Soldata arrakala arazo politiko bat da

Arantxa Vazquez eta Eli Etxeberria
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bizitza eusteko behar beharrezkoak diren lanak albo batera uzten dituzten soldata arrakalaren kontrako planek ez dute arrakala amaituko, eta arazoa betikotu egingo dute.

Generoak sortzen duen soldata arrakalean bestelako zapalketak gurutzatzen dira gainera. Jatorriak, adinak, klaseak, aniztasun funtzionalak... eragin zuzena du auzi honetan, eta hori ez bada aintzat hartzen, soldata arrakalaz orokorrean hitz egiten jarraitzen badugu, gizon eta emakume* guztien egoera parekatu egiten dugu, gizon guztiek eta emakume* guztiek aukera berdinak ditugula aditzera emanez. Eta ez da horrela. Errealitateak kontrakoa erakusten digu egunero.

Emakume migranteek eta «bertako» emakumeek ez dute sektore berdinetan lan egiten. Aniztasun funtzionala duten emakumeek «babestua» ez den enplegu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak handiak dira, eta ikaragarriak euren baldintzengatik zapalduak izateko arriskuak. Emakume heldu gehiegiri prekaritate gordina besterik ez zaie geratzen bizitzaren azken garaietan, enplegu bat aurkitu ezinik, bizitza osoa zaintza lanetan egin ondoren, lan merkatutik sartu-atera iraunkorrean, baldintza oso kaskarretan beti. Eta emakume askori, sexu langileak besteak beste, ukatu egiten zaie langileak direla gainontzekoak egiten dutena egin arren: euren lana saldu bizi ahal izateko diruaren truke.

Arazoa sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kapazitista hau da. Lege, dekretu eta lan araudien bidez modu basatian, erregulatuan eta onartuan zapaltzen gaituen sistema hau, hain zuzen ere. Bere burua babesteko eta betikotzeko produktiboa ez den oro kanporatu eta suntsitu egiten duen sistema anker hau (berak esanez beti zer eta zein den produktiboa).

Ez diogu geure buruari ziririk sartuko. Izan generokoak, jatorriagatikoak, klasekoa edo aipatutako gainontzekoak, soldata arrakalak ez dira desagertuko. Ez sistema honetan. Sistemak ez du utziko. Zapalkuntza, diskriminazioa, bizitzari eusteko behar-beharrezkoak diren lanak ez aitortzea, extraktibismoa, nekropolitika, harrapakeria, ondasun pribatua guztiaren gainetik jartzea eta besteren usurpazioa sistema honen oinarrian daude, sistemak behar ditu, eta ez die uko egingo.

Soldata arrakalaren auzian garrantzia hartzen duena enpresetako zuzendaritza batzordeetan emakume kopuruaren auzia izatea eta kopuru hori handitzea garaipen bezala aldarrikatzea fribolitate hutsa da, emakume gehienek enplegu prekarioak dituztenean edota soldatarik gabeko lanetan ari direnean. Ez dugu goikoen berdintasunik nahi!

Zaintza lanen antolaketa soziala eta soldata arrakala bereiztea arduragabea da, zaintza lanak ez direlako bakarrik egiten. Administraziotik zaintza lanen zerbitzuak azpikontratatzen jarraitzen badira, soldata arrakala betikotu egingo da, eta arazo kolektiboei irtenbide indibidualak ematen dien bidea babesten jarraituko dugu.

Amaia Perez Orozcok esaten duenez, polita geratzen da lan merkatuan eman behar den berdintasunaz hitz egitea etxeko komuna nork garbitzen duen alde batera utziz. Berdina gertatzen da soldata arrakalaren kontrako planen kasuan, polita da planak gora eta behera aritzea, zaintza lanak musu-truk egiten dituzten emakumeen egoerari erreparatu gabe.

Hitz egin dezagun bizigarriak diren bizi proiektuak kapitalismoaren baitan eraikitzeko ezintasunez. Ikas dezagun nola eta zertarako ukatzen dituen kapitalismoak bizitza eusteko beharrezkoak diren zaintza lanak. Aztertu ditzagun sistemak egiten digun iruzurra konponbide partzialak eskaintzen dizkigunean hauek guztiengana irits daitezkeela eta sistematik askatzeko balio dutela esanez. Gaurkoz sistema emakumeon esplotazio ekonomikoan oinarritzen da, emakume etorkinak indar bereziz zapalduz gainera; eta hori ez da neurri partzialekin konpontzen.

Jar dezagun bizitza erdigunean, eta has gaitezen bizitza sostengatzen dutenak ikusgarri eginez. Egiten duten lana aitortuz, balioan jarriz eta duintasunez begiratuz. Egin dezagun bidea zaintza lanak despatriarkalizatzeko, generorik gabekoak egiteko, eremu pribatutik ateratzeko eta pribatizazioetatik aldentzeko, eta sozialki bidezkoa den moduan banatzeko. Eraiki dezagun lehen mailako arazo politiko honek eskatzen duen konponbide sozial, politiko eta ekonomikoa.

Egia da, aliantza kriminala dago patriarkatuaren eta kapitalaren artean. Hori apurtzea da gure eginkizuna. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.