Konfinamenduaren konfinamendua

Kontxi Larrañaga Aduriz
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Idatzi hau nire ahizpari dedikatzen diot. Gaztetatik Arrasateko Aita Menni ospitalean bizi da. Hasteko, eskerrak eman nahi dizkiet urte luze hauetan ahizparengan konfiantza eta dedikazioa jarri duten profesional guztiei: auxiliar, erizain, psikiatra, psikologo, gizarte-langile, monitore, harreran daudenak… Familia ordezkatzen dutenak, alegia, ni, 100 kilometrora bizi naiz eta. Pandemia iritsi arte bixitan joaten nintzaion, edo etxera etortzen zen.

Aurretik nire esker onak eta begirune adeitsua Aita Menni ospitaleari,aspalditik ahizparen zaindaribaita. Eta ahizpa ez dago han behartuta,edo familiak hala nahi duelako, bere eskizofrenia larriaren gatibu delako baizik. Ahotsen, haluzinazioen, beldurren eta botiken baldintzapean baitago, bere eguneroko bizitza normalizatuan instalatu diren mamuen pean, hain zuzen ere.

Miresmen handia diot Aita Menni ospitaleari. Ez da nire asmoa hura gutxiestea, ezta gutxiago ere! Baina bai, ordea, oraingo egoera berri eta gordin honetan manikomio batean dagoenak pandemia nola bizi duen hobeto ulertaraztea.

Buruko gaixotasun larri eta kronikoa dutenen bizitzak bahituak ditugu, gizartetik aparte, ospitale psikiatrikoetan edo manikomioetan gordeta, non koronabirusak zailtasun gehiago dituen sartzeko.

Kisketak, ireki-ixteko botoiak, giltzak, kider automatikoak, ireki eta itxi esaten duten igogailuak, irten ahoskatzen ez dutenak. Kanpotarrentzat ate giltzapetuak nonahi; aldiz, komunetako ateak beti irekiak garai batean, aterik gabe ere ezagutu izan ditut. Harrera gela, berriz, luxu-garestiko dekoratua, arruntean erosoa, eta wifiarekin.

Hesiak edota kristalerak dena agerian uzten dute barru-barrunbeetara iristean. Intimitate bakarra euren poltsa da. Egun osoan ez dira gelatik pasatzen, eta eguneroko errutinetanbehar duten guztia zakutoan gorde behar. Egia da, bai, egun batzuetan siestara joaten uzten dietela.

Gune batean kartzela-modulua ere bai, bideokameraz inguratua, paretak kristal bihurturik, Munilla jaunak inauguratua.

Hau idazteko momentuan, ospitalea itxita dago. Familiakoak ezin gara sartu, eta pazienteak ezin dira atera. Agindu hori jaso omen dute. Diputaziotik? Zer erantzungo luke orain pantailan hain gutxitan ateratzen den Maite Peñak? Argi utzi nahi dut errespetu handiz aitatzen dudala bere izena, bere beharra izan dudanean ongi erantzun baitit; baina orain zaharren egoitzen egoeraz hitz egiten da. Manikomioez, imintziorik ere ez. Segur aski bisitak ere askoz gutxiago dira hemen ospitale psikiatrikoetan.

Astelehenero deitzen dut berriren bat ba ote dagoen jakiteko.

Ahaztuak, gure memoria historikoan existitzen ez direnak, aspalditik konfinatuak bizi direnak, musukorik gabe ere kanpoko oxigenoa hartzen ez dutenak, telefonoa delarik elkarrekin dugun komunikazio tresna bakarra. Urruntasunean, bakarturik, dutxarako erabili eta botatzen diren esponjak bezala, eguneroko trumoi-giroan bizi dira: garrasiak, negarrak, burlak, buila, orroak, borrokak, irainak, tankera txarrekoen jarrerak, mantrak, automatismoz betetako mugimenduak, zigarreta konpultsiboak, begiratu erratuak, gauza pertsonalen kontrabandoa…

Zenbaitetan, irribarrea ere bai; nire ahizpak dio Aita Mennin daukala bere bigarren familia, atzerriko familia deitzen dio.

Eta izugarrizko jakinduria usaintzen da; jakinduriakzoritxar guztia bustitzen du, lurrina balitz bezala: sufrimenduaren jakinduria.

Sufrimendua ukitu eta dastatu egiten da han. Baita elkarren artean duten konplizitate eta adiskidetasuna ere. Harrigarria baita zoritxarrak nolako konplizitatea sortzen duen ezbeharren aurrean. Laguntasun ezkutua begi bistakoa da.

Sufrimendua naturala da eroetxean, Naturaren kapritxoak ekarria. Naturaren istripua jasaten du nire ahizpak ere. Etxera etorri nahi du. Ez dago Etxerat-ekoen edota ostiraletako manifestarien gogoan, nahiz eta horiek ere isolatuta eta gaixo daudenen eskubideak defendatzen dituzten, zorionez.

Nire ahizpak, berriz, ni bakarrik nauka defendatzeko. Eta ahal den bezain pronto ekarriko dut etxera, bere etxera, Oiartzunera, bere herrira. Ez du ongietorri ofizialik izango, ez duelako behar. Bere etxea da berarentzat paradisua, eta lagun, bizilagun, maite duten guztiek emango diote ongietorria, beti bezala.

Buruko osasun mentala ospatzeko eguna hurbil dugu. Akaso idatzi honek harritu egin zaitu ez dudalako osasunaz hitz egiten, gaixotasunaz baizik. Eta eroetxe edo manikomio hitza erabiltzeak, atzerakoia bihurtzen nauela pentsatuko duzu. Baina errealitate gardenaren inguruan doa nire hausnarketa. Eufemismo eta metaforak saihesten ditut —hizkuntzaren tranpa direlako—, gure kasuaren errealitatea hobe ulertua izan dadin, bere gordintasunean.

Ahotsik gabekoak, ikusezinak, hedabideetan oihartzunik gabekoak, langabeak, tristeak, pobreak (batzuek pentsio ez kontributiboa soilik, 300 euro besterik ez dute jasotzen), etorkinak baino joakinak, zaurituak, estigmatizatuak, deserrotuak…

Bukatzeko, itxaropen dosi handi bat bidaltzen dizuet nire egoeran zaudeten senide edo gaixo guztiei. Denok batera kantatzen dakigulako, libre zaudetenean askatasuna bistaratzen delako zuen bihotzetan, matrioxka errusiar panpinen antzera barruan biderkatzen duzuelako alaitasuna, zuen erara, gizartearen hoztasunaren gainetik.

Benito Lertxundik dioen moduan: «Zergatik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.