Donostiako Klasikoa

Klasikoan, klasikoen legean

Remco Evenepoelek erakustaldia emanda irabazi du Donostiako Klasikoa. Azken 46 kilometroak bakarrik egin ditu, erlojupeko baten gisa, eta bigarrenez gailendu da

Remco Evenepoel, Donostiako Bulebarreko helmugan, Klasikoan lortutako garaipena ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Garai batean txirrindulari askok urrutitik erasoa jota lortzen zuten garaipena. Ziklista mota hori desagertuz joan zen. Baina pixkanaka bueltatzen ari da, eta horren ikur da Remco Evenepoel (Quick Step). Flandriarrak txirrindularitza estilo horren beste erakustaldi bat eman zuen atzo. Erlaitzen gora estutu pare bat jotzea nahikoa izan zuen bakarrik geratu eta Donostiako Klasikoa bigarrenez irabazteko. Lege zaharrean egin zuen, txirrindulari klasikoen pare. Azken 46 kilometroak erlojupeko baten pare egin zituen. Bigarren izan zen Pavel Sivakov (Ineos) eta hirugarren Tiesj Benoot (Jumbo Visma). Garaipenarekin «zoratzen» zen Evenepoel. «Gehien gustatzen zaidan lasterketa da Lieja-Bastogne-Liejarekin batera. Zorionez, biak irabaztea lortu dut. Lehen txapela gurasoen etxean dut, eta hau nirera eramango dut».

Goibel esnatu zen eguna, eta Alejandro Valverderi (Movistar) omenaldia egin eta gero abiatu zen lasterketa. Eguneko ihesaldia bederatzi txirrindularik osatu zuten: Theo Delacroixek (Intermarche), Manuele Boarok (Astana), Eugenio Sanchezek (Kern Pharma), Mads Pedersenek (Trek), Martijn Tusveldek (DSM), Jon Barrenetxeak (Caja Rural) Oscar Cabedok (Burgos BH), Ibai Azurmendik (Euskaltel Euskadi) eta Fabien Grellierek (Total Energie). Bidea egin zuten, nahiz eta gero, besteak beste, Barrenetxea atzean geratu zen. UAEk hartu zuen tropel nagusiaren burua. Tadej Pogacar ondo zegoela zirudien. Eta pixkanaka aldea murriztuz joan ziren.

Jaizkibel igotzen hasi zirenean, minutu bat baino gutxiagoren errenta zuten iheslariek, eta, mendatean gora zihoazela, gero eta alde txikiagoa zuten. Donostiako Bulebarreko helmugarako 65 kilometro falta zirenean harrapatu zituzten. Pixkana lekua hartuz joan ziren faboritoak. Tropelaren aurrealdean agertu ziren, besteak beste, Evenepoel bera eta Simon Yates (Bike Exchange). Ezustean, ordea, Pogacar atzean geratu zen, igoeraren bigarren zatian. Esloveniarrak Frantziako Tourreko ahalegina ordaindu zuen. Hori jakinda, Quick Stepek hartu zuen orduan tropelaren burua. Multzo handia iritsi zen elkarrekin Jaizkibel gainera. UAEren egun beltzak segida izan zuen, Joao Almeidak erorikoa izan baitzuen. Ion Izagirre (Cofidis) ere erori egin zen, eta lasterketa utzi behar izan zuen, sorbaldan min hartu zuelako.

Quick Stepek luze jarri zuen tropela, eta lasterketa gogortu. Jaizkibelen sufritu zuten txirrindulariei beste beroaldi bat eman nahi izan zien Evenepoelek. Education First eta Bahrain ere azaldu dira. Erlaitzen hasieran, Yates, Evenepoel eta Daniel Felipe Martinez (Ineos) aurrean zeuden. Ia nahigabe, Evenepoelek eta Yatesek aurrera egin zuten. Flandriarrak nahikoa izan zuen estutu txiki bat egitea. Sivakov ere saiatu zen haiekin joaten, baina ezin izan zuen.

Yatesek kilometro pasatxo baino ezin izan zion eutsi Evenepoeli. 46 kilometro falta ziren, eta Erlaitzeko sasi-ordekan garaipena lortzeko zutarriak jarriz joan zen. 18 segundoren errentarekin iritsi zen gora.

Erlojupeko baten pare

Pedalkadaz pedalkada, aldea handituz joan zen. Azken 40 kilometroetan ikusgarri aritu zen. Yatesen atzetik, Carlos Rodriguez (Ineos), Sivakov eta Bennot geratu ziren. Bauke Mollema (Trek) ere gehitu zitzaien Baina jazarpen lanak ez zuen eraginik izan. Boskoteak ezer gutxi egin ahal izan zuen Evenepoelen indar erakustaldiaren aurrean.

Murgilen gora, ohiko pedalkada fresko eta arinari eutsi zion. Eserita igo zituen zatirik gogorrenak, zaleen zoramenerako. Ederki hauspotu zuten errepidearen bi aldeetatik. Gainean zuen errenta bi minuturena zen. Azken kilometroak gozamena izan ziren flandriarrarentzat, eta hala biribildu zuen erakustaldia. 2019an ere horrela egin zuen. Baina orduan oraindik txirrindulari ezezaguna zen. Atzo, berriz, begirada guztiak zeuden harengan jarrita, eta ausardia berberarekin jokatu zuen. Azken hiru asteetan Livignon, 2.200 metrora, egindako egonaldiak, fruituak eman dizkio. Espainiako Vueltari begira egindako prestaketa izan da. Baina lehen saria jaso du, nagusia, gainera: Klasikoa irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.