualdatu gabe, eta bakartuta. Baina kasu batzuetan, beste pertsona batzuen ahotsak eta garrasiak ere entzun ahal izan zituzten. Kasu guztietan, baina, begiak estalirik egin zuten bahiketak iraun zuen tarte luzea.

Bahiturik egon ziren bitartean galdekatu egin zituztela ere jasotzen du txostenak. Manifestazioekin zuten loturari buruzkoak ziren galdera gehienak, eta baita atzerriko herrialdeekin zuten loturari buruzkoak, edota alderdi politikoen ingurukoak ere. Kasu gehienetan, baina, galdekatzaileek argi utzi zuten ezagutzen zituztela, eta haien bizitzari buruzko datu ugari zituztela. Bahitu zenbaiti manifestazioetan parte hartzen ari zirenen argazkiak ere erakutsi zizkieten identifika zitzaten.

Bahituek eurek ez zuten esan nortzuk izan ziren atxikita eduki zituztenak, eta gehienez ere «miliziak» aipatu zituzten, baina zehaztasun gehiagorik eman gabe. Giza eskubideen aldeko erakundeek, ordea, Irakeko segurtasun indarrei egozten dizkiete hilketak. Ideia hori defendatzen dutenetako bat da Human Rights Watch erakundea, zeinaren arabera 2016. urtetik 250.000 eta milioi bat pertsona artean desagerrarazi baitituzte.

Bagdadek ukatu egin du hori. Aurreko gobernuek gauza bakarra esan zuten, egileak identifikatzea «ezinezkoa» zela, eta, Mustafa al-Khadimi lehen ministroak ikerketa bat zabalduko duela iragarri badu ere, ez du urratsik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.