Nigeriako bozak astebete atzeratu dituzte, «sinesgarriak» izan daitezen

Bozkalekuak irekitzeko bost ordu falta zirela eman du erabakiaren berri Hauteskunde Batzordeak, «erronkak» dituela argudiatuta. Hauteskundeen bezperan 78 pertsona hil dituzte zortzi herrixkatan

Nigeriako bozak astebete atzeratu dituzte, «sinesgarriak» izan daitezen.
ander perez zala
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Nigeriako herritarrak bozkalekuetara joateko asmoz esnatu ziren atzo goizean, baina ezin izan zuten halakorik egin, Hauteskunde Batzorde Nazional Independenteak (INEC) azken unean presidentetzarako eta Asanblea Nazionalerako hauteskundeak atzeratzea erabaki baitzuen. Bozkalekuak irekitzeko bost ordu falta zirela, INECeko presidente Mahmood Yakubuk jakinarazi zuen datorren larunbatean egingo dituztela bozak, «seguruak, askeak eta sinesgarriak» izan daitezen. «Ezinezkoa da zenbaketa aurreikusi genuen gisara antolatzea. Erronkak ditugu. Ez da eragin politikorik izan», azaldu zuen Yakubuk, zehaztasun gehiagorik eman gabe. Asteon INECen hiru egoitza erre dituzte, eta oposizioak salatu du botopaperak falta direla estatu batzuetan.

Afrikako herrialde jendetsueneko herritarrentzat —190 milioi biztanle—, batez ere presidentetzarako bozek hartu dute berebiziko garrantzia,Muhammadu Buhari presidentearenagintaldiari buruzko erreferendum bilakatzeraino. Militar ohi hori 2015ean iritsi zen boterera, hiru helbururekin: Boko Haram talde jihadista garaitzea, ustelkeria amaitzea, eta ekonomia berpiztea —87 milioi nigeriar daude pobrezian—. Lau urteok, ordea, gaixorik igaro ditu, eta ez du bete kanpainan hitzemandakoa. Oposizioaren arabera, Boko Haramen aurkako borroka aitzakia gisa erabili du ipar-ekialdean «jendea hiltzeko» —ehun bat, urtarrilaz geroztik—; gainontzeko alderdien aurka egin du, ustelkeria garaitu nahi zuela argudiatuta; eta ekonomiak okerrera egin du, petrolioaren prezioa jaitsi egin baita.

Alderdi Popular Demokratikoko (PDP) Atiku Abubakarrek, oposizioko presidentegai nagusiak, «iruzurra» sustatu nahia egotzi dio Buhariri asteon. «Harrituta nago bozak atzeratu dituztelako. Ez dituzu atzeratzen horiek egiteko ordu gutxi falta direnean», kritikatu zuen atzo Abubakarrek. 73 presidentegai aurkeztu diren arren, hura da, herrialdeko presidentearekin batera, bozak irabazteko egiazko aukera duen hautagai bakarra.

Buhari ere kritiko agertu zen atzo hauteskundeen atzerapenarekin, eta, haren bozeramailearen bitartez, lasaitasunerako deia egin zien herritarrei: «Izan zaitezte baketsuak eta abertzaleak. Niri ere huts egin didate». Ikusteko dago datorren astean herritarrek nola erantzungo duten, aurreko bozak ere (2011) atzeratu baitzituzten, kasu horretan Boko Haramen indarkeriaren ondorioz; haserrea handia izan zen.

Buharik eta Abubakarrek «bake akordioa» sinatu dute asteon: konpromisoa hartu dute emaitzak onartzeko eta presidenteorde kargurako kristau bat hautatzeko, biak musulmanak baitira—iparraldean erlijio horretakoak dira gehienak, eta hegoaldean, kristauak—. Atzo, ordea, batak besteari egotzi zion bozak atzeratu izana.

Indarkeria etengabea

2011n gertatu bezala, hauteskunde egunaren bezperan hildakoak izan dira. Atzo jakinarazi zutenez, gutxienez 66 lagun hil zituzten iragan ostegunean Nigeria iparraldean, Kaduna estatuan, tartean 22 haur; inork ez du bere gain hartu erasoa.

Ipar-ekialdeko Maiduguriko meskita batean, berriz, Boko Haramek gutxienez zortzi pertsona hil eta 22 zauritu zituen, Poliziak atzo jakinarazi zuenez. Iragan asteartean, talde jihadistak gobernuaren konboi bati egin zion eraso, eta lau lagun hil zituen. 2011ko bozen ostean, 800 pertsona hil zituzten, eta antzeko egoera baten beldur dira egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.