Dilemak eta doluak

Fito Rodriguez - EHUko irakaslea

2021eko urtarrilak 12

Zertarako balio du oinazeak ikuspegi ebolutibo batetik begiraturik? Darwinek «Negarra enigma da» idatzi zuen.

Oro har, gure inguruan, osasuna eta natura ozta-ozta lotzen dituzte herritarrek. Urrunago joan gabe, aurten, zientzialariak saiatu dira azaltzen, nola edo hala, COVID-19 gaixotasuna zoonosiak sortu duela eta, beraz, saguzarren patogeno batetik gizakiongana egiten den jauziaren bidez zabaldu ohi dela pandemia. Mundu globalizatu honetan, gainera, birusak erraz hedatu du bere mina planetako leku guztietara.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Thomas Nagel filosofoak artikulu ospetsu bat idatzi zuen: Nolakoa da saguzar bat izatea?. Esaten zuen guztiz ezinezkoa dela saguzar bat nolakoa den jakitea; hori jakiteko modu bakarra beraietako bat izatea dela eta, ondorioz, kontzientziaren ikerketa zientifikoa ere ezinezkoa dela. Oso argudio sinplista, nire ustez, baina zabalkunde handia izan zuena. Egia esanda, buru-esperimenturako saguzar bat aukeratzea ideia inspiratua izan zen: izaki harrigarriak direlako.

Badakizue saguzarrak radar baten antzerako laguntzaz mugitzen direla zirkulu zentrokideak seinalatuz? Hura aurkitu zuenak zientzia-bilkura batean azaldu zuenean, ideia hain zentzugabea iruditu zitzaion zientzialari zahar bati ezen aurkitzailearengana hurbildu zitzaion eta erasotzeko zorian egon zen.

Banpiro-saguzarrek, adibidez, behar denean, batek odola botatzen du bestearen eztarrian elikatzeko asmoz. Dirudienez, banpiro-saguzarrak kanpotik habiara itzultzen direnean, zerbait jatekorik aurkitzen zortea izan duenak bertan baraurik daudenekin partekatzen ohi du afaria.

Zer lotura du horrek kontzientziaren arazoarekin?

Motibazioarekin du zerikusia. Lehen begiratuan altruismoa dirudi, baina saguzar batek odola beste batekin baino ez du partekatzen, eta harekin akordio bat omen dauka, beraz, egoismo adimentsua da. Gauza bera gertatzen da gizakiekin, presoaren dilemak erakusten duen bezala.

Dilema horren egoera honetan datza: bi preso, biak delitu beragatik akusatuta daude, eta bat bestearen aurka deklaratzera gonbidatu dute. Esan beharra dago isolatuta daudela eta ezin dutela elkarrekin komunikatu. Biek traizio egiten badute, zigor luze batez kondenatuko dituzte. Batek bakarrik aitortzen badu akusazioaren lekuko dela, zigorgabetasuna bermatzen zaio. Biek isiltasuna gordetzen badute, agian ebazpen arinagoak lortuko dituzte haien kontrako frogarik ez dutelakoan. Agintearekin kolaboratzea ala ez aukeratu behar dute.

Pandemia egoeran edota ataka txarreko ekonomikoan, politikoan, arrantza eskubideen aferetan, eskolako arazoez edozein dela ere... aplika daitekeen dilema da.

Non-nahi, bizitza, oro har, lankidetzan aritzeko edo ez parte hartzeko hautu gisa ikus dezakegu.

Begira ezazue, bestela, enpresa baten kostuak murrizteko azken egoera ekonomikoa. Enpresaburuek eta sindikatuek bi aukera dituzte beti: batetik, ahalik eta txikienak diren murrizketak guztien artean banatzearen alde bozkatu behar dute (denek zerbait galduz), edota, bestetik, batzuen kaleratzearen alde bozkatu. Kolaboratu ala ez, hori da kontua.

Matematikariek milaka ordu erabili ohi dituzte joko honetan aritzeko modurik onuragarriena aurkitu nahian. Eztabaida pilo bat izan dira gai honen inguruan. Nazioarteko lehiaketak egin dira estrategiarik eraginkorrena diseinatzeko. Badakizue zein izan zen irabazlea haietariko gehienetan?

—Begia begi truk joera klasikoa.

Beste jokalariarekin batera lan egiten duzu zurekin lan egiteari utziko ez diolakoan, eta horrela ez izatekotan, aldiz, jokamoldea aldatuko duzu. Horrek gizartearen loturak markatu ohi ditu. Giza moraltasunaren sintesia da.

COVID-19a zoonosiarekin lotuta dago, eta planetako biodibertsitatea galtzean du jatorria. Era berean, deforestazio-prozesuekin, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboaren hedapenarekin eta planetako herrialde aberatsen kontsumo ereduarekin lotuta dago.

Esan ohi da COVID-19 delakoaren auzian arazo nagusia dela gu, denok, gaizki portatzen garela, eta erantzukizun sozial faltagatik errieta egiten digute agintariek. Disidentziaren estigmatizazioa adibide argia da. Gauza bera gertatzen da ingurumen-krisi globalarekin, non esaten diguten arduratsuak izan behar dugula banaka-banaka birziklatzen, garraio-moduak erabiltzen eta abar, baina, norberaren erantzukizuna beharrezkoa bada ere, argudioak ez du balio behar botere publikoen erantzukizuna ezkutatzeko.

Arazo kolektiboa da daukaguna, bistan da, baina ez dugu ahaztu behar erantzukizunak partekatuak baina bereiziak ere badirela. Izan ere, batzuek gero eta jasangaitzagoa den egoera bati etekina ateratzen jarraituko diote eta, halaber, beren kontzientziak garbitzeko errudunak bilatuko dituzte diskurtso disidenteak deabrutuz.

Kolaboratu nahi ez duen presoari fanatikoa, terrorista edota negazionista ere deitu izan zaio eta kooperatzea erabakitzen duenari, berriz, birgizarteratzeko bide garaikidea onartuko diote bizitza eredu jakin hau kudeatzen duten ohiko botereek, egoeraren funtsezko arduradunak.

Ironikoa da baina, pragmatikatik, denontzat euria ari duela esango digute nahiz eta, bizipenetik, euriak jende guztia ez duela berdin bustitzen jakin, badakigun.

Ez negar egin, gu elkarrekin, abestuarazi nahi izango digute hedabide instituzionalek baina, agian, negar egitea hautatuko dugu baztertuta izan arren... dilemari eman beharreko erantzuna hautua baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna