Reala 2-2 Betis

Merezi izatea ez da nahikoa izan

Realak puntu batekin konformatu behar izan du Betisen aurka. Nagusi izan da, baina gola sartu diote bi jokaldi soltetan, lehen zatiaren bukaeran eta bigarrenaren hasieran

Realeko Franssi eta Betiseko Leles, lehian, atzo Zubietan jokatutako norgehiagokan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 1-0:.Amaiurrek (36. min). 1-1. Sosak (43. min.). 1-2: Celesek (49. min.). 2-2. Andreiak (58. min.)

Futbolean, batzuetan, garaipena merezi izatea ez da nahikoa izaten hiru puntuak poltsikoratzeko. Hori gertatu zitzaion atzo Zubietan Realari. Natalia Arroyoren taldeak nahikoa meritu egin zituen Betisi irabazteko. Baina bina berdindu eta puntu batekin konformatu behar izan zuen. Gaurtik, osteguneko Bayern Munichen aurkako partida handian pentsatzen hasiko da talde txuri-urdina.

Txandakatzeak egin zituen Arroyok, eta, besteak beste, aulkian geratu ziren Nerea Eizagirre, Gemma Gili eta Iris Arnaiz. Realak agitzen hasi zuen partida. Bisitarien apustua argia zen: lerroak batuta eduki, eta kontraerasoak edo Realaren atzealdearen akatsak baliatzea.Txuri-urdinak nagusi izan ziren, baina Betis ere ondo atera zen erasora.33. minutuan lehen abisua eman ostean, 36.ean ez zuen barkatu Amaiur Sarriegik: 1-0. Denboraldiko lehen gola sartu zuen donostiarrak, Franssik ezkerretik egindako erdiraketa on bat baliatuz.

Horrek patxada eman behar zien txuri-urdinei. Bazirudien aurretik joango zirela atsedenaldira. Baina jokaldi islatu batean Betisek gola egin zuen, Angela Sosaren erremate bati esker.

Golaren kolpea nabaritu egin zuten Arroyoren jokalariek. Are gehiago, Betisek aurrea hartu zuen 49. minutuan.Korner itxi batean izan zen. Allegrak ez zuen baloia behar bezala aldendu, eta Lelesek sareetara bidali zuen baloia.

Realak maldan gora zuen neurketa. Arroyok Nerea Eizagirre, Le Guilly eta Gemma Gilli zelairatu zituen. Lerro artean gehiago jokatzen hasi zen orduan Reala. Baina Betis ondo jarrita zegoen berdegunean. Azkenean, ordea, iritsi zen Realaren berdinketa. Andreiak egin zuen.Erdilari portugaldarrak partida oso txukuna jokatu zuen.

Hortik aurrera gehiago estutu zuen Realak. Txuri-urdinen minuturik onenak izan ziren, nahiz eta Betis pare bat aldiz gerturatu zen Leteren atera. Baina etxekoena izan zen neurketako azken abagune argia. Nerea Eizagirrek zuloa aurkitu zuen, Franssiri pase sakon ederra eman zion. Baina hari gutxigatik joan zitzaion errematea kanpora.

Athletic eta Alaves, gaur

Beste bi euskal taldeen txanda izango da gaur.Athleticek bikain ekin zion aurreko asteburuan ligari, 3-0 hartu baitzuten mendean Sporting Huelva. Lan onari segida eman nahi diote, gaur, Levanteren zelaian. (19:00, DAZN). Etxeko taldeak jokalari garrantzitsuak galdu zituen udan, besteak beste, Sandie Toleti eta Eva Navarro. Baina Iraia Iturregi ez da fio. «Haien ordez goi mailako beste 8-9 fitxaketa egin ditu. Erasora jokatzen duen taldea da, eta partida erakargarria eta gogorra espero dugu». Neurketa aurrera ateratzeko bi gako aipatu ditu Iturregik: presioan asmatzea, eta baloiarekin ausartak izatea.

Alavesek, berriz, galdu egin zuen estreinakoan, Madrilen kontra: 1-2. Gaurko sasoiko lehen puntuak batu nahi ditu, bainaez du lantegi erraza. Ligako talderik indartsuenetako bati egingo dio bisita: Atletico Madrili (12:00, DAZN). Mikel Crespok madrildarren aurrelarien abiadura azpimarratu du. «Adi ibili beharko dugu baloi galerekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.