Frantziako Tourra

Historia horiz idatziko du

Jonas Vingegaard lehenengoz iritsiko da horiz jantzita Eliseoko Zelaietara. Wout van Aert izan da garaile azken erlojupekoan, eta liderra Tadej Pogacar baino azkarrago aritu da

Historia horiz idatziko du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Jonas Vingegaardek irabaziko du gaur, ezusterik ezean, aurtengo Frantziako Tourra. Tadej Pogacarrek (UAE) garaiezina zirudien, baina danimarkarrak bigarren astetik erakutsi du nagusi dela. Lehia hasi aurretik Primoz Roglicen (Jumbo-Visma) aldeko hautua egiten zuten aditu askok, baina errepideak berea egin du. Erlojupeko bikaina egin zuen atzo Vingegaardek, baina amaieran mantsotu egin zen, eta Wout van Aert taldekideak lortu zuen garaipena. Bigarren izan zen maillot horia, eta lehenengo Tourra eskuratu du, azken bi urteetako garailea menderatuz.

Txirrindulariek 40 kilometroko erlojupekoa egin zuten azken-aurreko etapan. Ibilbidea laua zen, baina amaieran bi malda igo behar izan zituzten; lehenengoak ia %5eko batez besteko pendiza zeukan, eta bigarrenak, %8koa. Filippo Ganna (Ineos) eta Van Aert ziren etapa garaipenerako hautagai nagusiak, espezialistentzat ibilbide aproposa baitzen. Yves Lampaertek (Quick-Step) aurre hartu zien Danimarkako saioan, eta arantza ateratzeko aukera zeukaten biek.

Gannarena izan zen kontuan hartzeko lehenengo denbora. Bi aldiz izan zen munduko txapeldun erlojuaren aurka, eta saio ona egin zuen. Denbora luzez egon zen sailkapeneko gorenean, baina Van Aertek aise hobetu zuen haren denbora. Hegan egin zuen flandriarrak, eta Ganna baino 42 segundo azkarrago izan zen.

Van Aert helmugara iritsi eta berehala atera ziren oilarrak, bata bestearen atzetik. Zaila zirudien flandriarraren denbora hobetzeak, baina lehia estua izan zuen Vingegaard taldekidearekin. Lehenengo mugarrian maillot horia azkarragoa izan zen, baina aldapan behera lurrera joateko gertu ibili zenez, pixka bat mantsotu zuen azken kilometroetan.

Van Aert taldekideak irabazi zuen, azkenean, erlojupekoa, hemeretzi segundoren aldearekin. Hala ere, Pogacar bera baino zortzi segundo azkarrago aritu zen Vingegaard, eta maillot horiarekin iritsiko da Parisera. Haren buruarengan «konfiantza handiagoa» omen dauka orain Vingegaardek, eta argi mintzatu zen helmugan: «Ez naiz konformatuko. Gehiago nahi dut». Bestalde, Geraint Thomas (Ineos) izan zen laugarren erlojupekoan, eta podiuma ziurtatu zuen galestarrak.

Gaur emango zaio amaiera Parisko Eliseoko Zelaietan aurtengo Tourrari. Lasterketa bikaina eskaini dute txirrindulariek. Egunero saiatu diraerasoak jotzen, eta hainbat modutan, gainera: aldapan gora, aldapan behera edo harbideetan. Pogacar eta Vingegaarden arteko buruz burukoa aspaldian ikusi ez bezalakoa izan da, eta, Jumbo-Vismaren lana bikaina izan den arren, liderra bakarrik gelditu denean bere kabuz menderatu du Pogacar.

Jumbo-Vismaren lorpena

Atzokoarekin, sei garaipen lortu ditu Jumbo-Vismak aurtengo Frantziako Tourrean. Hiru garaipen lortu ditu Van Aertek, bi Vingegaardek, eta beste bat Cristophe Laportek. Sei etapa eta maillot horia lortu dituzten talde bakarrak La Vie clare eta Sky izan dira. 1986an eta 2012an hurrenez hurren. Hori da Jumbo-Vismak aurten izan duen nagusitasuna neurtzeko modu bat.

Hala ere, bi talde horiek sailkapen nagusiko bigarren postua ere lortu zuten maillot horia eta sei garaipenez gain. 1986an Greg Lemondek irabazi zuen lasterketa, eta Bernard Hinault taldekidea izan zen bigarren. 2012an, berriz, Bradley Wigginsek irabazi zuen, eta Chris Froome izan zen bigarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.