ESPAINIAKO VUELTA

Aurreneko handia berea du

Evenepoelek irabaziko du Espainiako Vuelta. Lehenengoz eskuratuko du itzuli handi bat flandriarrak. Azken-aurreko etapan Richard Carapaz nagusitu da, ihesean egon ostean

Aurreneko handia berea du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Adituek ere zalantza zuten Remco Evenepoel (Quick-Step) hiru asteko itzuli bat lehiatzeko ziklista aproposa ote zen ala ez. Italiako Giroan aritu zen 2020an, baina lesio larri batetik atera berria zen, eta erretiratu egin behar izan zuen. Onenekin buruz buru aurrenekoz lehiatu denean, ordea, zalantza guztiak uxatu ditu. Flandriarrak irabaziko du Espainiako Vuelta, Navacerradan arerioen saiakera guztiei aise erantzun ostean. Enric Masek (Movistar) eta Juan Ayusok (UAE) osatuko dute podiuma.

Richard Carapazek (Ineos) eskuratu zuen atzo garaipena, Espainiako Vueltako hogeigarren etapan. Ihesaldian egon eta gero, bakarrik helmugaratu zen Ekuadorkoa, eta mendiko maillota ere ziurtatu zuen.

Sailkapen nagusiaren borrokan ari ziren taldeak hasieratik mugitu ziren, eta, eraso gogorrei etekina ateratzeko, taldekideak sartu zituzten eguneko ihesaldian. Canencian (7,5 kilometro luze eta %4,9ko pendiza), eguneko hirugarren mendatean, 25 txirrindulari elkartu ziren ihesean. Horien artean izan zen Carapaz bera.

Laugarren mendatean, ordea, mugimenduak izan ziren aurrean. Lehenengo mailako mendatea zen Morcuera (9,4 km, %6,9an), eta oso gogorra egin zitzaien ziklistei. Ihesean asko zirela ikusita, Louis Meintjesek (Intermarche) erasoa jo zuen, eta Carapazek eta Sergio Higuitak (Bora) harekin batera egin zuten aurrera.

Tropelak hiru minutuko galerarekin hasi zuen mendatea, eta Movistar jarri zen buruan. Erritmo gogorra ezarri zuen, eta Evenepoel taldekiderik gabe uztea lortu. Hori ikusita, Mas erasora igaro zen, baina Evenepoelek ondo erantzun zion. Hori izan zen Mallorcakoaren saiakera bakarra.

Helmugarako hogei kilometrora hasi zuten txirrindulariek azken mendatea: Cotos (10,2km %5,7an). Tropelarekiko minutu baten aldearekin abiatu zuen aurreko taldeak azken mendate hori, eta Higuita eta Carapaz bakarrik gelditu ziren aurrean. Tropelean, UAEk ezarri zuen erritmoa igoerako lehen zatian, baina berehala jarri zen Movistar buruan, berriro ere. Masek ez zuen indarrik izan mugimendurik egiteko, eta, Lopez birritan saiatu bazen ere, elkarrekin egin zuten helmugarako bidea faboritoek.

Eraso horiekin asko hurbildu zen oilarren taldea aurreko bikotearengana, baina Carapazek hortzak estutu zituen Cotosen, eta azken metroetan erritmo aldaketa bortitz bat eginez lortu zuen aldea handitzea. Abiadura bizian egin zuen jaitsiera, eta hirugarren etapa irabazi zuen aurtengo Vueltan. Garaipen horrekin esango dio agur Ineosi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.