Sasi guztien gainetik

Roglicek Giroa irabaziko du gaur, Monte Lussariko kronoigoeran balentria egin eta gero. Aldapan katea atera bazaio ere, Thomasi maglia arrosa kendu dio

Sasi guztien gainetik.
enaut agirrebengoa
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Zoritxarra beti dabilkio inguruan Primoz Roglici (Jumbo). Erorikoek maiz utzi izan dute jokoz kanpo, eta atzo, matxura izan zuen Monte Lussariko kronoigoeran. Giroa irabaz zezakeen, eta segundoz segundo hurbiltzen ari zitzaion Geraint Thomasi (Ineos). Airean zen maglia arrosaren borroka. Alabaina, esloveniarrari katea atera zitzaion igoera betean. «Akabo», pentsatuko zuten askok, 2020ko Tourrean gertaturikoa oroitzearekin batera. Orduan ere, kronoigoera batean egin zion ihes garaipenak. Atzo, ordea, askoz ere indartsuago zegoen Roglic, eta erregai bihurtu zuen ezbeharrak eragindako amorrazioa. Su batean jo zuen garaipenerantz, txapeldun handia dela erakutsiz, eta Giroa irauli zuen bukaerako berotuan.

Roglicek 26 segundo zituen galduak Thomasekin sailkapen nagusian. Biak oso paretsu ibili dira Giro osoan zehar, eta erlojupeko jardunean izan zuten azken borroka. Bada, gehiago izan zen esloveniarra, matxura eta guzti: 40 segundo atera zizkion liderrari. Beste inork baino azkarrago osatu zuen 18,6 kilometroko ibilbide aldapatsua. Laua zen hasieran, baina zazpi kilometroko mendate beldurgarri batean zegoen helmuga. Roglicek ziztuan igo zuen, pedal kolpe arinez, eta 44.23ko denbora egin. Bigarren Thomas izan zen, eta hirugarren Joao Almeida (UAE), 42 segundora. Hurrenkera horretan igoko dira gaur Erromako podiumera.

Tentea ez ezik, oso estua erebazen igoera. Ez zegoen taldeen autoentzako tokirik, eta ziklistei motorrez jarraitu zieten. Hori horrela, bi aldiz gelditu zen erlojupekoa, motorrek mendatea jaitszezaten. Etenaldiak hiru ordu laurden ingurukoak izan ziren. Behin lana finituta, txirrindulariek teleaulkia hartu zuten gailurretik jaisteko.

Lehen txandan 45 atera ziren, eta bakarrak osatu zuen ibilbidea 50 minutuan baino gutxiagoan: Thibault Guernalekek (Arkea). Kronometroa 48.35ean gelditu zuen. Gorputza ez estutzeko hautua egin zuten haren lehiakide askok, eta festa giroan igo zituzten aldapak, zaleei keinu eginez. Baten bat zaldiarena egiten ere ausartu zen. Arriskurik ez zegoen denbora mugatik kanpo iristeko; igoeraren gogortasuna kontuan izanik, onbera agertu ziren antolatzaileak.

Gauzak serio jarri ziren geldialdiaren ondoren. Bigarren saileko bost txirrindularik ondu zuten Guernaleken denbora. Ia hogei segundo hobetu zuen Thomas Championek (Cofidis), baina berehala altxatu behar izan zen azkarrenaren aulkitik. Izan ere, igoera harrigarria egin zuen Matthew Riccitellok (Israel), eta 46.19ko marka ezarri. Bati baino gehiagori 2016an Alexander Foliforovek Alpe di Siusin emandako ezusteko erakustaldia etorriko zitzaion gogora.

Haatik, Riccitelloren itxaropena ezerezean gelditu zen hirugarren txandan, sailkapen nagusiko indartsuenak helmugaratzen hasi ahala. Jay Vinek (UAE) esnatu zuen ametsetik, eta, hortik aurrera, beste lau txirrindulari izan ziren, behin-behinekoz, lehen postuan: Brandon McNulty (UAE), Sepp Kuss (Jumbo), Thibaut Pinot (Groupama) eta Damiano Caruso (Bahrain). Horietako inork ez zuen apurtu 45 minutuko langa. Hiru faborito handien zain zeuden zaleak.

Bata bizi, bestea behartuta

Lehen mugarrira bidean, parez pare ibili ziren Roglic, Thomas eta Almeida. Esloveniarrak bi segundo atera zizkion galestarrari, eta lau portugaldarrari. Thomasek galdu zuen denbora gehien bizikleta aldaketan, kaskoz ere aldatu baitzuen. Bizikleta adarduna utzi, arrunta hartu, eta maldan gora abiatu ziren. Indartsuen Roglici nabari zitzaion. Bizi-bizi ari zitzaien eragiten pedalei, herrikideen babesak hauspotuta. Esloveniatik oso gertu jokatu zen etapa, eta jendetza bildu zen errepide bazterrean.

Soka bere aldera ari zen ekartzen Roglic. Bigarren mugarrian, 32 segundo atera zizkion Almeidari, eta 16 Thomasi. Hortik gutxira, baina, katea atera zitzaion koska batean. Eskuak burura eraman zituzten haren taldekideek. Esloveniarrak, baina, ez zuen burua galdu, eta, epikaren bidetik, Thomas garaitzeko gai izan zen. Liderra izerditan blai eta pedal kolpe behartuarekin igo zen, eta maglia arrosa erantzi behar izan zuen.

Gaur Erroman hasi eta bukatuko den etapa lau batek emango dio amaiera Giroari. Roglicek aurrenekoz irabaziko du Italiako lasterketa. Thomas 14 segundora geratuko da sailkapenean, eta Almeida 1.15era. Carusok laugarren postuari eutsi zion atzo. 4.40ra dago. Bosgarren Pinot izango da, 5.43ra. Giroan den euskal herritar bakarrak, Jonathan Lastrak (Cofidis), berriz, 35. postuan bukatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.