G20ak berretsi du multinazionalei gutxieneko %15eko zerga ezartzea

2023an hasi eta modu progresiboan ezarri nahi dute; denbora horretan, salbuespen batzuk izango dituzte enpresa handiek. Neurriarekin, zazpi herrialderik aberatsenek bilduko dute guztizkoaren %57

Erromako goi bileran parte hartzen ari diren estatuburuetako batzuk, atzo. LUDOVIC MARIN / EFE.
Jokin Sagarzazu - Irune Lasa
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Enpresak handiek gutxienez %15eko sozietate zerga ordaindu beharko dute egoitza duten lurraldeetan, eta multinazional handienek beren irabazien zati bat banatu beharko dute lan egiten duten herrialde guztietan, nahiz eta lantokirik ez izan han; enpresa digitalek, adibidez. Hala adostu zuten atzo G20a osatzen duten herrialdeetako buruzagiek, asteburu honetan Erroman egiten ari diren goi bileran.

Pandemia hasi zenetik aurrenekoz, munduko hogei ekonomiarik indartsuenen agintariak aurrez aurre bildu dira, Errusiako presidente Vladimir Putin eta Txinako Xi Jinping izan ezik; haiek bideokonferentziaz aritu dira. Sozietate zerga globalarekin batera, beste hainbat gai izan dituzte mahai gainean: txertoak, klima larrialdia eta herrialdeen zorrak, besteak beste.

Multinazionalen tasari dagokionez, asmoa da neurria 2023tik aurrera ezartzen hastea, baina, prozesua oso konplexua izan daitekeenez, modu progresiboan ezarriko dute. Dagoeneko jakinak dira bide horretako gako batzuk, baina oraindik argitzeko daude beste hainbat; gaur emango dute akordioaren xehetasunen berri.

Atzoko bileretatik jakin ahal izan denez, zerbitzu digitalen gaineko zergak —Google tasa eta gisakoak— onartu dituzten herrialde batzuek, Frantziak eta Espainiak esaterako, AEBekin akordio bat egin dute neurriok Erroman adostutakora egokitzeko. Horren truke, Washingtonek herrialde horiei ezarritako merkataritza zigorrak indargabetuko lituzke —produktu jakin batzuen gaineko muga zergak—. Espainiaren asmoa da hurrengo urtean indarrean jartzea akordioa, Nadia Calviño Ekonomia ministroak atzo Italiako hiriburutik adierazi zuenez.

Lau urte luze pasatu behar izan dira azkenik zerga global bati buruzko akordioa ixteko. AEBen jarrera aldaketak eta, bereziki, Joe Biden presidentearen diru beharrek bizkortu dituzte negoziazioak. Ekainean, G7ko herrialdeek adostu zuten akordioren abiapuntua —%15eko zifra ezartzea—, eta, urrian, OCDEko herrialdeek zehaztu zituzten bi oinarriak.

Akordioa mundu osoan ezartzeak ekar ditzakeen arazoen jakitun, hori modu mailakatuan egitea adostu zuten urrian. Erromako atzoko bileran, 2030eko epea aipatu zuten. Denbora tarte horretarako, salbuespen batzuk adostu zituzten OCDEko kideek. Hala, 2023an, zergaren lehen urtean, zerga globaletik salbuetsita egongo dira aktibo ukigarrien %8ren eta langileen nominaren %10 arterainoko kopuruak; hamar urteren buruan, aktiboen %5era murriztuko dira.

Salbuespen horiek herrialdeek bilduko dutenaren gainean izango dute eragina, eta nabarmena gainera, Europako Batzordearentzat aritzen den EU Tax Observatory behatokiak kalkulatu duenez. Aste honetan kaleratutako azterketa baten arabera, %15eko tasarekin orain arte baino 80.000 milioi euro baino gehiago bil daitezke Europako Batasunean: %25 gehiago. Baina, salbuespenen ondorioz, 19.000 milioi gutxiago izango dira lehen urtean (-%23,3). Salbuespenak kontuan hartuta, Espainiak 2.500 milioi euro gehiago bilduko ditu, eta Frantziak, 3.300 milioi gehiago. Beste herrialdeei dagokienez, salbuespenak aintzat hartu gabe, AEBek 57.000 milioi euro gehiago bilduko dituzte. Eta Txinak, gutxiago: 6.000 milioi.

Egoitza non, onura han

Behatokiak uste du herrialde garatuek aterako dutela onurarik handiena zerga globaletik. Haren kalkuluen arabera, G7ko herrialdeentzat izango da zergarekin bildutako diruaren %57. Arrazoia nahiko sinplea da: herrialde garatu eta aberatsetan daude zerga hori ordainduko duten multinazionalen egoitza nagusiak. Tax Observatoryk zenbatu duenez, multinazionalen erdiek G7ko herrialdeetan dituzte egoitzak. AEBetan %28k, Europako Batasunean beste %15ek, eta Asian %38k, batez ere Txinan eta Japonian.

Beste eragile batzuek akordioa kritikatu dute, multinazional askori ez dielako eragingo neurriak, bereziki irabaziak banatzearenak, eta zerga ihesaren sakoneko arazoa ez duelako konpontzen. Hiru herrialdek —Nigeriak, Kenyak eta Sri Lankak— ez zuten sinatu OCDEren urriko bileran adostutakoa. Beste batzuk, berriz, akordiora batu ziren, hasieran aurka azaldu ziren arren; Irlanda, adibidez. 2003az geroztik %12,5eko sozietate zerga du, eta horrek multinazional askori bide eman die han egoitza jartzeko.

Eta Euskal Herrian zer gertadaiteke? Berez, akordioak ez luke eraginik izango, enpresa handientzako zerga %15en gainetik dagoelako eta multinazionalen adarren egoitza gehien-gehienak Espainiako eta Frantziako hiriburuetan daudelako. Dena den, neurriak beste eztabaida bat berpiztu dezake. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tasa orokorra %24 da enpresa handientzat, eta Nafarroan, %28. Baina ELA sindikatuak aurten kaleratutako txosten baten arabera, hortik behera ordaintzen dute askok, kenkariez baliatzen direlako: azterketak dio 2019an 22 enpresa handik batez beste %7,6 ordaindu zutela sozietate zergan, eta batzuek, «ezer ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.