Altunak bere legea ezarri du

Seigarren garaipena lortu dute Altuna III.a-Tolosak, Peio Etxeberria-Rezustari 22-12 irabazita. Amezketako aurrelariak hamabi tanto egin ditu, eta ez du bakar bat ere galdu

Jokin Altuna pilotari jotzen, alboan Peio Etxeberria duela. Amezketako pilotaria izan zen atzoko partidako onena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Min hartuta abiatu zuen Binakako Txapelketa Jokin Altunak. Lehen bi partidak ez zituen jokatu. Hirugarren jardunaldian itzuli zen, eta ordutik erakustaldiz erakustaldi dabil Amezketako aurrelaria. Hark idazten du jokatzen dituen partiden kontaketa. Hark jartzen du jokoaren erritmoa, eta bikoteari komeni zaion lekura eramaten ditu norgehiagokak. Bere legea ezartzen du. Atzo ere horixe egin zuen, eta Tolosarekin batera 22-12 nagusitu zen Peio Etxeberria-Rezustaren kontra.Galtzaileek ezin izan zuten ezer egin Altuna III.aren joko erauntsiaren aurrean. Hamabi tanto egin zituen, eta ez zuen bakar bat ere galdu. Meritu handia izan zuen, kontuan hartuta ezker eskua ez zuela bete-betean. Atzo irabazita, bigarren postuan dira Altuna III.a-Tolosa, sei garaipenekin, Laso-Imazekin berdinduta. Bost dituzte Peio Etxeberria-Rezustak, eta laugarren daude.

Sasoi betean zeuden bi bikote ziren aurrez aurre atzo. Ezohikoa izan zen partida hasiera, Peio Etxeberriari motz geratu baitzitzaion sakea. Baina berehala atera zuen arantza, txokoan egindako erremate bikain batekin: 1-1. Partida hasiera erritmo handiko izan zen, batez ere bi aurrelarien aldetik. Atzelarien kasuan, pilotak baxuak izan ziren oro har, eta kosta egin zitzaien mugitzea.

Pixkanaka partidaren agintea hartuz joan zen Altuna III.a, aurrean erremate ikusgarriak eginez. Halakoetan, Amezketakoa geraezina da. Gainera, bikotekideari, Tolosari, lasaitasun handia ematen dio. Erronka handia zuen atzo Anoetako atzelariak, Rezusta bezalako jotzaile on baten aurrean. Baina txapelketan egiten ari den moduan, ondo erantzun zuen. Horri esker lehen aldea lortu zuten atzo gorriz jantzitakoek, lau tantorena: 7-3.

Peio Etxeberria-Rezustak eten egin zuten partida, eta, itzultzean,Bergarako atzelariak tanto polit bat egin zuen, Altuna III.ak txokoan utzitako pilota bati erantzunez. Baina ezin zuten geratu Altuna III.aren joko erauntsia. Zabalera, txokora... mota guztietako tantoak egin zituen, partida bikoteari komeni zitzaion lekura eramanez. Teknikoki eta taktikokiargitasun handiz jokatuz: 9-4.

Peio Etxeberria-Rezustak berean jarraitu zuten, ohikoa duten moduan lan eginez. Hasieran ez bezala, gai izan ziren hiru tanto segidan egiteko. Hala, bi tantora gerturatu ziren: 10-8. Hor izan zuten partidan sartzeko aukera argiena atzoko galtzaileek. Baina Altuna III.a berriro agertu zen, gauzak bere tokian jartzeko. Bi erremate on egin zituen: 12-8.

Partida hautsi da

Kolpea izan zen hori Peio Etxeberria-Rezustarentzat. Are gehiago Altuna III.a-Tolosa aldea handitzen joan zirenean: 14-8. Partida hautsita zegoen. Baina segitu behar. Zenozko aurrelariak egin zituen pare bat tanto on: 16-12. Baina hor amaitu zen atzoko galtzaileen bigarren susperraldia. Peio Etxeberriak bipareta bat kanpora bidali zuen. Sakea Altuna III.a-Tolosak berreskuratu zuten, eta 6-0eko partzial batekin, 22ra iritsi ziren. Tartean, Tolosak tantoren bat ere egin zuen. Baina, nola ez, azken tantoak Altuna III.aren zigilua izan zuen, zabalera botatako pilota bati esker. Peio Etxeberria ez zen ailegatu.

Gustura ziren garaipenarekin Altuna III.a-Tolosa. «Partida serioa jokatu dugu. Bagenekien lehen bi postuetako borroka horretan garaipen garrantzitsua zela. Tantoen aldea gurea izatea ere lortu dugu», esan zuen Tolosak. Altuna III.ak onartu zuen hasieran zalantzak izan zituela ezker eskua nola izango ote zuen. «Baina oso ondo sentitu naiz. Xabik lan aparta egin du, eta oso gustura gaude garaipenarekin».

Gaur jokatuko da jardunaldiko azken partida Etxebarrin (Bizkaia). Bertan, Jaka-Arangurenek Peña-Eskirozen kontra neurtuko dituzte indarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.